CUT sindikatuko nazioarteko arduraduna

Rosalba Gomez Vasquez: «Baliteke Petroren gobernua pixka bat desberdina izatea»

Kolonbiako sindikaturik handienean egiten duen lanagatik mehatxuak jaso izan dituela azaldu du Gomezek.

Rosalba Gomez Vasquez, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Rosalba Gomez Vasquez, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
asier gonzalez de san pedro
Iruñea
2024ko ekainaren 28a
05:05
Entzun

Rosalba Gomez Vasquezek (Medellin, Kolonbia, 1955) «emakume, ama, irakasle, sindikalista eta politikari» gisa definitzen du bere burua, baina urte asko daramatza sindikalismoan lan egiten, CUT Langileen Sindikatu Unitarioan. Orain, nazioarteko harremanetako burua da, eta Euskal Herrira etorri da erreforma sozialen eta bakearen inguruan hitz egitera, LAB sindikatuak gonbidatuta.

Nola sortu zen CUT sindikatua?

CUT hainbat langile elkarte independente elkartzean sortu zen, duela 30 urte inguru. Momentu egokia zen, eta analisirako gune bat sortu zen.

Nolako egoeran daude Kolonbiako lider sozialak?

Kolonbian hainbat motatako indarkeriak daude. Landa eremuan indarkeria asko dago, talde armatuak daudelako: batzuk gerrillarienak eta beste batzuk paramilitarrenak. Talde horien artean dago gizarte zibila. 1984tik hamabi bake prozesu egon dira talde armatu askorekin, eta, orain, ELN Nazioa Askatzeko Armada negoziazioetan dago. Talde horiek gauza bat dira, eta lider sindikalak, beste bat. Lider sindikalok langileen eskubideak defendatzen ditugu, baita emakumeenak, indigenenak eta nekazarienak ere. Horregatik, gobernu askok estigmatizatzen gaituzte, eta aurkariaren jopuntuan kokatzen gaituzte. Gaur-gaurkoz, hamalau sarraski egon dira, eta 36 lider hil dituzte horietan, urte hasieratik. Iaz, 93 sarraski egon ziren, eta horietan 189 buru sindikal hil zituzten. Horietatik 42k bakearen alde sinatu zuten.

Bakearen sinatzaileek armak utzi dituzte, eta bake prozesuan sartu dira gizarte zibil moduan. Guri lider sindikalak izateagatik eta oholtzara bakea eskatzera igotzeagatik erasotzen digute. Aurreko gobernuek egin zuten jazarpena oso gogorra izan da, baina baliteke [Gustavo] Petroren gobernua pixka bat desberdina izatea. Hala ere, gaur egun oraindik talde paramilitarren mehatxuak iristen dira.

Erasoko dizuten beldur izan zara inoiz?

Noski. Ni ere seinalatua izan naiz. 32 urte daramatzat sindikalismoan, eta momentu txarrak igaro ditut. Lehenagoko gobernuek seinalatzen gintuzten, eta, ondorioz, etxera deitzen zidaten, eta eskutitzak iristen zitzaizkidan. Bi seme-alabaren ama naiz, eta biloba bat daukat. Seme-alabek esaten didate erretiratzeko, mehatxuak jasotzen ditudalako eta jazartzen didatelako. Nik ez dut bizkartzainik, baina buru sindikalek lau edo bost dituzte. Baina lasai nago, eta ez dut nahi familiaren bizia arriskuan jarri.

«Nekazariei lurrak itzuli dizkie, [Petrok] Emakumearen Ministerioa sortu du, eta, bakeari dagokionez, aurrerapenak egon dira»

Zer iritzi duzue Gustavo Petroren gobernuaren lehen urteez?

Ontzat jotzen ditut. Mendeetan eskuina egon da boterean, eta beti protestatzen eta kaleak hartzen ibili gara. Orain, lehenengo aldia da gobernu desberdin bat dugula. Ulertu behar da bi urte daramatzala eta ezin direla hainbeste gauza egin epe horretan. Adibidez, nekazariei lurrak itzuli dizkie, Emakumearen Ministerioa sortu du, eta, bakeari dagokionez, aurrerapenak egon dira. Aurten ia sei erreforma egin dira, eta, nahiz eta oposiziokoek gehiengoa izan kongresuan, akordioak lortu dituzte erreformak aurrera ateratzeko. Hala ere, jendeak askoz gehiago espero du gobernuaren partetik.

Erlazio gehiago duzue Petroren gobernuarekin beste gobernu batzuekin baino?

Ni ez naiz bileretan egon, baina bost edo sei aldiz bildu dira. Petro Maiatzaren 1eko manifestaziora joan zen, guk egindako protestetan agurtzen gaitu... Gertutasun handiagoa erakusten du, eta ikuspuntu sozialagoa eta gizatiarragoa du.

Nola doa ELNerekin negoziatzen ari den bake prozesua?

Ondo hasi zen, eta horren adierazle izan zen egin genuen mahai ingurua. M-19ko kide bat, Nazio Batuen Erakundeko bat eta ELN gerrillako kide bat elkartzea lortu genuen. Oso harrigarria izan zen momentu horretan, eta [bake] elkarrizketak asko aurreratu ziren. Baina une batean, zailtasunak egon zirenean, banatu egin ziren, hegoaldekoek hegoaldean negoziatu nahi zutelako. Antza denez, zailtasunak gainditzeko hitz egiten ari dira, negoziazio mahaira itzultzeko.

ELNrentzat garrantzitsua da gizarteak bakea lortzeko negoziazioetan parte hartzea, eta, horretarako, gazteekin, emakumeekin eta nekazariekin biltzen dira, eta haien nahiak entzuten dituzte, eta proposatzen dituzte. Baina espero dut mahaian esertzea negoziatzera. Otty Patiñok [Kolonbiako Bakerako Goi Ordezkariak] esan zuen bezala, gerrillak bake negoziazioak aurreratzeko aprobetxatu behar du Petroren gobernua, eta gero bukaeran bakea sinatu.

«Otty Patiñok [Kolonbiako Bakerako Goi Ordezkariak] esan zuen bezala, gerrillak bake negoziazioak aurreratzeko aprobetxatu behar du Petroren gobernua, eta gero bukaeran bakea sinatu»

Zer-nolakoa da egoera Kolonbiako mugetan?

Venezuelako migrante asko dago Kolonbian, baina iraganean Venezuelak Kolonbiako migrante asko jaso zituen. Jendea haien aurka azaltzen da, baina, niretzat, errespetu guztia merezi dute, eta ondo zainduak izan behar dira. Petroren gobernuak ondo zaindu ditu, osasunean eta hezkuntzan hartutako neurriekin. Pertsona batzuek baldintza txarrak dituzte, eta ez dituzte arau batzuk betetzen; baina gehiengoak bai, eta errespetu guztia merezi dute.

Nazioarteko zein erakunderekin egiten duzue lan?

Guk denekin dugu erlazioa, errespetuz eta errespetatzen erlazionatzen garelako. Guk, CUT bezala, mundu mailako afiliazio bat dugu NKK Nazioarteko Korronte Komunistan, eta LABek, aldiz, Munduko Federazio Sindikalean. Baina, babesa ematen diguten hainbat erakunderekin dugu harremana, Suedian, Herbehereetan, Danimarkan eta, haiekin lan egiten dugu. Baina, adibidez, Suediak hainbat proiektu ezeztatu dizkigu. Gu Errusia eta Ukrainako gatazka negoziazioaren bidez bukatzearen alde azaldu gara, eta hori ez zaie gustatu. Haien ustez, gu Errusia defendatzen ari gara, baina beti esaten dugu gatazka armatuen konponbidea bilatu behar dela edozein tokitan.

Gainera, batzen gaituzten gauzak ditugu: langileak garela, demokraziaren alde borrokatzen garela, internazionalistak garela, langileen eskubideak defendatzen ditugula eta justizia soziala nahi dugula.

Justizia berdina da guztientzat?

Izan beharko luke, baina ez da. Aurreko gobernuetan okerragoa zen. Amnesty Internationalean lan egiten duen batekin hitz egin nuen, eta Caliko istiluen txosten baten berri eman zidan. Lehen Lerroa izeneko taldeko pertsona asko hil zituzten edo desagertu ziren, bista galdu zuten gazteak, milaka atxilotu... Aurreko gobernuek estigmatizatu, seinalatu eta zigortu egiten zituzten. Petrok gauza desberdinak egin ditu. Gazte horiek bake prozesuetako buru bihurtu nahi ditu, edo nahi du kartzelatik atera daitezen. Eta hori ez zaio jende askori gustatu.

Gazte horiei justizia egitea bilatu behar da, askok urte luzeko zigorrak baitituzte. Petrori eskatu behar zaio gazte horiek zaintzeko, justizia sozialarengatik borrokatu zirelako, eta bidezko tratu bat eman diezaietela. Eta indigenak kontuan hartzeko ere bai.

Indigenek sufritzen dute gehien?

Bai, haiek euren lurrak defendatzen dituzte, euren identitateagatik eta kulturagatik borrokatzen dira, eta tratu onagatik. Uste dut, Petrok ardura handia duela indigenekin. Beti laguntzen ari idra, eta guk ere haien beharrei erantzun behar diegu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.