Pobrezia gero eta larriagoa Mileiren Argentinan

Txosten baten arabera, herritarren %55,5 ziren pobreak aurtengo lehen hiruhilekoa bukatzean. Bizilagunei esker funtzionatzen duten jantoki komunitarioetara jotzen dutenen kopurua handitu egin da.

Hainbat pertsona, Mar de Platako La Sede del Puenteko jantoki komunitarioan ilara egiten. CECILIA VALDEZ
Hainbat pertsona, Mar de Platako La Sede del Puenteko jantoki komunitarioan ilara egiten. CECILIA VALDEZ
Cecilia Valdez
La Plata, Argentina
2024ko uztailaren 25a
05:00
Entzun

«Ni beti aritu naiz jantokian laguntzen, baina gaur janari bila etorri naiz lehen aldiz, gero eta lan gutxiago baitago». Silviak 59 urte ditu, eta erizaina da. La Platan (Argentina) bizi da, Altos de San Lorenzo auzoan, eta bera ere ilaran dago, platerkada bat eskuratzeko zain. Nonahi ikus daiteke irudi hori Argentinako auzo pobreetako hainbat jantokitan. Argentinako Unibertsitate Katolikoko (UCA) Zor Sozialaren Behatokiak txosten bat atera berri du: haren arabera, herritarren %55,5 ziren pobreak aurtengo lehen hiruhilekoa bukatzean, hau da, 25 milioi lagun inguru, eta %18k ezin zituzten oinarrizko beharrak bete. Horrekin lotuta, San Andres Unibertsitateak asteon kaleratutako inkesta baten arabera, argentinarrek uste dute herrialdearen arazo nagusia pobrezia dela.

Javier Milei gobernura iritsi zenean, joan den abenduan, ekonomiako aldagai ia guztiek egin zuten okerrera, moldaketa izugarria egin baitzuen, herritar zaurgarrienen kalterako batik bat. Mileik kanpainan hitzemana zuen moldaketa hori kastak ordainduko zuela, edo sektorerik pribilegiatuenek, baina behartsuenekin anker jokatu besterik ez du egin azkenean: tartean daude jubilatuak eta beste milioika pertsona, zeinak egoera zaurgarrian baitaude duela zenbait hamarkadatik. Haietako asko estatuaren plan sozialei esker bizi ziren, baina gobernu berriak hartutako lehenengo neurrietako bat zera izan zen, herri jantokiak finantzatzeari eta hornitzeari uztea; ondorioz, haietako asko itxi egin behar izan dituzte, eta beste hainbatek nekez irauten dute.

Gobernu berriak, bere politiken bitartez, erakunde sozialen eta jantokien arteko zubi lana egiten duten bitartekariak desagerrarazi nahi ditu, eta, horretarako, errotik eten du auzoetako babesgune horien finantzaketa, baita auditoria sorta bat abiatu ere, ustez ustelkeria amarruak argitzeko asmoz. Bitartean, argitara atera da ezen Sandra Pettovellok, Giza Kapitalaren superministerioko buruak, sei milioi kilo elikagai zituela gordeak estatuaren biltokietan, haietako asko iraungitzeko zorian. Horrek eskandalua sortu zuen, ia ministroa kargurik gabe uzteraino. Justiziak agindu zuen janaria berehala banatzeko, baina oraindik ez dute zehaztu noiz eta nola banatuko duten. Etsipena hainbestekoa da, Eliza bera ere oposizioan geratu baita. Orain dela zenbait egun, Argentinako Apezpiku Batzarreko lehendakariak nabarmendu zuen zenbateko lana egiten duten emakumeek txaboletako jantoki komunitarioetako sukaldean. Gainera, ohartarazi zuen ez dela laguntza nahikorik ematen elikadurari dagokionez, eta Milei presidenteari eskatu zion plan nazional bat egin zezala bermatzeko argentinar guztiengana iristen direla elikagaiak.

(ID_14044501) ARGENTINA. POBREZIA.
Emakume batzuk janaria prestatzen, La Sede del Puenteko jantoki komunitarion. CECILIA VALDEZ

«Egoera asko okertu da Milei iritsi zenetik», esan du Celestek. 42 urte ditu, eta Altos de San Lorenzoko La Sede del Puente jantokiko koordinatzailea da, La Platako aldirietan. «Plan sozialik gabe geratu den jende asko etortzen da orain: lehen, 250 edo 300 laguni ematen genien jaten; orain, 500i». La Platako herri jantokiaren egoera ez da herrialdeko gainerakoena bezalakoa; izan ere, hiri hori Buenos Airesko probintzian dago, kirchneristen gotorlekuan, eta han oraindik ere indarrean daude sektore zaurgarrienei laguntzeko politika publikoak. Nolanahi ere, gobernu nazionalak probintzietan aplikatutako murrizketek eragin handia izan dute han ere, eta arlo guztiei egin die kalte.

