PKK-k su etena agindu du, Erdoganek «aukera historiko bat» sortu dela esan eta segidan

Abdullah Ocalan buruzagiak ostegunean eskatu zion taldeari armak uzteko, eta Turkiako presidenteak ostiralean erantzun zien adierazpen horiei. Gerrillari kurduek Turkiari eskatu diote «baldintza demokratikoak» sortzeko eta Ocalan aske uzteko.

PKK-ko milizianoak, artxiboko irudi batean. BERRIA
PKK-ko milizianoak, artxiboko irudi batean. BERRIA
mikel p ansa
2025eko martxoaren 1a
09:47
Entzun

Urratsez urrats, bake prozesu baterako ateak irekitzen ari dira turkiarren eta kurduen artean. Ostegunean, Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagi historikoetako batek armak uzteko eta desegiteko deia egin zion bere taldeari; ostiralean, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak adierazi zuen «aukera historiko bat» sortu dela adierazpen horrekin; eta larunbat honetan, PKK-k iragarri du su etena agindu duela, Ocalanen deiari jarraituta.

Firat (ANF) albiste agentziak zabaldu du su etenaren berria: «Apo liderrak [Ocalan buruzagiari Apo deitzen diote] gizarte baketsu eta demokratiko bat eraikitzeko egindako bidean laguntzeko, gaurtik aurrera indarrean egongo den su etenera deitzen ari gara. (...) [Ocalanen] Deiaren edukiekin ados gaude, eta hori ezartzeko prest gaude».

PKK Kurdistango Langileen Alderdiko batzorde exekutiboak zabaldu du mezu hori, eta ziurtatu du bere indarrek ez dutela ekintza armaturik egingo, inork eraso egiten ez dien bitartean. Ez diote eperik jarri su etenari.

PKKren iritziz, Ocalanen deiak «prozesu historiko berri bat» hasi du Kurdistanen eta Ekialde Hurbilean, eta borrokak sortu ditu horretarako baldintzak: «PKKren borrokak jendeari eman dio boterea orain borroka politikoan jarraitzeko». Hildako milizianoak gogoan hartu dituzte adierazpenean.

PKK-k gehitu du espero duela Turkiak Ocalani «askatasunez jarduten» utziko diola. Kartzela-irla berezi batean —Imralin— apartatuta eta preso eduki du Turkiak buruzagi hori 26 urtez, 1999tik, eta hura askatzea beharrezkotzat jo dute, bake prozesua gida dezan. Ostegunean plazaratutako adierazpenean, Ocalanek PKKri eskatu zion kongresu bat antolatzeko, armak uzteko eta taldea desegiteko prozesuari heltzeko; larunbat honetan, PKK-k esan du hori gertatu ahal izateko eta kongresua arrakastaz egin ahal izateko beharrezkoa dutela Ocalanek prozesua gidatzea: «Beharrezkoa da testuinguru seguru bat sortzea».

Ankarak zer egingo

Hala ere, PKK-k ohartarazi duenez, prozesuak aurrera egiteko ezinbestekoa izango da «baldintza politiko eta demokratikoak» sortzea, Ocalan askatzeaz edo Ocalanek libre jarduteko baldintzak sortzeaz aparte. «Apok egindako deia ez da, inola ere, bukaera bat, baizik eta hasiera berri bat».

Ostegunean Ocalanek zabaldu zuen adierazpenaren azken paragrafoa esanguratsua da, alde horretatik. PPKri egindako deia nabarmendu zen ostegunean, armak uzteko eta erakundea desegiteko urratsak egiteko eskatu baitzuen buruzagiak. Deiaren azken paragrafoak, baina, ñabardura bat gehitzen zuen: «Dudarik gabe, praktikan, armak uzteak eta PKK desegiteak esan nahi du politika demokratikoa eta dimentsio juridikoa onartzea». Gehiegi zehaztu gabe, baina Turkiako Estatuak ere urratsak egin beharko dituela esaten ari zen paragrafo horretan, eta azken orduan hitzartu zuen estatuko «funtzionario batzuekin», ANF agentziaren arabera.

Osteguneko adierazpen publikoaren ostean, DEM alderdiko ordezkariek —alderdi kurduak legez kanporatzearen ondoren sortutako koalizio bat da— errepikatu dute, behin baino gehiagotan, Turkiak baldintza demokratikoak sortu behar dituela: «Orain, pilota gobernuaren teilatuan dago. Ez bada demokratizaziorik eta gobernuak gure oinarrizko askatasunak aitortzen ez baditu, nola eraikiko dugu etorkizun komun bat?».

Alderdi kurduak gogor jazarrita daude Turkian, debekatuta daude haietako asko, eta ezkerreko kurduak agintean zeuden udal batzuetako alkateak eta gobernuak kendu eta ordezkatu ditu Ankarak azken urteetan; kurduen kultura eta hizkuntza ere jazarrita daude, eta atxiloketak maiz gertatzen dira adierazpen kurdu sotilenen kontra ere. Baldintza demokratiko oinarrizko batzuk sortzeko erreformak behar direla, eta, horrez gain, konstituzioa ere moldatu beharko dela esaten ari dira kurduak azken hilabeteetan.

