ESPAINIA

Podemos ere Sumarren barruan aurkeztuko da hauteskundeetara

Ione Belarrak nabarmendu du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Diazek, eta «bidezko akordio bat» galdegin du. Koalizioak erregistratzeko epea bukatu baino ordu batzuk lehenago aurkeztu dute. Podemosek zortzi diputatu eskuratzeko aukera izango du.

Belarra eta Diaz elkarrekin, iazko ekainean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 9a
10:11
Entzun

Erabaki du Podemosek: Sumarrekin batera koalizioan aurkeztuko da datorren uztailaren 23an egitekoak diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara. Ione Belarra alderdiaren idazkari nagusiak eman du erabakiaren berri, gaur, agerraldi batean irakurritako adierazpen baten bidez, eta nabarmendu du akordioa posible egiteko Irene Montero alderdiko bigarrena «sakrifikatzeko» eskatu diotela Yolanda Diaz buru duen alderdiko kideek. Nabarmendu du Podemosek «batasunarekin» duen konpromisoa «sendoa» dela, baina «bidezko akordio bat» lortu nahi dutela Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroa ez baztertzeko.

Gaur gauerdian bukatzen da boz horietarako koalizioak erregistratzeko epea. Erabakia hartu aurretik, Podemosen zuzendaritzak militanteei galdetu die ea baimenik ematen ote zien Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordea buru duen alderdiarekin negoziatzeko eta horrekin akordio bat egiten saiatzeko. Bada, atzo eta gaur egindako kontsultan, militanteen %92k atea ireki diote aukera horri. 52.800 pertsonak parte hartu dute.

Belarra Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendako ministroa ere bada, eta esan du sentitzen duela «azken akordioa» ez dela bidezkoa izango Podemosentzat. Azpimarratu duenez, Diazen negoziazio taldeak ohartarazi die Montero Sumarren hauteskunde zerrendan egotea «gainditu ezinezko oztopo bat» izango litzatekeela «batasunarentzat», baina Belarrak ohartarazi du ez dutela betorik onartuko. Gaineratu du, nolanahi ere, batasunarengatik «beharrezkoa dena» egiteko prest dagoela Montero, «injustua izanagatik». Nolanahi ere, onartu du ohartzen dela «agindu bat» eman zietela «ezkerreko herritarrek»: «batasuneko hauteskunde akordio bat» egiteko Sumarrekin.

Tira-birak izan dituzte zerrendetako postuak banatzeko orduan, eta Belarrak kezka agertu du hasieran, Sumarrekoek egindako lehen proposamenak Podemos ordezkaritzarik gabe utzi zezakeelako Kongresuan. Akordioaren xehetasunak oraindik erabat argitu ez badira ere, Podemoseko kideak zerrendaburuak izango dira sei barrutitan: Araban, Gipuzkoan, Nafarroan, Cadizen, Murtzian eta Las Palmasen, eta Bartzelonan laugarren postuan eta Madrilen bosgarrengoan joango dira. Horrek zortzi diputatu ziurtatuko lizkioke Podemosi. Beste zazpi ordezkarik ere aukerak izan ditzakete, ElDiario.es-en arabera, eta beraz hamabost ordezkari ere eduki ahalko lituzke.

Espainiako hedabideek azken asteetan kaleratu dutenez, zerrendak osatzeko dute arazo gehien ezkerreko koalizio zabalean. Informazio batzuen arabera, Diazek planteatu du Podemosekoak ez joatea lehen postuetan Kongresurako aulki gehien lortu dezaketen barrutietan; hau da, Madrilgoan, Kataluniakoetan eta Valentziakoan, Alacantekoan eta Castellokoan. Kaleratu da, gainera, Sumarreko buruak betoa ezarri diela Podemoseko bi liderrei: Ione Belarra Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren ministroari, eta Irene Montero Berdintasun ministroari. Sumarrek, ordea, ukatu egiten du.

Akordioa izenpeatua zegoela iluntzean jakinarazi dute, erregistratzeko epea bukatu baino hiruzpalau ordu lehenago. Sumarren boto paperetan Diazen aurpegia agertuko dela —Podemosek ere hori bera egin zuen Pablo Iglesiasekin 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan— eta Sumarren logotipoa eramango dutela jakin da.

Alderdi hauekin egin du akordioa Sumarrek:

Ara Mes (Balearrak).
Batzarre (Nafarroa).
Chunta Aragonesista (Aragoi).
Compromisekin (Valentzia, Alacant eta Castello).
Drago Canarias (Kanaria).
En Comu Podem (Katalunia).
Esquerra Unida (Valentzia).
Iniciativa del Pueblo Andaluz (Andaluzia).
IU Izquierda Unida.
Mas Madrid (Madril).
Podemos.
Verdes-Equo.

PSOEren eskaera

Sumarrek eta Podemosek korrika eta presaka negoziatu dute. Zeren, ikusita bai PSOEk, bai UP Unidas Podemosek emaitza txarrak lortu zituztela udal hauteskundeetan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gorteak desegitea eta hauteskundeak uztailaren 23ra aurreratzea —urte bukaeran egitekoak ziren— erabaki zuen maiatzaren 29an. Iruditzen zitzaion legegintzaldia amaierara arte betez gero are gehiago indartuko liratekeela PP eta Vox.

Informazio horiek diotenez, Diazek erabaki hori hartu du argudiatuta Podemosek emaitza txarrak lortu zituela maiatzaren 28ko hauteskundeetan. Aintzat hartu behar da, bestalde, tokian tokiko Podemosen ordezkari askok plazaratu dutela Sumar alderdiaren pean joatea litzatekeela egokiena, eta kontrakoa akats estrategiko bat litzatekeela.

Bestalde, PSOEk bi aldeei eskatu die akordio bat egiteko «lehenbailehen». Hori esan du Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta datozen hauteskunde zerrendetan PSOEren bigarrena izango denak. Onda Cero irratian egin dioten elkarrizketan, nabarmendu du «oso inportantea» dela Sumarrek eta Podemosek elkarren artekoak konpontzea. Iruditzen zaio, bide batez, azken asteetako «zaratak» ez diola mesederik egiten ezkerrari, eta eskuinak «bazka» hori baliatu dezakeela hauteskunde kanpainan.

PSOEk ez du argi esan Podemosek Sumarren integratu beharko lukeenik, baina «arduraz» jokatzera deitu du. Iruditzen zaio ezkerraren botoa zatikatuz gero horrek mesede egingo diela eskuinari eta eskuin muturrari. Inkesta batzuek iragarri dute, izan ere, Podemos eta Sumar aparte aurkeztuko balira PPk eta Voxek aukera gehiago luketela hauteskundeak irabazi eta gobernatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.