PKKrekin lotura dutelakoan, ehun lagun baino gehiago atxilotu dituzte

Politikariak, kazetariak, abokatuak eta GKEetako ekintzaileak daude atxilo eramandakoen artean. HDPk Ankarari egotzi dio bozetan esku hartu izana segurtasun indarren eta sistema judizialaren bidez

Emakume bat, bozetarako Erdoganen afixak alboan dituela, Istanbulen, herenegun. SEDAT SUNA / EFE.
ander perez zala
2023ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Turkiako presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeetarako hiru aste baino gutxiago falta diren honetan —maiatzaren 14an egingo dituzte—, herrialde horretako Poliziak ehun lagun baino gehiago atxilotu zituen atzo «terrorismoaren kontrako» zenbait operaziotan. PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin harremana izatea leporatzen diete—«erakunde terroristatzat» daukate—; zehazki, talde hori finantzatzea, haren propaganda zabaltzea eta kide berriak sartzea.

Atxilotuen artean, kazetariak, abokatuak eta GKE gobernuz kanpoko erakundeetako ekintzaileak daude. Turkiako agintariek esan zuten 110 direla atxilo eramandakoak, baina Diyarbakirgo Abokatuen Elkargoko presidenteorde Mehdi Ozdemik adierazi zuen gehiago direla, gutxienez 150, eta operazioak ez zirela amaitu. Hango hedabide batzuen arabera, segurtasun indarrek 216 lagun atxilotzeko agindua jaso dute.

HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatu Tayip Temelek Twitter sare sozialean azaldu zuen alderdi horretako hamar bat goi kargudun ere eraman zituztela, eta Turkiako agintariei leporatu zien atzoko operazioek HDP asaldatzeko helburua dutela. «Bozen atarian, boterea galtzeko beldur direnez gero, atxilotze operazioak baliatu dituzte berriz ere», idatzi zuen Temelek.

Gerora argitara ateratako komunikatu batean, alderdi horrek gogor kritikatu zuen Turkiako Gobernua, argudiatuta «zuzenean» ari dela hauteskundeetan «esku hartzen Poliziaren eta [sistema] judizialaren bitartez».HDPren iritziz, arrazoi hau dago atzoko operazioen atzean: «2015etik, gobernua irauten saiatzen ari da kolpe politikoen, sarraskien, propaganda beltzaren, gerrako metodo berezien, mehatxuen, xantaiaren eta mota askotako erasoen bitartez. Goizeko atxilotze sorta horrekin, beste kolpe bat abiatu du maiatzaren 14ko bozen aurretik. Operazio horren xedea hautesleen nahiaren kontra egitea da, eta mehatxu bat da gizartearentzat eta haren hautu politikoentzat».

Temelek aipaturiko alderdikide atxilotuen izen-abizen batzuen berri ere eman zuen HDPk. Turkiako Poliziak atxilo eramandakoen artean daude, esaterako, Ozlem Gunduz buruzagiordea eta alderdiaren zuzendaritzako kideetako bat, Mahfuz Guleryuz.

HDPren kontrako kasua

PKKrekin harremanak izatea leporatu diote HDPri, eta, fiskaltzaren eskari baten ondorioz, Turkiako Auzitegi Konstituzionala aztertzen ari da alderdi hori legez kanpokotzat jo eta desegiteko agintzea. Printzipioz, erabakia hauteskundeen aurretik jakinarazi beharko luke; HDPk eskatu zuen bozen ondoren egiteko, baina ezezkoa jaso zuen.

Hain justu, oposizioak uste du aukera handiak dituela bozetan Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea garaitu eta boteretik botatzeko. Horren harira, sei alderdi elkartu egin dira aliantza batean, baina HDP hartatik kanpo geratu da; besteak beste, koalizioko zenbait indarrek ez zutelako nahi alderdi hori sartzerik.

Horren ondorioz, HDPren diputatugaiak YSP Alderdi Berde Ezkertiarraren zerrendan lehiatuko dira. Hortaz, parlamenturako hauteskundeetan, baliteke alderdi horren diputatuen esku egotea gobernabidea baldin eta Auzitegi Konstituzionalak desegiterik agintzen ez badu eta Erdoganen AKP Justizia eta Garapena Alderdiak eta haren aliatuek gehiengo osoa galtzen badute.

Presidentetzarakoei dagokienez, HDPk esana du ez duela hautagairik aurkeztuko, eta, beraz, dei egin zuen oposizioaren aliantzarenaren alde bozkatzera: Kemal Kiliçdaroglu da, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoaren buruzagia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.