Podemosi buruz informazio faltsu batzuk kaleratu zituzten

Elkarrizketa batek agerian utzi du Iglesiasi buruz Poliziaren informazio bat zabaldu zutela faltsua zela jakin arren

2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
MADRIL. «Nik esan nion 'Eduardo, ni aurrera noa horrekin, baina oso delikatua da, baldarregia'». Antonio Ferreras La Sextako zuzendariaren eta Jose Manuel Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiaren arteko elkarrizketa bat da, 2017koa. Eduardo IndaOkdiario-ko zuzendariari eta hark publikatutako albiste batez ari dira. 2016ko maiatzean, Indaren hedabideak zabaldu zuen Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak 272.000 dolar ordaindu zizkiola Pablo Iglesias Podemoseko buruari 2014an, San Vicente eta Granadinetako paradisu fiskalean zuen kontu faltsu batean. Poliziak sortutako gezurra zela jakin arren, La Sextak eta beste hainbat hedabidek albistea zabaltzen jarraitu zuten. Ustez kontua zeraman Euro Pacific Bankek hurrengo egunean bertan gezurtatu zuen albistea.

«Baldarregia da, ez dakit [...]», esan zion Ferrerasek Villarejori, Indarekin izandako elkarrizketaz: agerian utzi zuen sinesgaitza iruditzen zitzaiola publikatu zuena. Iglesiasek atzo adierazi zuen Ferrerasek ez lukeela kazetari lanean segitu behar: «Lagun boteretsuak ditu, eta haren esku daude oraindik kazetari eta tertuliakide profesional asko, baita buruzagi politiko asko ere». Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak eta Gabriel Boric Txilekoak gaitzetsi egin dute Poliziaren eta informazioa zabaldu zuten hedabideen jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.