Pitak ez du gainditu Thailandiako lehen ministro izendatzeko bigarren bozketa ere

Ordezkarien Ganberak eta Senatuak berriz esan diote ezetz Mugitu Aurrera alderdiko buruari. Konstituzionalak diputatu akta kendu dio behin-behinean

Thailandiako lehen ministro izateko hautagai eta Mugitu Aurrera alderdiko buruzagi Pita Limjaroenrat, Ordezkarien Ganberan, atzo, Bangkoken. RUNGROJ YONGRIT / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Thailandiako Parlamentuak aurreko ostiralean egin zuen Pita Limjaroenrat lehen ministro izendatzeko lehen bozketa, haren Mugitu Aurrera alderdiak maiatzaren 14ko hauteskundeak irabazi ondotik. Bi ganberen artean (Senatua eta Ordezkarien Ganbera) 376 diputaturen babesa behar zuen alderdi sozialdemokratako buruak, baina 53 boto falta izan zitzaizkion lehen ministro izateko. Atzo egin zuten bigarren bozketa, eta parlamentuak bigarrenez esan zion ezetz Pitaren izendapenari: 394 parlamentarik aurka bozkatu zuten; 312k, alde; eta zortzik abstentziora jo zuten.

Parlamentuak erabaki hori hartu baino ordu gutxi batzuk lehenago, Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak diputatu akta kendu zion behin-behinean Pitari, hauteskunde batzordeak haren aurka aurkeztutako salaketa bat tramiterako onartzea erabaki ondoren; parlamentuko hautagai gisa erregistratzeko baldintzak ez betetzea egozten zion, eta horiek urratzen zituela jakinda ere aurkeztea. Hala, Mugitu Aurrera alderdiko liderrak parlamentua utzi zuen, ukabila altxatuta eta txalo artean. Epaiaren arabera, hautagai sozialdemokratak hamabost eguneko epea du helegitea aurkezteko.

Parlamentuak atzo zuen Pitaren hautagaitza bozkatzeko garaia, eta, zazpi orduz eztabaidan aritu ostean, legegileek bertan behera utzi zuten haren izendapena. «Thailandia ez da berdina maiatzaren 14az geroztik. Bide erdia egin dugu herriak irabazi zuenetik, eta beste erdia geratzen zaigu egiteko. Nahiz eta nire eginbeharra ezin izan dudan bete, aurrerantzean ere herritarrak zaintzeko eskatzen diet kideei», adierazi zuen politikariak, epailearen aginduari men egitean eserlekua utzi aurretik. Hala eta guztiz ere, Pita lehen ministro izendatu ahal zuten Senatuak eta Ordezkarien Ganberak; izan ere, Thailandiako legeen arabera, agintariak ez du parlamentuko kide izateko betebeharrik. Ebazpenaren ostean heldu zen parlamentuaren ezezkoa.

Hauteskunde batzordeak Pitaren aurka egindako salaketak 2006an du jatorria: 42 urteko enpresariak ITV telebista kateko akzioen %0,0035 jaso zituen oinordetzan —2007an utzi zion emititzeari—. Hauteskunde legeak, ordea, debekatu egiten du hautagaiek komunikazio enpresa batean akzioak izatea. Auzitegiak Pita erruduntzat jotzen badu, hamar urte arteko espetxe zigorra eta hogei urteko inhabilitazio politikoa ezar diezaiokete. Mugitu Aurrera-ko liderrak, ordea, ukatu egin ditu bere aurkako akusazioak, eta esan du oposizioko alderdiak monarkia «aitzakia» gisa erabiltzen ari direla bere hautagaitza blokeatzeko, «galtzeko beldur» baitira.

Militarrek 2014ko estatu kolpearen ondoren idatziz jasotako arau parlamentarioek eta horiek babesten dituzten indar kontserbadoreek eta monarkikoek zaildu egin dute Pitak gobernua osatzea, maiatzeko bozak gorabehera. Hain zuzen, tokiko hedabideen arabera, Mugitu Aurrera alderdiak «ezustekoa» eman zuen hauteskunde orokorretan, lehen indarra izatea lortuta; botoen %38 eskuratu zituen —hamalau milioi boz—, eta 151 diputatu Ordezkarien Ganberarako. Zehazki, militarren babesa duten alderdiei nagusitu zitzaien, bederatzi urtez Asiako herrialde hori jeneralen kontrolpean egon ondoren.

Pitaren aldeko protestak

Pitak ez zuenez babes nahikorik lortu lehen ministro izendatzeko, espero da Mugitu Aurrera koalizioko Pheu Thai alderdiak Srettha Thavisin enpresaria proposatzea hautagai. Ez dago argi, ordea, Pheu Thaik —Thaksin Shinawatra buruzagi erbesteratuari lotutako alderdiak— koaliziora lerratuta jarraituko duen ala koalizio akordioa etengo duen. Thailandia behin-behineko gobernu talde batek zuzentzen du martxoaz geroztik.

Bien bitartean, Pitaren aldeko ehunka jarraitzaile bildu ziren atzo Ordezkarien Ganberak Bangkoken duen egoitzaren kanpoaldean, auzitegiaren erabakia salatzeko; zenbaitek senatarien aurkako afixak zituzten esku artean. «Haserre nago. Ez dute errespetatu herriaren borondatea. Ez dituzte entzun hamalau milioi lagunen ahotsak», esan zion 21 urteko gazte batek Reuters albiste agentziari.

Pita eta haren alderdia zortzi alderdik osatutako koalizioaren buru dira; goi ganberako 500 diputatuetatik 312 dituzte, baina gobernuburuaren aukeraketan 250 senatarik ere parte hartzen dute, eta gehienak militarren aldekoak eta kontserbadoreak dira. Horrekin lotuta, senatariak Mugitu Aurrera-ren agenda erreformistaren aurka daude, bereziki monarkia kritikatzen dutenen aurkako zigorrak murriztea asmo duen legearen kontra.

Bada, Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Mugitu Aurrera-ren aurkako beste salaketa bat, lege hori erreformatzeko proposamenagatik herrialdeko sistema demokratikoa «eraistea» egotzita. 2019an, auzitegiak inhabilitatu egin zituen Mugitu Etorkizuna indarreko buruzagiak; demokraziaren aldeko alderdia zen, eta hortik eratu zen Mugitu Aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.