AEBetako hauteskundeak

Plan zehatzik gabeko erretorika

AEBetan eta nazioartean bakea bermatuko duela errepikatu du Donald Trump presidente hautatu berriak; besteak beste, esan du gauza dela Ukrainako gerrari irtenbide bat emateko. Halere, ez du zehaztu asmo horiek nola beteko dituen.

AEBetako presidente hautatu Donald Trumpen aurpegia daukan margolan bat, Panaman, atzo. BIENVENIDO VELASCO / EFE
AEBetako presidente hautatu Donald Trumpen aurpegia daukan margolan bat, Panaman, atzo. BIENVENIDO VELASCO / EFE
maddi iztueta olano
2024ko azaroaren 7a
16:00
Entzun

Zortzi urte atzera aurkeztutako helburu bera du Donald Trumpek: Amerika, hau da, AEBak, berriro «handi» egitea. Lelo hori erabili du Kamala Harris hautagai demokrataren aurkako presidentetzarako lehian, eta, atzerri politikari dagokionez, kanpainan behin eta berriz errepikatu du zein izango den bere estrategia: «Aurrena, Amerika». Xehetasunik eman ez duen arren, presidente hautatuak esan du gai dela herrialdean eta nazioartean bakea bermatzeko, eta hitzeman du berak ez duela gerrarik hasiko.

Bozetako emaitzei erreparatuta, irudi du haren diskurtsoak konbentzitu dituela milioika herritar, eta, horrela, ezustekorik ezean, Etxe Zuriko maizter izango da berriro ere datorren urtarrilaren 20an. Nolanahi ere, ordutik aurrera ikusiko da abian jarriko ote dituen azken hilabeteetan nazioarteko aferen harira iragarritako neurriak.

ISRAEL ETA PALESTINA

Tel Aviven babesle

Trumpek harreman estua dauka Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin. Horren erakusle da, kasurako, Netanyahuk esan zuela, 2020an Fox telebista katean egindako elkarrizketa batean, «Israelek sekula Etxe Zurian izan duen lagunik onena» dela presidente hautatua. Israelek Gazaren eta Libanoren aurka areagotutako oldarraldiaren harira, estatu judua babestu du Trumpek; are, irailean Washingtonen egindako agerraldi batean esan zuen Israelen existentzia arriskuan egongo litzatekeela berak bozak galduko balitu. 

Horiek hala, litekeena da Trumpen administrazioak Israel ekonomikoki eta militarki babesten jarraitzea; hori bai, ez da espero, demokratek egin duten gisan, Tel Avivi exijitzea Gazarako laguntza humanitarioa areagotzea. Bi gobernuen arteko harreman estua agerikoa zen Trumpen aurreneko agintaldian: batetik, AEBek Israelen zuten enbaxadaren egoitza lekualdatu zuten Tel Avivetik Jerusalemera; bestetik, Israelek Siriako lurretan okupatutako Golanak aitortu zituzten.

IRAN

Tentsioa gora, baina harremana hotz

Etxe Zurira iritsi eta urtebetera, 2018an, Trumpek atzera bota zuen Barack Obamak (2009-2017) bere agintaldiaren bukaeran, 2015ean, Iranekin hitzartu zuen akordio nuklearra. Iranek bere plan nuklearra garatzeari ekin zion berriro, eta orduko AEBetako Gobernuak zigor ekonomiko gehiago ezarri zizkion. Gainera, 2020ko urtarrilean, AEBek Qasem Soleimani Irango Iraultzaren Zaindarien buruzagia hil zuten, drone batekin eraso eginda, Bagdaden, eta horrek are gehiago gaiztotu zuen bi herrialdeen arteko harremana.

Trumpen bigarren agintaldian, harremanak bere horretan jarraituko du; Trumpek esana baitu, kanpainan egindako ekitaldietan, ez daukala Iranekin inolako akordio nuklearrik adosteko asmorik. Antzeko jarrera adierazi zuen atzo Irango Gobernuko bozeramaile Fatemeh Mohajeranik, komunikatu baten bidez esan baitzuen Teherani «bost axola» zaiola Etxe Zuriko giltzak nork dituen. Gaur goizean, berriz, Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Ismail Baghaeik adierazi du AEBetako bozak «aukera ona» izan daitezkeela hango gobernuaren «politika okerrak» zuzentzeko. Israel Gazaren eta Libanoren aurka egiten ari den erasoaldian Washington eta Teheran izaten ari diren esku hartzeek ere areagotu egin dute bi herrialdeen arteko tentsioa.

UKRAINA ETA NATO

Gerra bukatu nahi du

Etxe Zuriko hurrengo maizterrak nazioartean zeresana eman duten hainbat adierazpen egin ditu Ukrainako gerraren harira. Trumpen arabera, Errusiako presidente Vladimir Putin ez zen «inola ere» ausartuko Ukraina inbaditzera baldin eta bera bazen AEBetako presidentea. Are, hainbatetan errepikatu du gai izango litzatekeela «egun bakarrean» Ukrainako gerrari irtenbide bat aurkitzeko. Ez du zehaztu hori nola lortuko duen, baina, halere, ematen du Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik ere uste duela Trump gauza izango dela «bakea» lortzeko, hura zoriontzeko atzo X sare sozialean idatzitako mezuari erreparatuta: «Trumpen estrategiak lortu dezake Ukrainarako bakea gertuago egotea».

