Plastikoen industria

Plastikoak murrizteko itunaren ordua

Hego Korean, munduko 175 herrialde negoziazioetan ari dira plastikoaren kutsaduraren aurkako akordio lotesle bat lortzeko. Herrialde batzuek ohartarazi dute hamar urte barru egoera «konponezina» izan daitekeela.

Plastiko industriaren aurkako protesta bat Busanen (Hego Korea), bileraren garaian. YONHAP / EFE
Plastiko industriaren aurkako protesta bat Busanen (Hego Korea), bileraren garaian. YONHAP / EFE
inaut matauko rada
2024ko abenduaren 1a
05:05
Entzun

Plastikoak larritasun handia sortzen duten hondakinak dira. Teknologien eta bizi estiloen bilakaerarekin, ezinbesteko elementu bihurtu dira, elikadura industrian bereziki, eta horrek hogei urtean ekoizpena bikoiztea eragin du. Plastiko gehienak behin bakarrik erabiltzekoak dira. Erdia zabortegietara iristen da; %19 erraustegietan erretzen da, bide batez energia sortuz, eta %22 kontrolik gabeko zabortegietan edo naturaguneetan botatzen da. Plastikoen %9 birziklatzen dira soilik, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera. Kutsadura horren ondorioz, plastikoa arazo handiak sortzen ari da ingurumenean eta gizakien osasunean. Horri aurre egiteko, 175 herrialde bilduta daude Busanen (Hego Korea). Itun lotesle bat lortzeko azken negoziazioetan ari dira, eta igandea dute horretarako azken eguna.

Duela bi urte adostu zuten 175 herrialde horiek negoziazioetarako bilera sail bat hastea, plastikoen kutsadura murrizteko juridikoki loteslea izango den nazioarteko itun bat sinatzeko. Ordutik, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Gobernu Arteko Negoziazio Batzordearen lau bilkura egin dituzte, eta astelehenean Busanen hasitakoa bosgarrena da, aurreikusita dagoen azkena.

«Ez dugu itun perfektu bat lortuko, baina urrunago iritsi behar dugu, eta uste dut iritsiko garela. Itxaropena dut»

ANNE BEATE TVINNEREIMNorvegiako Nazioarteko Garapen ministroa

Hala ere, zaila izango dute akordio bat lortzea, iritziak oso polarizatuta baitaude. Batetik, Plastikoen Kutsadura Amaitzeko Koalizio Anbiziotsua dago, 65 herrialdek osatua, eta Ruandak eta Norvegiak gidatua; herrialde horiek behin bakarrik erabiltzeko plastikoen ekoizpena mugatzearen alde daude. Eta, bestetik, beste herrialde talde bat dago, Saudi Arabiak gidatutakoa; talde horrek, berriz, ez dio plastiko ekoizpenari derrigorrezko mugarik jarri nahi, eta nahiago du zentratu herrialde bakoitzak plastikozko hondakinekin egiten duen kudeaketan.

Aurreko bileran, Kanadan, 80 orriko akordio zirriborro bat adostu zuten, eta etorkizuneko ituna izateko aukera du, zenbait aldaketa eginda, noski. Hala ere, akordio horrek ez dio muga jakinik jartzen plastiko ekoizpenari, eta beste zenbait arlotan ere zehaztasuna falta da; esaterako, epeak ezartzeari dagokionez. Ez dirudi, beraz, «koalizio anbiziotsuaren» nahia gogobeteko duen akordiorik egongo denik, aho batez onartu behar baitute testua. Hori bera onartu du Anne Beathe Tvinnereim Norvegiako Nazioarteko Garapen ministroak, «koalizio anbiziotsuaren» ordezkariak: «Ez dugu itun perfektu bat lortuko, baina urrunago iritsi behar dugu, eta uste dut iritsiko garela. Itxaropena dut». Horrez gain, ohartarazi du hamar urte barru egoera «konponezina» izan daitekeela.

Garapen kontuak gako

Ikuspuntu bakoitzak errealitate bati erantzuten dio. Lehen taldean zenbait herrialde garatu daude —Europako Batasuneko herrialdeak, Erresuma Batua, Norvegia, Australia, Japonia eta Hego Korea— baina baita kutsadurak eta klima aldaketak gogor jotzen duten herrialdeak ere —Costa Rica, Panama, Uruguai, Nigeria, Gabon, Ruanda, Ekuador, Peru, Txile...—. Herrialde garatuenetan goia jotzear da plastiko kontsumoa, eta prestatuago daude hondakinak kudeatzeko eta plastiko kontsumoari muga bat jarri eta alternatibak bilatzeko.

Aldiz, iritzi ezberdinekoak dira beste zenbait herrialde; haietako batzuk garatuak eta beste batzuk garabidean: esaterako, Saudi Arabia, Txina, Errusia eta Iran. Biztanleria handiko herrialdeak dira, plastiko ekoizle eta kontsumitzaile handiak, baina, biztanle kopuruarekin alderatuta, AEBek eta Europako Batasuneko herrialde gehienek baino gutxiago kontsumitzen dute. Plastikoen kontuan eta orokorrean klima aldaketarekin zerikusia duten beste kontu batzuetan —erregai fosilen kontsumoa murrizteko orduan, esaterako—, herrialde horiek hipokrisia leporatu ohi diete mendebaldekoei, argudiatuz herrialde garatu horiek erregai fosilen erabileran oinarritu dutela beren garapena —eta plastikoaren kontsumo handian—, baina orain gainontzekoei hori mugatu nahi dietela.