Jantoki komunitarioak

Jantokiak bizilagunei esker funtzionatzen du, haiek aritzen baitira sukaldean, eta banaketa lanak ere denon artean egiten dituzte, astean bitan. «Inguruko jantoki bakarra da, eta horregatik betetzen da hainbeste», kontatu du Celestek. «Auzoko jendea aldi baterako lanak eginez bizi da; euria ari badu, egun horretan ezin da lanera joan, eta, beraz, egun horretan ez du dirurik irabazten. Badakigu adineko batzuek ere ez dutela diru sarrerarik, eta, hortaz, etxera eramaten diegu janaria». Ofizialki erregistratuta dagoenez, probintziako gobernuak 2.000 kilo janari ematen dizkio jantoki horri bi hilean behin, baina ez da nahikoa. «Duela hilabete, festa bat egin genuen dirua biltzeko, eta horri esker produktu freskoak, barazkiak, gasa eta abar erosi genituen. Gainera, kontu korronte bat daukagu, jendea harpidetu dadin eta ekarpena egin dezan, baina hori hasi berria daukagu».

La Sede del Puente jantokia ez bezala, Paulak (40 urte) koordinatzen duena ez dago ofizialki erregistratua, eta bost txabolaren erdian dago, La Platako aldiriko beste eremu batean. «Nik nahiago dut horrela. Ez naiz ondo moldatzen kontu burokratikoekin, eta hala errazagoa zait donazioak eskatzea», erantzun du Paulak, izena emanda zergatik ez dagoen galdetuta. «Bederatzi urte dira jantoki hau daukadala. Bederatzi litroko eltze batekin hasi nintzen, [presidente ohi Mauricio] Macriren gobernuan, baina egoerak okerrera egin du etengabe, eta, Milei gobernuan dagoenetik, lehen halako bi pertsona etortzen dira», kontatu du.

Bai Paulak eta bai Celestek etxean bertan prestatu eta banatzen dute jatekoa. «Nik koordinatzen dut sukaldarien lana, eta badira aste batzuk esan behar diedala gehiago egiteko, gero eta jende gehiagok idazten baitit galdetzeko ea etor daitezkeen», ziurtatu du Celestek. «18:30ean hasten gara jana banatzen, baina 17:00etarako ilarak izaten dira jada. Gazteek eguerdian eskolan jaten dute normalean».

Txostena

Ekainean, La Platako Unibertsitate Nazionaleko (UNLP) Kontseilu Sozialak bere txostena aurkeztu zuen, 2024ari dagokiona: Nola dauden La Platako eskualdeko jantoki, askaldegi eta otordu popularrak. Txostenean bildua dago nola azken urteetan auzoetan nabarmen ugaritu diren janaria banatzeko tokiak.

Lujan Gonzalez (64 urte) duela 30 urte joan zen auzora bizitzera, eta ordutik ezagutzen ditu La Sede del Puente jantokiko langileak ere. «Hasieran, joskintza tailer bat egiteko etortzen nintzen hona, eta gero, pandemian, jantokira etortzen hasi nintzen», kontatu du. Lujan ere goiz iristen da ilarara, baina, lehenengo, sukaldariak agurtzera joaten da. Bere egoeraren berri eman du: «Lau seme-alaba ditut, eta jatekoa etxera eramaten dut, niretzat eta lanik ez duten seme-alabentzat; izan ere, batzuk igeltsero lanetan aritzen dira, eta diru pixka bat izaten dute egun batzuetan», zehaztu du. «Hemendik eramandakoa haietako baten hozkailuan uzten dugu —denek ez baitute hozkailurik—, eta egunean banatu. Asteburuan, denak elkartu, eta zenbait gauza erosten ditugu guztion artean, gero horrekin zerbait prestatzeko. Ni alarguna naiz, eta beti jo izan dut jantokietara; hala hezi ditut lau seme-alabak. Plan sozialak ere kobratu ditut ahal izan dudanetan».

«Lau seme-alaba ditut, eta jatekoa etxera eramaten dut, niretzat eta lanik ez duten seme-alabentzat»

LUJAN GONZALEZJantokiaren erabiltzailea

Txostenean bilduak dauden lehen datuetako bat zera da, 2022ko txostenean erregistratuta zeuden jantokien %62k soilik erantzun ahal izan diotela galdeketari, gainerako %38ak jada ez baitaude martxan; izan ere, materiala edo langileak falta zitzaizkien, jendea kanpoan utzi baitute zenbait plan sozialetan, hala nola Lana Bultzatu eta Nexos programetan. Gainera, txostenak dio jantoki gehien-gehienak La Plata Handiko auzo pobreetan daudela eta ez dutela modurik oinarrizko bi zerbitzu edo gehiago eskura izateko modu erregularrean.

