Txikitatik ezagutzen dute elkar Lucy Carballok eta Sofia Donzonek. Lehen hezkuntzako irakaslea da bata; eta komunitate indigenetan garapen proiektuak bultzatzen dituen Unbound elkarteko langilea bestea. Migrazioaren gorakadaren harira, Los Chilesko (Costa Rica) bizilagun horiek Mano Amiga egitasmoa sortu zuten duela lau urte. Afaria prestatzen dute kalean dauden migratzaileentzat: Sofiak astean bitan edo hirutan egiten du; eta Lucyk eta bere senar Bairon Lopezek astelehenetik ostiralera. «Irabaziak baino gehiago, guk zorrak izaten ditugu. Baina [migratzaile hori] ni izan ninteke inoiz, edo nire seme-alabak, edo nire bizilagunak», esan du Lucyk.
ARTIKULU ERLAZIONATUAK
Hitz egiten ari den bitartean, hurrengo eguneko janaria prestatzen ari da Sofia; ohi moduan, goizeko hamaikak aldera hasi da arroza egosten eta indabak beratzen. «Eskura daukadanaren arabera pentsatzen dut zer egin: arroza, indabak, pasta, oilaskoa, arepak…», azaldu du. Lucy eta Bairon ere goiz hasten dira sukalde lanetan, 12:00 aldera, eta 19:00etarako prest izaten dute dena. Kaleetan bakarrik ez, euren poltsikoetan ere nozitu dute migrazioaren gorakada: «Hasieran bi poltsa arroz prestatzen nituen, gero bost, eta orain zazpi inguru».
Autobus geltokian jartzen dute mahaia. Horra iristen dira migranteak hegoaldetik iparraldera eramaten dituzten autobusak, eta geltokiko aterpean hartzen dute babes non lo egin ez dutenek. Gutxi gorabehera, berrehun pertsona joaten dira Sofiak, Lucyk eta Baironek jartzen duten kale jantokira. «Migratzaileek kostata sinesten dute trukean ezer eskatu gabe lagunduko diegula; iruzur egingo diegula uste dute, batez ere emakumeek», azaldu du Baironek.
Jana emateaz gain, izan ditzaketen galderei erantzuten saiatzen dira Mano Amiga egitasmoko kideak; kasurako, non lo egin. Hatz erakuslea zorura begira jarri du Sofiak: «Egongela hau mundu osoko hamar, hamabost eta kasik hogei pertsonaren logela bihurtu da birritan». Gisa horretako tokien garrantzia nabarmendu du Lucyk: «Pertsona bakoitzak istorio bat du, eta guregana etortzen diren migranteek batzuetan istorio hori entzutea baino ez dute behar».
Amua irentsita
Herri txikia da Los Chiles; 10.000 biztanle inguru ditu, eta ia denek ezagutzen dute elkar. «Badakigu haiek nortzuk diren, eta haiek badakite gu nortzuk garen», aitortu du Lucyk; iparraldeko mugan migratzaileekin trafikatzen duen sare kriminal baten parte diren gazteei buruz ari da. «Auto zaharretan sartzen dituzte migranteak, eta bide arriskutsuetatik eramaten dituzte Nikaraguaraino; eta, migrazioak gora egin ahala, etxeak eta logelak alokatzen hasi dira. Dozenaka lagun sartzen dituzte gela ñimiñoetan».
Gazte horiek errezeloz begiratzen diete Mano Amigako kideei, eta behin edo behin saiatu izan dira haien lanari boikot egiten. «Batzuetan, [afarirako] ilaran dauden migratzaileei esaten diete janariari hautsak botatzen dizkiogula», azaldu du Lucyk. Poliziak horren guztiaren berri duen galdetuta, buruarekin baietz egin dute hirurek; herrian zabaldutako zurrumurruen arabera, haiek ere negozioaren parte dira.