Errusiako Eguzkia da Krimea. Asko hara joaten dira errusiar asko, 24 ordu trenean sartuta igaro ondoren, udako oporrak pasatzera. Itsasoa, mendi eta zelaiak, uda luzea... Eta historia. Historia intentsiboa, beti Errusiari lotuta. 1954an Nikita Khrustxevek Krimea Ukraniako Errepublika Sobietar Sozialistari oparitu zionean, herritarrek ezin zuten sinetsi ere egin. Gaur, 60 urte geroago, Errusian eta Krimean harridura berriz ere nagusi da: garai hartan, harridura tristea; gaur, zorioneko harridura.
Egun hotz batean, giro beroa Moskun. Krimea Errusiari batzeko akordioa sinatu zuten egun berean, 100.000 lagun baino gehiago elkartu ziren herenegun iluntzean Plaza Gorrian. Batzuentzat ospakizun giroko mitin-kontzertura iristea ez da hain erraza izan: izan ere, metroa gainezka, Teatralnaya geltokiko barne bideak blokeatuta eta Plaza Gorrirako sarrera polizia ilaraz beteta aurkitu dute.
Irteera Plaza Gorrira. Hala dio metroko karteltxo batek. Hori ere itxita. Mutil gazte bat presaka jende oldea aurreratzeko ahaleginean ari da. «Barkatu, nola irits gaitezke Plaza Gorrira?». Eskuinera begiratu eta gero, hanka puntetan jarri da mutila, buru horien guztien gainetik sarrera baten bila: «Denak blokeatuta daudela dirudi. Ni ere bila nabil. Putinen mitinak ez zaizkit batere axola, baina gaur banoa, Krimea berriz gurea izatea izugarria delako. Baina, egia esan... nik uste dut aurten eduki ditugun berri on horiek guztiek, Sotxi, Krimea... Errusian dauzkagun beste arazo batzuk disimulatzeko erabiltzen direla. Ba, baina pozik nago. Udan Krimeara joatean ez dut dirua aldatu beharko».
Atzera, aurrera, eskuinera eta ezkerrera begiratu du berriz. «Begira, hor talde bat dator banderekin; seguru hara doazela. Jarraitu iezaiezu». Eta izena galdetzeko aukera izan aurretik joan da.
Krimea, Sebastopol, Errusia
Segurtasun kontrolak eta beste oztopoak saihestu, eta moskutarrak Plaza Gorrira iritsi dira azkenean, arratsaldeko zortziak arte mitin-kontzertua entzuteko: animatuenak zuzenean plazaren barne-barnean Errusiako banderen artean nahastuta; lasaienak pixka bat urrutiagotik, egun honetarako jarri dituzten zazpi pantaila erraldoien aurrean.
«Gaurkoa festa eguna da; egun zoriontsua, argitsua. (…) Krimea eta Sebastopol, bide luze eta mingarri bat gurutzatu ondoren, azkenean, gaur etxera itzuli dira, Errusiara!», hasi du hitzaldia Vladimir Putinek.
Errusiar Federazioko presidenteak hitzarmen historikoa sinatu berria du Sergei Aksenov Krimeako lehen ministroarekin, Vladimir Konstantinov Krimeako Parlamentuko buruarekin eta Aleksei Txali Sebastopolgo Komisio Batzordeko buruarekin: Krimea eta Sebastopol Errusiako barruti federal gisa onartu dituzte.
Hiriburuan, egun hotz honetan, herritarrak bandera eta puxika gorri-zuri-urdinak astintzen dituzten bitartean, behin eta berriz errepikatzen dute: «Krimea, Sebastopol eta Errusia». Askok Gu Krimearekin!, Krimea Errusia da! edo Ongietorri, Krimea! idatzi dute eskuko karteletan.
Zenbakiek argi erakusten dute errusiarrak Krimeari ongietorria emateko prest direla: Mikhail Malixev, Krimeako erreferendumaren komisioburuak adierazi duenez, errusiarren %95 Krimea Errusian onartzearen alde daude. Eta Errusia Krimeako independentzia prozesuan guztiz inplikatu behar dela uste dute %82k, nahiz eta horrek arazoak sortu Europarekin eta AEBekin.
