Konstituzio berria Txilen. Tammy Pustilnick. Konstituziogilea

«Pinocheten diktaduraren ikur nagusietako bat utziko dugu atzean»

Giza eskubideetan eta genero gaietan aditua da Tammy Pustilnick. Garbi dauka 155 konstituziogileek zer egin behar duten, eta, beste botere batzuen aldetik erresistentzia egonez gero, txikia izatea espero du.

TAMMY PUSTILNICK.
jon ordonez garmendia
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun

Tammy Solange Pustilnick Arditi da Txileko konstituzio berria idazteko ardura dutenetako bat. 34 urte besterik ez ditu, eta ezezaguna zen, baina beste independente asko bezala, herritarrek zeregin horretarako aukeratu zuten maiatzaren 15ean eta 16an. Zuzenbidea ikasi zuen Txileko Unibertsitatean, eta New Yorken egin zuen masterra. Giza eskubideetan eta genero gaietan aditua da, eta, estatua deszentralizatzeaz gain, konstituzio berrian genero ikuspegia txertatzea du helburu.

Zergatik erabaki zenuen hautagai izatea?

Batetik, uste dudalako nire ezagutzarekin nolabaiteko ekarpena egin dezakedala. Baina, bestetik, eta batez ere, gizarte zibilean lan egin dudalako. Ez bainaiz izan ikusle soila zentralismoak eta genero perspektiba ezak politika publikoetan eta jendearengan duten eragina aztertzerako orduan. Elkarrizketarako gaitasuna daukat, eta prozesu honetan herritarrek parte hartu behar dutela sinisten dut.

Zer espero duzu zuk?

Elkarrizketa eta eztabaida erronkaren mailaren pare jartzea. Erakutsi behar dugu politika egiteko beste modu bat dagoela, Kongresuan ikusi ditugun logika tradizionalak eta poloak atzean utziz, guztientzat ona den horren alde lan egiteko bat eginez.

Zein da Biltzar Konstituziogilearen erronka nagusia?

Hautetsien arteko konfiantza eta harremanak sortzea. Ulertu behar dugu prozesu honek on egingo diola Txileri, eta gai izan beharko ginateke une oro eta epe baten barruan arduraz lan egiteko.

Uraren despribatizazioa, pentsio sistema, hezkuntza... Zeintzuk dira gizarteak behar dituen aldaketa funtsezkoenak?

Hiru aipatuko nituzke. Zuzenbidezko estatu sozial eta demokratiko bat eraikitzea da Txilek behar duen aldaketa nagusietako bat, eta konstituzio berriak hori jaso behar du. Estatua deszentralizatu behar dugu; parekidea izan behar du; laguntzetan oinarritutako egungo estatu eredua gainditu behar dugu, eta oinarrizko giza eskubideak bermatu behar ditugu: osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta gizarte segurantza.

Gainera, ingurumenaren oreka aintzat hartuko duen konstituzioa behar dugu, giro osasuntsu eta ekologikorako eskubidea jasoko duena eta ura oinarrizko eskubidea dela aitortuko duena, ingurumena eraginkortasunez babestearekin batera.

Hirugarren lehentasun nagusia konstituzioa genero perspektibatik abiatuz idaztea izango da, berdintasunerantz urratsak egin eta biolentziarik gabe bizitzeko eskubidea, soldata berdintasuna, osasungintzarako sarbidea eta sexu eta ugalketa eskubideak berma ditzan.

Espero al duzu erresistentziarik eskuinaren aldetik edo botere judizialen, enpresarien edo armadaren aldetik?

Espero dudana da erresistentzia hori baldin badago, txikia izatea, ez dezan oztopatu herrialde gisara eman behar dugun pausoa: historian lehen aldiz konstituzio berri bat idatzi behar dugu modu demokratikoan; herritarrak ordezkatuko beharko ditu, eta herritarrek hartan parte hartu beharko dute.

Gehiengo handirik ez dagoenez, ez al da zaila izango akordioak egitea?

Ez, espero dut eta sinistuta nago Biltzarra osatzen dugun gehienok elkarrizketaren eta akordioen alde gaudela, bai alderdi politiko batekoak eta bai independenteen elkarte jakin batekoak ere. Baikorra naiz ikusten dudanean Biltzarrera iritsi garen gehienek aldaketa sakonak eta beharrezkoak nahi ditugula gure herrialdeko arrakala eta desberdintasunak murrizteko.

Azken urteetan mobilizazio handiak izaten ari dira kalean. Balioko al du prozesu honek mugimendu sozial guztien nahiak asetzeko?

Ez dugu ahaztu behar prozesu historiko hau mobilizazio horiei esker bizitzen ari garela Horregatik, oso garrantzitsua da prozesuak herritarren parte hartzea sutsuki bultzatzea, zilegitasuna izan dezan, guztiok geure egin dezagun.

Balioko du konstituzio berri honek Pinocheten diktadura behin betiko atzean utzi eta, Allende presidentea gogoratuz, pertsona askeen ibiltoki izango diren zumardi handiak irekitzeko?

Nik ez nuke esango mugarri honek edo beste edozeinek atzean utziko duenik Pinocheten diktadura, hori oso gauza pertsonala baita, batez ere garai hori sufritu zutenentzat edo senideak galdu zituztenentzat. Baina argi dago honek diktaduraren sinbolo nagusietako bat 1980ko konstituzioa atzean uztea ekarriko duela, eta lagunduko duela txiletarren aro zailenetako bat ixten.

Jarraitu irakurtzen: Txileko konstituzio berriaren aurpegiak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.