KATALUNIA
Indefinizioa
Katalunian En Comu Podemek irabazi zituen joan den abenduko Espainiako hauteskundeak. Ez du babesten independentisten prozesua, baina saiatzen da espainolisten aldeko frontetik bereizten, eta En Comu Podem lekua hartzen ari da, dagoeneko egin duen ibilbideak kezka sortzeraino Kataluniako prozesu subiranistaren aldeko alderdien artean; Kataluniako txoko guztietan aldarrikatu du erabakitzeko eskubidea, baina, era berean, Podemosek Espainiari begirako telebistako eztabaidan aitortu zuen erreferenduma ez dela marra gorri bat izango Espainiako Gobernua osatzeko balizko negoziazioetan. Horregatik, CDCk eta ERCk, erabakitasunak beharko lukeen proposamena non daukaten galdegin diote: lanketa eta zehaztasuna eskatu dizkiote. Hain zuzen, hor dauka Katalunian Podemosek arrakastaren gakoetako bat, Ester Capellaren ustez (Lleida, Herrialde Katalanak, 1963): «Nahita sustatutako indefinizioan».Erosotasunaren eremuan mugitzen direnen geltokia dela uste du, Espainiako Estatuarekiko deskonexio prozesua egiteko urratsa egin ez dutenena: «Itsasoan ezinean dabiltzanentzat egur puska bat»; izan ere, harenustez, Katalunian badago herritar talde bat estatuarekiko harreman afektibo bat duena oraindik ere. «Ikusten du funtzionatzen ez duen estatu bat badela, baina oraindik aukera bat eman nahi dio bertan geratzeko, erregenerazio demokratikoa egingo balitz, eta izaera eta funtzionamendua berrikusiko balitu. Aukera hori Podemosen jartzen dute».
Baina aldatu behar den hori zertara aldatuko den, horixe da koxka, Capellarentzat: «Ez du azaltzen zein izango den estatu eredua. Plurinazionalismoaz hitz egiterakoan, autonomien 2.0-z ari dira, indefinizioan, erakargarri egiten duen autonomia bat saltzen ari da».
Baina erreferendumaren promesa Espainiako Kongresuan eta Senatuan amaituko dela uste du, Capellaren ustez, En Comu Podemen ekiteko gaitasuna amaitzen den leku berean. «Inor ez dadila oker ibili. Erreferenduma Kataluniatik Madrilera bidean galduko da. En Comu Podemi esker irabazi zuen Podemosek Katalunian, baina inbestidura saioan eta batzordeetako eztabaidetan apenas izan duen ikusgarritasunik. Kataluniaren ahotsa galdu egiten da Espainiarenean».
Erreferendumari buruz hitz egiten duenean ere ez ditu zehaztu beharrekoak zehazten Capellaren ustez: «Erreferendum baten aukera saltzen du, baina guk galdetzen dugu: oso ongi, erreferenduma noiz? Eta katalunian? Irrazionala baita, beste nazio batzuetako herritarrek eta espainiarrek parte hartzea».
Podemosen efektuaren gainetik, Kataluniak prozesu subiranistarekin aurrera egiteko baldintzak dauzkatela uste du. «Ez dago atzera bueltarik. Pentsatzen dugu Katalunia nazio bat dela, eta ez duela lekurik Espainian, ez dagoelako gaitasunik ulertzeko zer garen. Ez dagoelako borondaterik horretarako, eta arrazoi ekonomiko eta praktiko batzuek eraman gaituzte horretara: Katalunia independentea izango balitz,gaitasuna izango luke herritar ororen beharrei erantzuteko. Estatua eraikitzen jarraituko dugu, pantailetatik kanpo». Uste baino mantsoago joango direla aitortu du, aurrekontuen aferaren ondorioz ohartu direla horretaz, baina «prozesua sendo dago eta erresistentzia gaitasuna dauka, Podemosen fenomenoari aurre egiteko gaitasuna». Ohartarazi du koalizioa morea PSOE ordezkatzera datorrela, Espainiako ezkerraren ikur bilakatzeko.
VALENTZIA
Batukeraten indarra
Valentziako nazionalisten ikuskera katalanen oso bestelakoa da, Bloc Nazionalista Valenciako militante eta Compromis koalizioko zerrendaburu Joan Baldoviren ustez (Sueca, Valentzia, 1958). Compromisen barruan eztabaida sutsuak izan zituzten Podemosekin elkarlanean aritzearen kontura, baina «beharrezkotzat jo» zuten Pablo Iglesiasen taldearekin aritzea Espainiako hauteskundeetan. «Olatu handi bat zetorrela ikusten ari ginen, eta beldur ginen gure indarra gutxituko zuen. Batu egiten ginen, edo jaten gintuzten». Hauteskundeok oso mediatikoak izaten ari dira, eta Podemosek leku handia du haietan: «Telebista bidezkoak batez ere, eta horrek alderdi txikiei eta tokian tokikoei kalte handia egiten die».Erabakia hartuta zegoen; Espainiako Kongresurako Podemosekin koalizioa osatuko zuten, baina berezko taldea izateari uko egin gabe: «Hauteskundeen protokoloak horrela jasotzen du. Helburua da taldea edukitzea kongresuan; baina lortzen ez badugu, talde mistora joango gara. Elkarrekin goaz, baina Madrilen ez gara elkarrekin egongo. Dena den, legeak eta ekinbideak babesten bat egingo dugu». Podemosekin eztabaida luzeak izan zituzten, baina, Baldoviren ustez, berezkoa dena gorde behar da: «Pertsonalizatzea garrantzitsua da. Generalitatean gobernatzen ari gara, udal askotan, Valentziakoan barne. Eta trantsiziotik ez genuen presentzia daukagu».