Mendebaldetik datozen kritikak harriduraz hartzen dituzte Plaza Gorrian elkartu diren hiritarrek. Alla Moraresku Milanetik itzuli da bere sorterrira, jazoera koloretsuan parte hartzeko. «Ez dut ulertzen Europako eta Estatu Batuetako politikarien jarrera. Argitaratu dituzten zerrenda beltz horiek eta komentario gogorrenak bakarrik bi modutan azaldu ditzaket nik: kasurik onenean ezjakintasunaren ondorio dira, eta, kasurik okerrenean, errusofobia apur batengatik. Krimeak berak Errusiari laguntza eskatu zionean, Mendebaldean inbasio batez mintzatzen hasi ziren. Txinak eta Indiak egin duten moduan, espero dut Europa ere hasiko dela egoera ulertzen».
Nazioartearen kritikek ez dituzte, hala ere, errusiarrak gehiegi arduratzen. Elena Siliavina eta Julia Sviridova Putinen mitinaren ondoren hasitako kontzertuekin gozatzen ari dira Plaza Gorrian. «Guk urte asko igaro genituen Sebastopolen, San Petergurgora joan ginen arte. Egia esan, inoiz ez genuen imajinatu ere hau guztia posible izango zenik. Asko poztu gara azkenean arazo hau konpondu delako», dio Elenak, eta haren lagun Juliak ere hitza hartu du: «Poztu egin gara, Krimea eta Sebastopol Ukraina izatea arazo bat zelako, oker bat».
Sentimendu gozo-garratzak
Vladimir Nikolaievitxek 70 bat urte izango ditu, eta bihotz itxurako pegatina gorri bat darama bularrean, Sebastopol, nire bihotzean idatziarekin. Pozik dagoela dio, eta nabari zaio, baina tristezia apur bat ere badu, honek guztiak oroitzapen garratzak ekartzen baitizkio gogora. «Krimearen historia hau, milaka familiaren historia da. Ni, esaterako, Ukraina sobietarrean jaio nintzen, Errusiara lanera etorri, herrialde beraren barnean hiri batetik bestera joan banintz bezala, eta 1991n, bat-batean, Ukraina atzerria zen niretzat. Lagunak, familia… sakabanaturik geratu ziren: batzuk Ukrainan, besteak Errusian».
Kezka Ukraina ekialdeak eragiten dio Nikolaievitxi: «Pena da Ukraina hain gaizki egotea, benetan, Errusia eta Ukraina anai-arrebak izan baitira betidanik. Pozik nago, Krimea eta Sebastopol iskanbila horretatik ondo atera direlako, baina beste hiriengatik triste nago: Kharkiv, Lugansk… Horietan, denek errusiera dute ama hizkuntza, eta orain Ukrainako botere berriaren intolerantzia nozituko dute…».
Kontzertua amaitu eta Polizia Plaza Gorria itxiko dutela esaten hastearekin bat, joateko ordua da. Valentina Ivanovna eta harenlagun Glabdiya Vacelevna dira plazatik ateratzen azkenetarikoak. «Pozik gaude Krimean egoera odolik isuri gabe konpondu delako. Hori da garrantzitsuena. Ukrainan antolatu duten iraultza hori guztia ez da herriak nahi duena; horren guztiaren atzean interes pribatuak daude, eta beti herriak sufritzen du. Etor daitezela hona Krimeatik nahi duten guztiak, guk ongietorria emango diegu».
Iluntzean, Plaza Gorria isilik geratu da berriro; agian, iragana gogoratzen ari da, eta, kapitulu berri bat hasi aurretik, atsedena hartu beharko du.
Ukraina. Krisi politikoa
Plaza Gorriko oihua: «Krimea Errusia da»
Krimea eta Sebastopol Errusiari lotzeko akordioa festa giroan ospatu zuten Moskun. Iritzi orokorra: duela 60 urte Khrustxevek egindako okerra Putinek eta krimearrek beraiek zuzendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu