Plastikozko pinporten kutsadura murrizteko araudi bat adostu dute Europar Kontseiluak eta parlamentuak

Plastiko pinportak erabiltzen dituzten instalazioek arrisku plan bat egin beharko dute, eta pinportak isurtzen dituzten garraio enpresek eremu kutsatua garbitzeko betebeharra izango dute.

Boluntario bat pinportaz betetako poto bat erakusten, Galiziako hondartza bat garbitzen aritu ostean, 2024ko urtarrilean. CABALAR / EFE
Boluntario bat pinportaz betetako poto bat erakusten, Galiziako hondartza bat garbitzen aritu ostean, 2024ko urtarrilean. CABALAR / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko apirilaren 9a
10:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Plastikoen kutsadura murrizte aldera, plastikozko pinporten isuriak gutxitzeko araudi bat adostu dute Europar Kontseiluak eta europarlamentuak. Neurriak pinporten hornikuntza kate osoari eragingo dio, lehorrean eta itsasoan.

Akordioa «urrats historikoa» dela adierazi du Paulina Hennig-Kloska Poloniako Klima eta Ingurumen ministroak —Poloniari dagokio orain EB Europako Batasunaren Kontseiluko presidentetza—. Ministroak azaldu duenez, EBn ingurumenera isurtzen den plastiko pinporten kopurua 7.300 kamioik har dezaketena adinakoa da. «Mikroplastikoak, plastikozko pinportak barne, edonon daude orain: gure ozeanoetan, itsasoetan eta baita jaten ditugun elikagaietan ere».

Mikroplastikoen kutsadurari aurre egiteko ezinbestekoa da pinporten isurketak murriztea. Izan ere, pinportak dira kutsadura mota horren iturri nagusietako bat, pinturen eta pneumatikoen atzetik.

Akordioa atzo gauean itxi zuten EBko bi erakundeek, eta adostasun hori formalki onartu beharko dute orain. Onartu eta gero, EBk aldizkari ofizialean argitaratuko du araudia, eta handik bi urtera sartuko da indarrean. Erakundeek ontzat jo dute enpresei ohi baino urtebete gehiago ematea neurri berrietara egokitzeko.

Prebentzioa erdigunean

Araudiaren ardatza isurketen prebentzioa izango da, eta baldintzak ezarriko dizkie garraio enpresei, EBkoak izan ala ez. Garraio enpresek ordezkari baimendu bat izendatu beharko dute batasunaren barruan, plastiko pinporten garraioan jarduten duten konpainia guztien erantzukizuna eta gardentasuna bermatzeko.

Kontseiluak ohar bidez azaldu duenez, araudiak «esparru argi bat» finkatzen du pinporta isuririk balitz enpresek izango lituzketen betebeharrak zehazteko. Kutsatutako eremua garbitzeko ardura izango da horietako bat. Horrez gain, plastiko bolatxoak erabiltzen dituzten instalazioek arrisku plan bat ondu beharko dute, zeinak, besteak beste, kontuan hartu beharko dituen pinporten enbalajea, zamaketa eta deskarga.

Araudi berriak itsas garraioari ere eragingo dio, plastiko pinporta guztien parte handi bat garraiatzen baita itsasotik —%38 2022an— eta isuriek luzerako kaltea eragiten baitute itsas ekosistemetan. Plastikozko pinportak ez dira biodegradagarriak, eta hamarkadak behar izaten dituzte desegiteko.

Azken isurketa sonatua Galiziako kostaldearen parean gertatu zen, 2023ko abenduan. 25.000 kilo inguru plastiko pinporta erori ziren Toconao ontzitik itsasora. Dena den, horrelakoak ez dira kasu bakanak. Euskal Herriko kostaldean ere ez da arraroa halako pinportak aurkitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.