Poloniako hauteskundeak

PiSen ziurgabetasuna

Polonian parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte bihar. Inkesten arabera, agintean dagoen alderdi ultrakontserbadorea gailenduko da, baina baliteke gobernatzeko adina aulkirik ez lotzea eta aliantzak egin behar izatea

PiSen ziurgabetasuna.
Javi West Larrañaga.
Gdansk
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Jaroslaw Kaczynski ez da Poloniako lehen ministroa, ezta presidentea ere, baina herrialdean «txotxongilolaria» esaten diote, ustez berak kontrolatzen dituelako bai bata eta bai bestea. PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadorearen burua da Kaczynski, eta «de facto Poloniako agintari» dela esan ohi da nazioarteko prentsan.

Bozetara joko dute bihar poloniarrek, eta, aukera ugari izan arren, bi emaitza nagusi aurreratu dituzte inkestek: PiSek —zeina bakarrik dagoen agintean orain— Konfederazioa libertario eskuindarren laguntza behar izatea, ala Donald Tusk Poloniako lehen ministro eta Europar Kontseiluko presidente ohiaren KO Koalizio Zibikoak beste bi indar txikiagorekin osatzea gehiengoa, Ezkerrarekin eta Hirugarren Bidearekin—bi alderdi demokristau eta zentro-eskuinekoren koalizioa da—.

PiSeko Mateusz Morawiecki eta KOko Tusk dira lehen ministro izateko aukera gehien dituztenak. Ez da erabaki makala: Morawieckik bi legealdi egin ditu gobernuburu moduan —2017tik—, eta atzerakada demokratiko handia izan da sasoi horretan. Botere judizialaren, banku zentralaren eta telebista publikoaren gaineko kontrola handiagotu du gobernuak, eta migratzaileen aurkako erretorika gogortu; gainera, abortatzeko eskubiderik ia murritzenetakoa are gehiago murriztu zuen Gorenak 2020an, eta azken urteotako protesta handienak eragin.

Poloniako Eliza katolikoaren babesa du PiSek, eta hura du «aliatu nagusia», Radoslaw Markowski politologoaren arabera. 2019tik, «LGTB ideologiarik gabeko eremuak» ezarri zituztenPiSek gobernatutako ehundik gora herritan eta bost eskualdetan, «LGTB ideologia» arbuiatzen zutela adierazteko, baina askok indargabetu egin zuten neurri hori Europako Batasuneko funts barik gelditu zitezkeela jakitean.

PiSen gobernuak Bruselarekin izan dituen tirabiretako bat baino ez da hori. 2015eko Siriako errefuxiatuen etorrera masiboaren ostean, Poloniak muzin egin zion Europako Batzordeak errefuxiatuak banatzeko diseinatutako sistema solidarioari. «Migratzaileek askotariko parasitoak eta protozooak dakartzate. [...] Jende horren organismoan ez dira arriskutsuak, baina hala izan daitezke hemen», esan zuen Kaczynskik. Joan den astean, Polonia eta Hungaria baino ez ziren agertu EB Europako Batasuneko migrazio planaren erreformaren aurka.

Batzordeak urteak daramatza Poloniaren zuzenbide estatuaren urraketez ohartarazten, eta harentzako ziren pandemiako funtsak izoztu egin zituen horregatik, mila milioika euro. Aurten, Bruselak urteroko txostenean adierazi du oraindik «kezka serioak» daudela botere judizialaren independentziari dagokionez, ustelkeria hautemateko programak falta direla, eta ez dela pausorik eman hedabide publikoen independentzia bermatzeko.

KO da alternatiba nagusia

Inkesten arabera, KO da PiSen—2019an ZP Eskuin Batua aliantzan aurkeztu zen— alternatiba nagusia. Koalizioaren kide handiena zentro-eskuineko PO Plataforma Zibikoa izan arren, Berdeak eta beste alderdi aurrerakoi batzuk biltzen ditu, denak europazaleak. Tuskena nabarmen aldatu da: «Duela hamar edo hamabost urte, PO nahiko kontserbadorea zen arlo soziokulturalean eta ekonomikoan, abortatzeko eskubideari eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Istanbulgo Hitzarmenari dagokionez». Ordutik, zentrorantz jo du, eta, orain, hamabi astera arte nahieran abortatzeko eskubidea babesten du.

Haren boto emaileak hirietan eta mendebaldean dira nagusi; oro har, hirugarren mailako hezkuntza daukate, eta adin ertainekoak dira. PiSenak, ordea, txanponaren beste aldea dira: landa eremuan eta ekialdean bizi dira gehienak, adinekoak dira, eta oinarrizko hezkuntza daukate.

Bitxia da Poloniako kasua. Ultraeskuinaren igoera esplikatzeko erabiltzen diren eskema klasikoen arabera, zailtasun ekonomikoetan ugaritzen dira kanpotarren eta gutxiengoen aurkako diskurtsoak, bainaPolonian ez da hala gertatu. Oparotasun ekonomiko betean heldu zen PiS gobernura, barne produktu gordina %3 eta 6 artean hazten zen garaian.

PiS ez da ultraeskuineko beste alderdien modukoa. Espainiako Voxek eta Italiako Anaiek, adibidez, programa neoliberala dute: estatuaren esku hartze txikia, zerga gutxiago familientzat eta enpresentzat, eta «eskupekoak» amaitzeko erretorika. PiSek, berriz, erretiro adina jaitsi zuen, 67 urtetik 65era gizonentzat eta 60ra emakumeentzat, Tusken KOk biena 67 urtean ezarri ondoren 2012an. Kanpotarrak jaso nahi ez, eta biztanle galerari aurre egiteko «500+ programa» abiatu zuten, familiei ume bakoitzeko 500 zloty emateko —110 bat euro orain—.

PiSek Bruselarekiko arrakala haizatu du kanpainan, eta Tuski aurpegiratu dio Alemaniaren eta Bruselaren «morroia» izatea. Markowskiren ustez, alemanieraz jakitea eta Angela Merkelekin ondo konpontzea dago horren atzean: «Haientzat, auzokoekin—eta bereziki alemaniarrekin— harreman ona edukitzeak traizioa adierazten du».

Ez dago argi zer gertatuko den bihar. Inkesta etxe gehienek aurreikusi dute PiS geratuko dela KOren aurretik, baina baliteke alderdi txikien botoek balantza mugitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.