Polonian azken hiru hamarkadetan egin dituzten parlamenturako hauteskunderik erabakigarrienek aldaketa sakonak ekarri dituzte; bai herrialdearentzat, baita EB Europako Batasunarentzat ere. Kritikez beteriko kanpaina polarizatu baten ondoren, 2015etik agintean dagoen PiS Legea eta Justizia ultrakontserbadoreak jaso du, berriz ere, babesik handiena, baina Dietako —behe ganberako— gehiengo osoa galdu du, eta ez du, printzipioz, nahikoa aliaturik jarraian hirugarren agintaldia litzatekeena bermatzeko. Eta horrek, ezinbestean, atea ireki dio oposizioari PiS agintetik botatzeko. Hori ziurtatu zuen, behintzat, Donald Tusk lehen ministro ohi (2007-2014) eta Europar Kontseiluko presidente (2014-2019) izandakoak, herenegun gauean zundaketen berri izan ostean adierazi zuenez: «Poloniak irabazi du, demokraziak irabazi du. Sasoi txarren amaiera da hau, PiSen gobernuaren azkena da».
Tusken KO Koalizio Zibikoa liberalak, TD Hirugarren Bideak—bi alderdi demokristau eta zentro-eskuinekoren aliantza da— eta Ezkerra sozialdemokratak gehiengo osoa baino gehiago lukete, behin-behineko emaitza ofizialen, eta herenegun gauean eta atzo goizean argitaraturiko zundaketen arabera. Hiru aliantza horiek badituzte desberdintasunak, baina badirudi asmoa dutela koalizio gobernu bat osatzen saiatzeko; Ezkerrako buruzagi Wlodzimierz Czarzastyk, adibidez, esan zuen, herenegun gauean, beste bi indar politikoekin lan egiteko prest daudela «gobernu demokratiko, sendo eta zentzudun bat» osatzeko. Eta bide beretik mintzatu zen TDko buruzagietako bat, Wladyslaw Kosiniak-Kamysz.
Edonola ere, PiSek ez du amore emango, alderdi horretako buruzagi Jaroslaw Kaczynskik herenegun gauean ohartarazi zuenez: «Gure laugarren garaipena da, hirugarrena jarraian. Borrokaz eta tentsioz beteriko egunak ditugu aurretik». Eta, berez, ultrakontserbadoreak izango dira gobernua osatzen ahalegintzeko agindua jasoko duten lehenak—Andrzej Duda presidenteari dagokio erabaki hori hartzea—, babesik handiena bildu dutelako; Konfederazioa eskuin muturreko aliantza politikoa lukete aliatu bakarra —alderdietako batek esan du ez duela PiSekin koaliziorik nahi—, baina espero eta aurreikusi baino askoz ere babes txikiagoa lortu dute, eta bien arteko balizko aliantza batek ez luke gehiengo osorik behe ganberan, behin-behineko emaitzen arabera.
Poloniako oposizioan eragin dituen kritikez gain, PiS buru zuen gobernuak urteotan behin eta berriz egin du talka Europako Batzordearekin, besteak beste, zuzenbide estatuaren, adierazpen askatasunaren, migrazioaren eta LGTBI kolektiboaren eskubideen aferengatik; esaterako, Varsoviak botere judizialaren, banku zentralaren eta telebista publikoaren gaineko kontrola handiatu du, eta abortatzeko eskubidea nabarmen murriztu du.
Oposizioak koalizio gobernua osatuko balu, bere helburuetako bat litzateke Bruselarekin harremanak onbideratzea, eta PiSen eta bere aliatuen erreforma horiek bertan behera uztea; hori lortuz gero, Europako Batzordeak desblokeatu egingo luke Poloniari dagokion aurrekontuko eta suspertze funtseko dirua. Bruselarentzat, beraz, albiste on bat litzateke KOk, TDk eta Ezkerrak gobernabidea bermatzeko akordio bat adostea, programa europazalea baitute hirurek.
Hori guztia zegoen jokoan herenegun egin zituzten parlamenturako hauteskundeetan. Eta boz horiek zuten garrantziaren erakusle, parte hartzea 1989tik honako handiena izan da, hauteskunde batzordearen arabera: %73 inguru, behin-behineko datuen arabera.
Galdeketa ez da loteslea
Bozen egun berean, herritarrak erreferendum batean bozkatzera deituak zeuden, baina horren emaitza ez da loteslea izango, horretarako baldintza ez baitute bete: parte hartzea %50 baino handiagoa izatea. Lau galderari erantzun diete galdeketa horretan botoa eman duten herritarrek, eta guztietan irabazi du ezezkoak, gobernuak babestutako jarrerak.
Kontsultako gai batek erreferentzia egin dio Bielorrusiako mugan bost metroko hesi bat eraikitzeko aferari; beste batek EBren migrazio araudiaren erreforma aipatzen du, eta, beste bi galderei dagokienez, erretiro adina 65 urtetik 67ra igotzeaz eta estatuaren menpeko aktiboak edo enpresak pribatizatzeaz galdegin diete.
Oposizioko hainbat alderdi eta gizarte zibileko zenbait gobernuz kanpoko erakunde boikotaren aldeko kanpaina egiten aritu dira. Oposizioko koalizio nagusiak, KOk, kontsulta boikotatuko zuela iradoki zuen hasieran, baina gaia bere boto emaileen esku uztea erabaki zuen azkenean. Eta, behin-behineko datuen arabera, %40koa izan da parte hartzea.
PiSek irabazi duen arren, Poloniako oposizioak uste du gobernua osa dezakeela
Koalizio Zibikoak, Hirugarren Bideak eta Ezkerrak gehiengo osoa lukete, behin-behineko datuen arabera. Parte hartzea 1989tik honako handiena izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu