PKK-k ukatu egin du Istanbulgo erasoan parte hartu izana

Turkiak PKK eta YPG milizia kurduei leporatu die sei lagun hil dituen leherketaren erantzukizuna

Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Turkiako Gobernuak PKK Kurdistango Langileen Alderdiari eta YPG Herriaren Babes Unitateetako milizia kurduei leporatu die herenegun Istanbulen gutxienez sei lagun hil eta 81 zauritu zituen leherketaren erantzukizuna. PKK-k, ordea, ukatu egin zuenatzo erasoan parte hartu izana, Firat albiste agentziak jaso zuenez. «Gure herriak eta herri demokratikoak ondo dakite ez gaudela gertakari horrekin lotuta, ez diegula zuzenean zibilei eraso egingo eta ez ditugula zibilen aurkako ekintzak onartzen», dio kaleratutako oharrak. YPGk, berriz, nahiz eta adierazpenik ez egin, ez dute inoiz ekintza armaturik bere gain hartu edo aldarrikatu Turkiako lurraldean.

PKK-k aldarrikatu zuen «askatasunaren aldeko borroka zintzo eta legitimoa mantentzen duen mugimendua» dela, eta nabarmendu «Turkiako gizartean etorkizun komun, demokratiko, aske eta berdintasunezkoa sortzeko» jarduten duela. «Abiapuntu horretatik, biztanleria zibilari edozein modutan eraso egitea erabat baztertuta dago», zehaztu zuen, herenegungo erasoari erreferentzia eginez.

Dena dela, Turkiako Barne ministro Suleyman Soyluk adierazi zuen Turkiako Poliziak 46 pertsona atxilotu dituela erasoaren harira, tartean ustez lehergailua jarri zuena. Horrek nahasmena sortu du, hasieran zabaldu zelako eraso suizida bat izan zela. Baina Bekir Bozdag Justizia ministroaren arabera, emakume bat leherketaren guneko aulki batean eserita egon zen 40 minutu, eta eztanda baino minutu batzuk lehenago joan zen.

Turkiako Poliziaren txostenaren arabera, Siriako herritartasuna du atxilotutako emakume hark, eta galdeketan aitortu zuen «PKK, PYD [Batasun Demokratikoaren Alderdia] eta YPG erakunde terroristek inteligentzia bereziko ofizial gisa entrenatu» zutela, eta Siria iparraldeko Afrin hiritik sartu zela Turkiara, «ilegalki».

Barne ministroak gaineratu zuen erasorako agindua Kobanen eman zutela. Siriaren menpeko Kurdistanen dago Kobane, eta YPG milizia kurduek kontrolatzen duten eremua da —SDF Siriako Indar Demokratikoen parte gisara—.

Turkiako armadak gogor bonbardatu ditu kurduak han azken urteotan, eta herrialdeko presidente Recep Tayyip Erdoganek esana du Turkiak Siriako Kurdistanen beste «operazio militar bat» egingo duela «berehala». Iragarritako operazio militar hori egiten bada, laugarren aldia izango da Turkia bost urtean auzoko herrialdean sartzen dena.

«Babesaren ondorio»

Turkiako Presidentetzako bozeramaile Fahrettin Altunek ohartarazi zuenez, jazotako azken atentatuak «herrialde batzuek talde terroristei emandako babesaren ondorio zuzena eta zeharkakoa dira»; besteak beste, SDFri «laguntza emateagatik», eta Suediak eta Finlandiak PKK ustez babesteagatik.

Horregatik, Ankarak herrialde horiei eskatu zien «zuzeneko eta zeharkako babesa» emateari uzteko «Turkiarekin adiskidetasuna nahi badute».

Turkiako agintarien adierazpenak adierazpen, lerro hauek idazterako, inork ez zuen bere gain hartu Istanbulgo erasoaren erantzukizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.