«Oso larri gabiltza jantokietako jana jasotzeko orduan. Guk ez dugu jatekoa bakarrik ematen: indarkeria matxista jasaten duenei laguntzen diegu, kontsumo arazoak dituztenei babesa eman eta abar. Beraz, jantokirik eta askaldegirik egon ezean, areagotu egingo dira delinkuentzia, narkotrafikoa, indarkeria matxista —ez baitago lanik—, haurren kontrako indarkeria, eta beste», esan du Langile Baztertuen Mugimenduko kide batek, Lorenak, txostenaren aurkezpenean.

Daturik kezkagarriena hau da: askaldegi, jantoki eta otordu popular gehienentzat —%70 baino gehiagorentzat— ez dagoela nahikoa haragi, barazki gordin, fruta, esne eta elikagai lehor —besteak beste, irina, azukrea eta arroza—. Lekaleei, arto semolari eta mate belarrari dagokienez, ez dago horrenbesteko eskasiarik.

«Elikagai horiek falta izanez gero, osasuna arrisku larrian dago, baita herritarren garapena ere, batez ere umeena eta haurdunena. Era berean, nabarmena da jantokietan prestatutako jakiek zuntz gutxi dutela», ohartarazi du UNLPko Kontseilu Sozialak. Eta hau gehitu du: «Probintzietan eta udaletan jantokiei begira egindako politikak ez dira nahikoa Estatu Nazionalak utzitako hutsunea konpentsatzeko; izan ere, hura ere politika horien parte zen, baina 2023ko abenduan utzi egin zion parte hartzeari, egiturazko aldaketak egiteko politikak abiatu baitzituen, eta, ondorioz, aurrekontuak moldatu».

(ID_14044498) ARGENTINA. POBREZIA.
La Sede del Puenteko jantoki komunitarioa, barrutik. CECILIA VALDEZ

Kontua antzera dago Argentina osoan. Unicefek umeak eta nerabeak bizi diren etxeetan egindako zortzigarren galdeketa zabaldu zuen duela zenbait aste: haren arabera, Argentinan hamar milioi ume eta nerabe inguruk haragi, barazki, fruta eta esneki gutxiago jaten dute orain 2023an baino; milioi batek baino gehiagok egunean otordu bat gutxiago egiten dute; eta haurrak bizi diren etxeen ia erdiek ezin dituzte bere gain hartu oinarrizko gastuak.

Mileiren aldeko botoa

Lujanek eta Silviak ez dute diru sarrera nahikorik bermatzeko eurek eta euren familiek egunean otordu bat egingo dutela, baina, hala ere, bietako batek ere ez dio oraingo gobernuari egozten erantzukizuna; Celeste eta Paula jantokien koordinatzaileek, ordea, bai. Lujanek eta Silviak ez dute uste okerrago daudenik gobernu berria agintean jarri zenetik, nahiz eta Silviak aitortu duen lanik gabe geratu dela eta lehen aldiz jo behar izan duela halako jantoki batera. «Egoera aspalditik ari da okertzen; ez du zerikusirik gobernu aldaketarekin, baina azkenaldian ez daukat nahikoa diru. Lehengo bizimodua, lan erregistratua, aseguru medikoak eta halakoak genituenekoa, aspaldi desagertu zen, duela 30 urte baino gehiago, eta orduan hasi ziren kooperatiben kontu hori guztia eta larrialdi planak. Nik 30 urte daramatzat auzoan, eta, beraz, familia batzuetan ezagutu ditut lehenik aitona-amonak, gero seme-alabak eta azkenik bilobak. Eta denak daude lehen bezain gaizki».

«Egoera aspalditik ari da okertzen; ez du zerikusirik gobernu aldaketarekin, baina azkenaldian ez daukat nahikoa diru»

SILVIAJantokiaren erabiltzailea

Gaur egungo Argentinako eztabaida eta debateetan, argudio jakin bat erabiltzen dute nagusiki Mileiren garaipena azaltzeko: hain zuzen, auzo pobreetan urte asko daramatzatela egoera ezin okerragoan, eta goseaz eta miseriaz nazkatuta beste zerbaiten bila ari zirenentzat hura zela aldaketarako aukera bakarra, outsider hori, hark bakarrik planteatzen baitzuen egoera errotik aldatzea. «Nik ez dut auzoko inor ezagutzen Mileiri eman dionik botoa», dio Paulak. Celestek, berriz, aitortu du zenbait ezagunek haren alde bozkatu zutela: «Batzuk ondo damututa daude, eta beste batzuek, ezin okerrago dauden arren, oraindik esaten dute denbora eman behar zaiola. Nire ustez, haietako askok ez dute ulertzen nola funtzionatzen duten gauzek: nik askotan hitz egiten dut eskola publikoan dauden gazteekin; Progresar plana jasotzen dute, eta gurasoek ere beste plan batzuk kobratzen dituzte, baina esaten didate ez zekitela agian hori bukatu egingo dela gobernu berria agintean egonda. Ematen du burua berotu dietela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.