Petrolioa 'offshore' esplotatzeko asmotan

Zenbait ingurumen erakundek ohartarazi dute hidrokarburoak 'offshore' bilatu eta ustiatzeak atzera-bueltarik gabeko eragin larria duela hala itsas ekosistemetan nola kostako hirietan.

Buenos Aires
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Iragan abenduan, ingurumeneko eta Garapen Iraunkorreko Ministerioak 436/2021 ebazpena onartu zuen, Argentinako itsasoan petrolioa ustiatzeko bidea ematen duena. Inoiz ikusi gabeko mobilizazioak piztu zituen albisteak kostako hirietan, proiektua geldiarazteko asmoa zutenak. Ebazpenaren bidez, izan ere, onespena eman zioten Argentina iparraldeko ibarrean petrolio hobiak bilatu eta ustiatzeari, eta Energia Idazkaritzaren esku utzi zuten ingurumen araudiaren aplikazioa.

Planaren arabera, 1.000-3.500 metroko sakoneran bilatu ahalko dute petrolioa, plataforma kontinentalean. Lehen aldiz onartu da ur sakon eta ultrasakonetan halako operazioak egitea. Esplorazio sismikorako frekuentzia oso apaleko uhinak igorriko lituzkete hilabeteetan, etengabe eta behin eta berriro, aire konprimatuko kanoien bidez. Hegoaldeko Petrolio Behatokiko Victor Quilaqueok zera azaldu zuen: «Oso zaila da jakitea zer eragin izango duen halako esplorazio batek Argentinako itsasoan, ez baita benetako ikerlanik egin hori jakiteko».

Baleen Kontserbaziorako Institutuak esana du hain intentsitate handiko soinuek eragina dutela zetazeoen funtzio biologiko funtsezkoetan, eta kalte fisiologiko eta fisikoak egiteko modukoak direla, hilgarriak gertatzeraino.

Otsailean, petrolioa ustiatzearen kontrako mobilizazioak bizi-bizi zeudela, justiziak babes judizialerako lau prozeduraren alde ebatzi zuen: proiektua geldiaraztearen alde, hain zuzen. Funtsean, argudiatu zuen, batetik, egia dela ez dela aztertu nolako eragin sozial eta biologikoak izango lituzkeen proiektuak, eta, bestetik, akatsak izan direla herritarren parte hartzeari dagokionez.

Alde horretatik, hizpidera ekarri zituen parte hartze demokraziaren inguruan indarrean dauden zenbait arau, hala nola Ingurumen Lege Orokorrekoak, Escazuko Akordiokoak eta Informazio Publikoa Eskuragarri Jartzeko Akordiokoak, zeinak gobernuak bultzatzen baititu ingurumen eraginen inguruko informazio guztia ematera entzunaldi publiko batera deitu aurretik. Iazko uztailean, Ingurumen Ministerioko Klima Aldaketarako Idazkaritzak entzunaldi publiko bat antolatu zuen; 300 lagun pasatxok parte hartu zuten —zientzialariak, ingurumen elkarteetako kideak eta herritarrak—, eta haien mintzaldien %90 baino gehiago proiektuaren kontrakoak izan ziren.

Quilaqueoren iritziz, «hidrokarburoen muga haragotu ahala, berriki Argentinako jurisdikzioan sartutako lurraldeak okupatzen dituzte atzerriko enpresa batzuek, eta hortxe geratzen dira. Horrek ahuldu egiten du estatu nazionala, eta higatu egiten du komunitateetako eta probintzietako kideen parte hartze demokratikoa, eskuragarri dauden baliabideei dagokienez». Era berean, muga hori haragotzeak menpeko ekonomia eredu bat bultzatzen du, eta ehun soziala ahuldu, lurralde kaltetuen aniztasun produktiboa eta erreproduktiboa baitu ehun horrek oinarri. «Portuen kokapenak ez ezik, hidrokarburoak ustiatu, bildu, prozesatu eta banatzeko azpiegiturek ere eragina dute kostaldeko inpaktuan», argitu du Quilaqueok.

Gobernuaren argudioak

Errusiaren eta Ukrainaren artean gerra hasi ondorengo nazioarteko jokalekuan, hidrokarburoak funtsezkoak dira energia eskaria betetzeko. Argentinako inflazio egoeraren eta krisi ekonomikoaren ondorioz, gobernuak aurrera segitzen du politika estraktibistetan, baina halako politikek klima krisia okertzen dute, baso suteak eta uholde arriskua eraginez. Gobernuak dio, ordea, petrolioaren offshore jarduerak mesede egingo diola «autohorniketari eta energia subiranotasunari», eta «enplegu ugari» sortuko dituela.

Gobernuak ebazpen baten bitartez bide eman zion Mar de Platako petrolio ustiaketari, baina Apelazio Ganberak ez du erabakirik eman oraindik. Bitartean, Ingurumen Ministerioak «kontsulta publiko goiztiar bat» jarri zuen bere webgunean hilaren 5etik 18ra. Asmoa da urritik 2023ko martxora artean hastea esplorazioa. Lehen hobia Mar de Platatik 315 kilometrora dago, eta Equinorrek, Shellek eta Petrolio Hobi Fiskalak enpresek egingo dituzte esplorazioak, 2.000 metro sakonera.

Energia idazkari Dario Martinez Mar de Platara iragan hilaren 16an, petrolioaren arloan arituko diren langileak trebatzeko ikastaroak egiteko itun bat sinatzeko. Gobernua, berriz, apiriletik ari da kostako zenbait tokitan hidrokarburoa ustiatzeko kontzesioak luzatzen; esaterako, Total, Wintershall eta Panamerican Energies enpresei 2041era arte luzatu diete kontzesioa Itsas Arro Australean hidrokarburoak ustiatzeko.

Halako ustiaketek ekartzen dituzten ondorioen erakusgarri, munduaren historian ur gezetan izan den hidrokarburo isuririk handiena izan zen Argentinan 1999an: Magdalena probintzian, Rio de la Platako kostaldean, Shell enpresaren petrolio gordina uretara isuri zen, ugari. «Ondorio askotarikoak izan zituen: hezeguneei eragin zien, turismoari, eta ekonomiari ere bai», kontatu du Quilaqueok. 23 urte pasatu diren honetan, oraindik zabalik dago Magdalenak Shellen aurka egindako auzi eskearen kausa judiziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.