Zelenski eta Trump, iragan irailaren 27an, Trump Dorrean, New Yorken (AEB). UKRAINAKO GOBERNUA / EFE
Zelenski eta Trump, iragan irailaren 27an, Trump dorrean, New Yorken (AEB). UKRAINAKO GOBERNUA / EFE

Horrekin lotuta, harrabotsa eragin dute, halaber, presidente ohiak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari buruz egindako zenbait adierazpenek. Kanpainan egindako ekitaldi batzuetan, NATOren parte diren herrialdeei leporatu die hitzartutako gastu militarraren kopurua ez betetzea, eta ohartarazi die AEBek ez dituztela konpromiso hori betetzen ez duten kideak defendatuko. Bada, garaipenagatik zoriontzeko kaleratutako komunikatuan, NATOko idazkari nagusi Mark Ruttek ziurtatu zion Trumpi hark kargua hartzen duenean, datorren urtarrilaren 20an, aliantza «indartsuago, handiago eta batuago bat» izango dutela, eta txalotu egin zituen haren aurreneko agintaldian hartutako hainbat neurri, hala nola NATOko kide diren estatuen gastu militarra areagotzea.

TXINA ETA TAIWAN

Eskualdeko egonkortasuna xede

Munduko potentzia ekonomiko nagusia izateko lehian, Txina da AEBen aurkaririk handiena, eta horren harira esan du Trumpek, kanpainan egindako ekitaldietan, presidente denean Pekinek esportatutako produktuen muga zergak %60 handituko dituela. Iragarritakoa beteko balu, ez litzateke AEBak eta Txina nolabaiteko gerra komertzial batean murgilduko liratekeen aurreneko aldia: 2019an, Etxe Zuriko maizter aurrenekoz zenean, %10eko muga zergak ezarri zizkien handik inportatutako hainbat produkturi.

Arlo ekonomikoari ez ezik, Taiwanen subiranotasunaren aferari ere erreparatu beharko dio hurrengo agintaldian. Azken hilabeteetan egindako agerraldietan esan duenaren arabera, Trumpek uste du bera presidente denean Txinako presidente Xi Jinping ez litzatekeela «inola ere» ausartuko Taiwanen gaineko kontrola hartzera. Joe Biden presidentearen administrazioak estutu egin ditu Pazifikoko uhartedi horrekin AEBek dituzten harreman diplomatikoak; baita militarra eta ekonomikoa ere. Trumpek, berriz, esana du Taiwanek ordaindu egin behar lukeela AEBen laguntza militarraren truke.

Desadostasunak desadostasun, Txinak «harreman egonkor eta baketsu bat» izan nahi du AEBetako hurrengo administrazioarekin. Txinako Xinhua albiste agentzia ofizialaren arabera, hori jakinarazi dio gaur Asiako herrialde horretako presidente Xi Jinpingek Trumpi, telefono dei baten bidez. Taiwango presidente Lai Ching-tek ere zoriondu zuen Trump, atzo gauean. Hori bai, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, gogorarazi zion bi herrialdeen arteko harremana zaintzea «ezinbestekoa» dela eskualdeko «egonkortasuna» bermatzeko.

EUROPAKO BATASUNA

Estatu kideek, batasunerako deia

AEBetako bozen emaitzak jakin eta berehala zoriondu zuen Trump Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, X sare sozialaren bidez, eta berdin egin zuten Roberta Metsola Europako Parlamentukoak eta Charles Michel Europar Kontseilukoak ere. Halere, lehenengo aldiz, AEBetako hauteskundeei begira, krisi kabinete bat sortu du Von der Leyenek, Trumpek irabaziz gero hari zer erantzun prestatzeko. Izan ere, presidente izandakoak kanpainan agindu du Europako Batasunak esportatzen dituen produktuei muga zergak igoko dizkiela; hots, %10 eta %20 artean.

Horiek hala, EBko estatu kideak «bat egitera» deitu ditu Alemaniako kantziler Olaf Scholzek. Dena den, Washingtoni ere zabaldu dio elkarlanean aritzeko gonbita, atzo egindako agerraldian: «Elkarren aurka eginez baino askoz ere gauza gehiago lortu ditzakegu elkarrekin lan eginez». Bide beretik hitz egin zuen Frantziako presidente Emmanuel Macronek. Haren bulegoak jakinarazi zuenez, Trumpekin mintzatu zen telefonoz atzo gauean, eta AEBetako hurrengo presidentea izango denari nabarmendu zion «ezinbestekoa» dela hark EB «aintzat hartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.