Petroliontzi batek eta zamaontzi batek elkar jo dute Ipar itsasoan

Bi itsasontzien arteko istripua Britainia Handiko kostaldetik hurbil gertatu da. Petroliontzitik erregaia isuri dela baieztatu dute, eta zamaontziak gai kimiko toxikoak garraiatzen zituen.

Bi itsasontziek su hartu dute elkar jo ostean. BBC
Bi itsasontziek su hartu dute elkar jo ostean. BBC
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko martxoaren 10a
18:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Petroliontzi batek eta zamaontzi batek elkar jo dute gaur goizean, Ipar Itsasoan, Yorkshireko kostaldetik hurbil (Britainia Handia). Tripulazioetako kide guztiek itsasontzietatik irtetea lortu dutela jakinarazi du Salbaontzien Errege Erakunde Nazionalak; eta horietatik bat hospitalera eraman dutela zehaztu du Graham Stuart Alderdi Kontserbadoreko diputatuak. Gaineratu du «kezkatuta» dagoela istripuak eragin dezakeen kalte ekologikoa dela eta. Izan ere, petroliontziaren jabeak, Crowley logistika enpresa estatubatuarrak, ohar batean baieztatu du itsasontziak erregaia garraiatzen zuela, eta itsasora isuri dela. Gainera, Erresuma Batuko hedabideen arabera, zamaontziak sodio zianuroa zeraman, gai kimiko toxiko bat.

Grimsby eta Hull hirietatik hurbil gertatu da bi ontzien arteko istripua, Humber estuarioan, Ingalaterrako ekialdeko kostaldean. Naturagune babestua da Humber estuarioa, batez ere bertan bizi diren itsas hegaztiengatik. Horregatik, talde ekologistek kezka agertu dute. Greenpeaceko Erresuma Batuko bozeramaileak BBC telebista kateari adierazi dio «goizegi» dela kalteak zenbatekoak izango diren jakiteko. Istripuaren ostean bi itsasontziek su hartu dute, eta BBCk zabaldu dituen irudietan ke beltzak inguratuta ageri dira bi ontziak.

Petroliontziak AEBetako bandera du, eta zamaontziak, Portugalgoa. Oraindik ez dute argitu zerk eragin duen istripua. Petroliontziak Stena Bulk Suediako enpresarentzat egiten du lan, eta enpresa horretako zuzendari nagusi Erik Hanellek BBCri esan dio «goizegi» dela ezbeharraren arrazoien inguruan «espekulazioak» egiteko. Halere, Crowley enpresaren arabera, zamaontziak jo du petroliontzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.