PP alderdia izan da jaun eta jabe Valentzian, eta hura botatzeko batzea ezinbestekotzat dute, bai Valentzian eta bai Espainiako Gobernuan ere. «Pentsa nola diren gauzak, Raimon abeslaria 20 urte egon da hemen jotzerik izan gabe». Iazko ekainetik Generalitatean PSPV, Compromis eta Podemosen arteko gobernu koalizioa dago.
Compromis indarra hartzen ari da, baina horrek ez du esan nahi Herrialde Katalanetako parte direlako sentimendua handitu denik: «Kontzientzia nazional katalana, zoritxarrez, daukaguna daukagu, oso apala, gutxi batzuen sentimendua. Epe laburrera ez dut ikusten prozesurik has daitekeenik. Gainera, Valentzian oso-oso espainolistak dira gehienak».
Baina Compromisek valentziar izaerari eutsi nahi dio, eta «koalizioaren independentzia gordetzen jarraituko» dutela ez dauka zalantzarik. Hauteskunde autonomikoetara begira ere joera goranzkoa ematen diete inkestek, eta Valentzian euren gobernatzeko era bilakatu da Podemosek Espainiarako nahi lukeena, ezkerraren arteko koalizioarena, sozialistak barnean.
Hauteskundeen osteko negoziazioetan egon zen Baldevi, eta haietan baieztatu ahal izan zuen Podemos dela erreferendumaren auziari irtenbidea eman diezaiokeen bakarra: «Aurreko negoziazioetan ere pisu handia izan zuen erabakitzeko eskubideak. Uste dut Podemos dela gaur egun aukera bakarra. Estaturik gabeko nazioen etorkizunean giltza izango da».
GALIZIA
BNGren gainbehera
Galizian, Xose Manuel Beiras BNGko buruzagi historiko ohiak BNGtik atera eta Anovaren izenean alderdi berria sortu zuen. Anovak Podemosekin eta IUrekin En Marea koalizioa osatu zuen aurreko hauteskundeetarako, eta BNGri eskua luzatu zioten koalizioan sar zedin, baina ezezkoa eman zuen, Galiziatik kanpoko formazioekin joatea ez zaielako zilegi. Anovaren eta Unidos Podemosen artean, berriz, ika-mikak hauteskunde egunera arte iraun du. En Mareak talde propioa nahi du Madrilen, ez ordea, Podemosen zuzendaritzak, eta distantziak markatu dituzte. Hauteskundeetara elkarrekin joango dira, baina ikusi beharko da igandetik aurrera zer gertatuko den haien artean,autonomikoei begira. Gorabeherak gorabehera, goranzko joera du koalizioak inkestetan, eta, aurreko bozetan gertatu bezala, kaltetuena BNG izango da.Galizian BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak gidatzen duen NOS-Hautagaitza Galiziarrak sekulako porrota jasan zuen abenduaren 20an, Espainiako Kongresuan zeuzkan bi diputatuak galdu baitzituen. En Marea, berriz, bigarren indar bilakatu zen PPren atzetik, sortu eta hilabetera, eta koalizioak irentsi zuen nazionalisten aldeko botoa. Gogoeta egiten aritu dira BNGn, Bieito Lobeirak azaldu duenez, herriz herri, taldez talde, Galiziak behar duenari erantzun bat eman nahian: «Mugimendu berri bat sartu da, egunero telebista bidez mezuak ematen dituena, eta horri nekez egin diezaiokegu itzal. Hala ere, ez daude kalean, kanpaina birtuala da eurena».
Joan den abenduaren 20ko emaitzak ikusita, galiziartasuna aldarrikatzeari indar handiagoaeman diote oraingoan. «Kanpaina emozionalagoa egiten ari gara, duintasunaz dihardugu, konplexurik gabe galiziar izateari buruz, indar politiko berezkoaren bidez erakutsiko dena, inoren menpekotasunik izan gabe».
Izan ere, En Marearen barruan proiektu nazionalista lausotzeko arriskua dagoela uste du, eta igandeko hauteskundeen gainetik, azaroan izango diren autonomikoei begira daude. «Hemengoei begira egin behar dugu lan, eta gu En Marearekin hitz egiteko prest gaude, aldaketarako gobernua osatzeko prest, baina hauteskundeen ondoren, eta ez lehenago elkarrekin joanda».
Haren ustez, «ez da kasualitatea Kataluniako aldarrikapen independentistak gora egitearekin batera sortzea Podemosen moduko talde bat, erabakitzeko eskubidea defendatuko duena, baina Espainiaren batasunaren alde egingo duena». Independentziaren aldeko joera geratzeko premiak eragin du, haren ustez, diskurtso berri hori, baina eutsi behar dela uste dute galiziarrek berezko ahotsa izaten jarrai dezaten.