Polonia

PiSen gobernuak karguaren zina egin du, bizirik irauteko aukerarik gabe

Morawieckik bi aste izango ditu inbestidura saiorako babesak lortzeko; ez du aliaturik. Oposizioarentzat, erabakia «iruzur bat» da.

POLONIAKO GOBERNUA
Andrzej Duda Poloniako presidentea eta Mateusz Morawiecki jarduneko lehen ministroa, hilaren 13ko ekitaldi batean. LESZEK SZYMANSKI / EFE
ander perez zala
2023ko azaroaren 27a
13:05
Entzun

Polonian 2015etik hona agintean egon denak, PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadoreak, beste gobernu bat osatuko du gaur. Iragan urriaren 15eko hauteskundeetan behe ganberako aulkien gehiengo osoa galdu zuen arren —460tik 194—, babesik handiena bildu zuen, eta hori nahikoa arrazoi izan da, Andrzej Duda herrialdeko presidentearen iritziz, gobernabidea bermatzeko lehen ahalegina PiSek egiteko. Baina emaitza horiek eta asteotako gertakariek agerian utzi dute alderdi ultrakontserbadoreak ez duela aliaturik eta, beraz, kabinete horrek oso gutxi iraungo duela agintean. Gaur egin du karguaren zina, bizirik irauteko aukerarik ez duen honetan.

PiSek diputatuen gehiengo osoa galtzeak aldaketarako atea zabaldu du Polonian, eta, hortaz, denbora kontua da hori gertatzea. Oraindik ere oposizioan dauden zenbait alderdik, KO Koalizio Zibikoa liberalak, TD Hirugarren Bideak —bi alderdi demokristauaren eta zentro-eskuinekoen aliantza da— eta Ezkerra sozialdemokratak gehiengo osoa baino gehiago dute elkarrekin —248 eserleku—, eta hilaren 10ean akordio bat egin zuten hiruko koalizioa osatzeko. Horren aurretik, ordea, alderdi ultrakontserbadoreari dagokio saiakera, nahiz eta hasieratik argi geratu den ez duela arrakastarako aukerarik; gobernuak gaur karguaren zina egitea, hortaz, «iruzur bat» da, KOko diputatu Marcin Kierwinskik Radio Zet-en kritikatu duenez.

Edonola ere, protokoloa errespetatu, eta Mateusz Morawiecki jarduneko lehen ministroa —2017tik dago kargu horretan— saiatu egingo da inbestidura saiorako behar adina babes lortzen; bi aste izango ditu horretarako, eta horren ondoren egingo dute konfiantza mozioaren bozketa behe ganberan. Ezezkoak irabaziko balu, Poloniako presidenteak beste bi aste izango lituzke oposizioari eskatzeko gobernua osatzen ahalegindu dadila; orduan espero da hiruko koalizioak Donald Tusk lehen ministro ohi (2007-2014) eta Europar Kontseiluko presidente izandakoa (2014-2019) proposatzea gobernuburu kargurako, eta, gerora, mozioa irabaztea.

Hori ikusita, PiS diputatuak konbentzitzeko lanetan ari da egunotan. Kasurako, joan den ostiralean, alderdi horren bozeramaile Rafal Bochenek Polskie Radio 24 irratiari esan zion Morawieckik oposizioko zenbait diputaturen «seinaleak» jaso dituela ultrakontserbadoreen gobernuarekin «lankidetzan aritzeaz»; Bochenen arabera, PSL Poloniako Alderdi Popularrekoak lirateke —TD koalizioaren parte da—, baina ez dute izen-abizenik eman nahi, eta «bozketaren egunean» ikusiko dira «behin betiko erabakiak». Bi alderdi horiek ideologikoki gertu dauden arren, PSLko buru Wladyslaw Kosiniak-Kamyszek esana du ez dutela PiSekin kolaboratzeko asmorik.

«%10eko aukera»

Morawiecki bera jakitun dago egoera oso zaila dela, eta hark ere ez du arrakastarako tarte handirik ikusten: «%10eko aukera dut, edo txikiagoa». Errealitate horren beste adibide bat da, gainera, proposatu duen gobernuan ez dagoela alderdiko figura garrantzitsuenetako ia inor, horiek ere bai baitakite kabinete horrek bi aste iraungo duela, datorren abenduaren 11ra arte.

Oposizioarentzat, PiS denbora irabazten ari da estatuko erakundeetan berekin lerrokatuta dauden kargudun gehiago izendatzeko eta, horren bidez, erakundeetan gutxiengo influentziari eusteko, behin oposiziora joanda. Esaterako, azken egunetan, kontu ikuskatzeaz arduratzen den erakundearen burua izendatu du. Horrez gainera, Poloniako presidentea ultrakontserbadoreen aliatua da —alderdi horretan egon zen estatuburu kargua hartu zuen arte, 2015era arte—, eta, beto eskubidea duenez, baliteke oposizioaren gobernuaren legegintzaldia zailtzea; behintzat, 2025eko uda arte, orduan egingo baitituzte presidentea aukeratzeko hauteskundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.