Mundua

PO alderdi liberalak irabazi ditu Poloniako Legebiltzarrerako hauteskundeak

Donald Tusk-en alderdiak bozen %41,4 lortu du. Lech Kaczynski presidentearen eta anaia biki Jaroslaw Kaczynskiren PiS Zuzenbidea eta Justizia alderdi ultrakontserbadoreak agintea galduko du, %32,1 lortuta. Botoen %99 zenbatuak dituzte.

2007ko urriaren 22a
15:53
Entzun
Poloniako Legebiltzarrerako bozak egin zituzten atzo eta, espero zen bezala, PO Plataforma Zibikoa eskuin liberaleko koalizioa nagusitu da. Gaur ari dira lehen datu ofizialak ematen, eta bozen %99 zenbatuta, %41,4 lortu du; Legebiltzarreko 460 eserlekuetatik 209. Donald Tusk da POren burua.

Atzora arte Lech Kaczynski presidentearen eta anaia biki Jaroslaw Kaczynskiren PiS Zuzenbidea eta Justizia alderdi ultrakontserbadorea zegoen agintean, eta hauteskundeetan botoen %32,1 bildu ditu; 166 diputatu.

POk eta PiSek aliantza egin zuten 2005eko bozen ostean, baina geroztik desadostasun handiak izan dituzte. PO aliantza PiS baino europazaleagoa agertzen da. Hala, Tusken inguruan bildutakoek Polonia euroaren eremuan sar dadin gurako dute. Kaczynski anaien PiS koalizioak, aldiz, Europako Batasunak azken urteetan hartutako hainbat norabideren aurkako jarrerak hartu ditu, eta jokaera hori aski nabarmen agertu da berriro Lisboan (Portugal) egin berri duten Europako Batasunaren estatu eta gobernuburuen goi bileran.

LiD Ezkerra eta Demokrazia indar ezkertiarrak %13,2 lortu du; 52 eserleku. Alekzander Kwasniewski Poloniako presidente ohia da bertako buruzagia. Tusk LiDekin bat egitearen alde azaldu izan da kanpainan Gobernua osatzeko.

PSL Baserritarren Alderdi moderatuak %8,9 erdietsi du; 31 eserleku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.