PKK-ko buru Abdullah Ocalan argazkiaren erdian, eskuetan paper batzuk dituela, gaur, Imraliko kartzelan. BERRIA
PKK-ko buru Abdullah Ocalan argazkiaren erdian, eskuetan paper batzuk dituela, joan den ostegunean, Imraliko kartzelan. BERRIA

Hortaz, Erdoganek Ocalanen deiari zer erantzungo ote zion zain-zain zeuden kurduak, eta Erdoganek ostiral arratsaldean erantzun zuen. Ankaran, ekitaldi batean, adierazi zuen «aukera historiko bat» sortu dela «terrorearen horma suntsitzeko», eta Turkiako Gobernuak aukera hori «gertutik» jarraituko duela, prozesuak «amaiera arrakastatsua» izan dezan. Kurduek egindako demokratizazio eskaerei, berriz, horrela erantzun zien: «Terrorismoaren eta armen presioa desagertzen denean, demokraziarako eta politikarako tarteak berez zabaltzen dira». Halere, ohartarazi du Ankarak «gogor eta bortitz» erantzungo duela kurduen ezein «trikimailuri, berreratze asmori edo adar jotze saiakerari», gaur arratsaldean prentsari egindako adierazpenetan. 

40 urtez borrokan

PKK gazte kurduen talde batek sortu zuen, 1978an, eta 1984an ekin zion borroka armatuari. Lau hamarkadaz, borrokan aritu dira Turkiako indar armatuak eta PKK-ko gerrillariak. Fase asko igaro ditu gatazka horrek, eta, Turkiako berri agentziek esan ohi dutenez, milaka hildako eragin ditu; datu zehatzik ez dagoen arren, 40.000 hildako inguru aipatzen dituzte. Mendebaldeak alderdi terroristen zerrendan sartua dauka PKK.

Lehenago ere saiatu dira bake prozesuak egiten Turkiako Gobernua eta PKK. Azken negoziazio prozesua 2013 eta 2015 artean egin zuten, eta kurduen egoitza sozial baten kontrako atentatu bat gertatu zenean amaitu zen. Harrezkero, borrokak eta liskarrek ez dute etenik izan, ezta azken asteetan ere: Anadolu Turkiako agentziaren arabera, urte hasieratik 100 miliziano kurdu baino gehiago hil dituzte Turkiako indarrek Iraken, hango mendi eta eskualde batzuetan aterpetzen baitira PKKren milizia gehienak; milaka miliziano dira, ez jakin zenbat, seguru. PKK-k ere hil ditu soldadu turkiarrak azken asteetan, baina ez da datu ofizialik zabaldu horri buruz.

Azken bake prozesu hori urrian abiatu zen, publikoki bederen. Devlet Bahceli Turkiako eskuin muturreko alderdiko (MHP) buruak —Erdoganen aliatua da gobernuan— iradoki zuen bake prozesu bat has zitekeela PKK-k armak uztea eta desegitea erabakiko balu. Harrezkero, DEM alderdiko ordezkariek hainbat bilera egin dituzte Ocalanekin, Imraliko kartzelan, eta Turkiako Parlamentuko alderdi guztiekin ere bildu dira. Ocalanek berak, ANF agentziaren arabera, harremanak izan ditu Turkiako gobernuko ordezkari batzuekin. Elkarrizketa horien guztien emaitza izan dira azken egunotako adierazpenak.

Ocalanen deiari abegi ona egin zioten Iranek eta Irakek joan den ostegunean, eta AEBetako Gobernuak eta Europak ere urrats positibotzat jo zuten. Nazioarteko komunitatearen babes zabala jaso du prozesuak, beraz.

Begi bat Sirian

Kurduen herriari buruzko errolda ofizialik ez dago, baina 40 milioi inguru direla esan ohi da, eta lau estaturen artean banatuta bizi dira: Turkia, Iran, Irak eta Siria. PKKren borrokak horiei guztiei eragiten die, zuzenean ez bada zeharka, baina Ankarak Siriako kurduekin du kezka gehien, zehazki SDF Siriako Indar Demokratikoak talde armatuaren barruko YPJ eta YPG miliziekin. Milizia horiek eta PKK gauza bera direla errepikatzen du Ankarak, haiek esan arren ez dutela loturarik. Ostiralean, Erdoganen adierazpenaren aurretik, Omer Celik AKP alderdiko bozeramaileak —Erdoganen alderdia— adierazi zuen PKKri lotutako talde guztiek utzi behar dituztela armak; alegia, baita Siriakoek ere.

Mazlum Abdi SDFko buruak ostegunean bertan erantzun zion Ocalanen deiari, argi utzi nahian haien taldeek ez dutela PKKrekin loturarik, eta buruzagi kurduaren deiak ez diela haiei eragiten. Turkia eta hark babestutako mertzenario jihadistak Siriako kurduen kontra gogor ari dira azkeneko hamarkadan, eta abendutik, Siriako Gobernua bota zutenetik, Siriako kurduen kontrako gerra gogorrean ari dira Turkia eta hark babestutako jihadistak. Halere, fronte hori baretu egin da azkeneko asteetan, eta SDF Siriako Gobernu berriarekin negoziatzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.