Zifrak

%32

TXINAREN MERKATU KUOTA PLASTIKOAREN INDUSTRIAN. Munduko plastiko ekoizlerik handiena da Txina, alde handiz, baina kontuan izan behar da biztanle kopuruari dagokionez munduko bigarrena dela —1.400 milioi pertsona—, eta Mendebaldeko potentzia askok han kokatu dutela beren industria, hau da, ekoizten duen plastiko horren zati handi bat esportatu egiten du.

%18

IPAR AMERIKAREN MERKATU KUOTA PLASTIKOEN INDUSTRIAN. Ipar Amerikako Merkataritza Askeko Ituneko hiru herrialdeek —AEBak, Mexiko, Kanada— munduko plastikoaren %18 ekoizten dute. Txinarena askoz handiagoa bada ere, biztanleko ekoizpen handiagoa da Ipar Amerikakoa, Txinaren biztanleriaren ia herena bizi baita hiru herrialde horietan.

50kg

PLASTIKO EKOIZPENA MUNDUAN, PERTSONAKO. OCDEren arabera, ia 400.000 milioi kilo plastiko ekoizten dira munduan urtean; biztanleko 50 kilo inguru.

Izan ere, plastikoen gehiegizko ekoizpena arazo larria bada ere, ezin da ukatu plastikozko edukiontziek garapenean eta ongizatean izan duten egitekoa, produktuen banaketa erraztu baitute, baita elikadura segurtasuna handitzen lagundu ere. Era berean, kontuan hartu beharrekoa da interes ekonomiko handiak daudela plastiko ekoizpena murriztearen kontrako jarreren atzean, oso sektore indartsua baita; NBEren arabera, urtean bilioi bat dolar inguru mugitzen ditu. Petrolioak zeresan handia du horretan, plastikoa ekoizteko lehengai nagusia baita. Gainera, energia handia behar izaten da plastikoaren ekoizpenean eta haren eraldatze prozesuetan, eta energia hori erregai fosilak erabiliz lortua da. Hori dela eta, Saudi Arabia  eta halako petrolio esportatzaile handiak ez dira ekoizpena mugatzearen aldekoak.

Plastiko ekoizpena datuetan

XX. mendearen erdialdean plastikoen ekoizpena zabaltzen hasi zenetik, urtez urte, handitu egin da lehengai horren ekoizpena, baina hamarkadaz hamarkada azkartu egin da kontsumoaren hazkundea. Kalkulatzen da gaur egun 400.000 milioi kilo plastiko ekoizten direla urtean; pertsonako 50 kilo, batez beste. Azken hogei urteetan bi halakotu egin da kopurua, eta OCDEren aurreikuspenen arabera, egungo joerari jarraituta, 2060rako hirukoiztu egingo da urteko plastiko ekoizpena. Aditu batzuek ohartarazi dute urte batzuk barru plastikoen kutsadura konponezina izan daitekeela. Gero eta leku gehiagotan ari dira aurkitzen plastiko zati txikiak: giza gorputzetako organo guztietan, uretako eta lehorreko animalietan, ingurumenean...

Plastiko kutsadura, Indonesiako hodartza batean. MADE NAGI / EFE
Plastiko kutsadura, Indonesiako hondartza batean. MADE NAGI / EFE

Txina da, alde handiz, plastiko gehien ekoizten duena. Izan ere, biztanle kopuruari dagokionez, munduko bigarren herrialdea da, eta, horrez gainera, kanpo merkatu handia ere badu, herrialde esportatzaile bat delako. Plastics Europe erakundearen arabera, 2022an, Txinak munduko plastikoen %32 ekoitzi zuen, 1.400 milioi biztanlerekin. AEBek, Kanadak eta Mexikok batera munduko plastikoen %18 produzitu zuten, Txinaren biztanleriaren erdia baino gutxiagorekin —510 milioi pertsona—. Antzeko biztanleria dute beste bi blokek: EBk eta Europako beste herrialde batzuek —Errusia kenduta— osatzen dutena eta Latinoamerika —Mexiko kenduta—. Bada, lehen blokeak munduko plastiko ekoizpenaren %15eko merkatu kuota du, eta bigarrenak, berriz, %4koa. Japoniak baino zertxobait gehiago da hori, nahiz eta Japonian lau aldiz jende gutxiago bizi den.

Estatu Burujabeen Erkidegoak, Sobietar Batasuna zeneko errepublika gehienak barne hartzen dituen taldeak, Japoniak adina plastiko ekoizten du, baina hura halako bi da biztanle kopuruan. Deigarriena, agian, Afrikaren eta Ekialde Hurbilaren datuak dira: 1.700 milioi pertsona baino gehiago dira —munduko biztanleriaren %20 baino gehiago—, Indian edo Txinan baino gehiago, eta plastikoaren %8 soilik ekoizten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.