Pistola bat soinean eramateko ez da baimen berezirik beharko Texasen (AEB) aurrerantzean. Hala erabaki du hango senatuak, non errepublikanoak nagusi diren. Legeak aldeko hemezortzi boto izan ditu, eta aurkako hamahiru. Greg Abbott gobernadoreak jada adierazi du legea iristen zaionean sinatuko duela.
Orain arte, Texasen, pistolak aldean eramateko beharrezkoa zen lizentzia bat izatea eta horretarako gaitasuna erakustea. Aurrerantzean bi baldintza soilik bete beharko dira: 21 urte baino gehiago izatea, eta aurrekari penalik ez izatea. Armak kontrolatzearen aldeko erakundeek abisatu dute arriskutsua izan daitekeela kontrolerako neurri horiek ezabatzea, baina erabakiarekin aurrera jarraitu du senatuak.
Aurretik ere AEBetako suzko armei buruzko legedirik malguenetakoa zuen Texasek. Besteak beste, han, legezkoa da errifleak soinean eramatea leku publikoetan, baimen berezirik gabe. Lege berriak, hori bai, onartzen du enpresek euren lokaletan armak debekatzeko duten eskubidea.
Legearen aldekoek diotenez, aurrerantzean Texasko biztanleak hobeto defendatu ahal izango dira leku publikoetan. Charles Schwertner senatari errepublikanoak atzo adierazi zuenez, lege berria onartu dute «lehen ere herritarrek zuten eskubide bat berreskuratzeko, armak edukitzekoa eta aldean eramatekoa».
Hainbat tiroketa
Senatari demokratek kezka adierazi dute. Adibide bat jarri zuen Beverly Powell senatariak: «Jatetxe batean pistola duen norbaitekin esertzen banaiz, segurtasuna izan nahi dut pertsona hori ondo entrenatuta dagoela hura erabiltzeko».
Armen kontrolaren aldeko taldeek, berriz, azken urteetan Texasen izan diren tiroketak gogorarazi dituzte. Besteak beste, 2019ko abuztuan 30 lagun hil zituzten tiroketa batean; 2018an, bi pertsona hil zituzten bigarren hezkuntzako eskola batean, eta 2017an, eliza batean izandako tiroketa batean, 27 izan ziren hildakoak.