Kolonbiako presidente Gustavo Petrok gaur aurkeztuko dio NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari indarkeria utzi zuten FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileko kideekin adostutako «ekintza plan bat», eta 2016ko bake akordioa betearazteko epea luzatzea eskatuko dute, «bost edo zortzi urte». Hain zuzen ere, hamabost urteko epea ezarri zuten 2016an. Petrok gerrillari ohiek sortutako Komunen Alderdiko kideekin osatu du txostena.
Txosten horrek «larrialdiko neurriak eta ezohiko neurriak» dituela azaldu dute, eta horiek prozesua bizkortzen lagunduko dutela dio Luis Gilberto Murillok, Kolonbiako Atzerri ministroak. Azaldu du plan horrek lagunduko duela adostutakoa betetzen uzten ez duten «oztopo estrukturalak kentzen». Oztopoak, estrukturalak izateaz gain, «instituzionalak, aurrekontukoak eta juridikoak» ere badirela esan du. Txostenak hiru ardatz nagusi ditu: nekazaritza erreforma bat egitea, lurraldea eraldatzea eta «egia judiziala guztiz argitzea».
Izan ere, maiatzen NBEren aurrean salatu zuen Kolonbiako Gobernua ez dela ari betetzen 2016ko Bake Akordioan adostutakoa, eta horrek «odol isurtzeak» ekar ditzakeela uste du Petrok. Haren iritziz, Juan Manuel Santosen gobernuak —2010-2018 urte bitartean izan zen Kolonbiako presidente— bakea sinatu zuen, baina ez da bete adostutako lehen puntua. Puntu horrek dio landa erreforma bat egin behar dela eta egia eta justizia izango dutela helburu.
Petrok astelehenean X sare sozialaren bitartez iragarri zuen txostena prestatzen ari zela: «Txosten bat prestatzen ari gara NBEren Segurtasun Kontseiluarentzat akordioa betetzeko, eta behar dituen aldaketak herriarekin eztabaidatu behar dira, nazio mailako akordio bat lortzeko».
«Presidenteak oso argi utziko du Kolonbiak konpromisoa duela akordioa betetzeko, baina erabateko bakera lotuta daudela, gatazka aldatu egin baita»
LUIS GILBERTO MURILLOKolonbiako Atzerri ministroa
«Presidenteak oso argi utziko du Kolonbiak konpromisoa duela akordioa betetzeko, baina erabateko bakera lotuta daudela, gatazka aldatu egin baita», adierazi zuen Atzerri ministroak. Horretarako, Segurtasun Kontseiluaren «aho batezko babesarekin» jarraitzeko eskatuko duela esan du, baina 2016ko bake akordioa betetzeko asmoa dutela oraindik ere.
Europar Batasuna ere, ados
Kolonbiako bake prozesurako EB Europako Batasuneko mandatari berezi Adrianus Koetsenruijterri «zentzuzkoa» iruditzen zaio eskaera, prozesua «gogorra eta luzea» baita. Epea luzatzearekin ere ados azaldu da: «Ez da arazo bat». Eskaera ez zaio «porrot bat» iruditzen; hala ere, Efek egindako elkarrizketan esan duenez, uste du bake akordioaren emaitzak ikusi behar direla.
Badaki ez dela «erraza» bake akordioa betetzea, baina puntu batzuetan arrakasta izan duela uste du Koetsenruijterrek, eta Egiaren Batzordea jarri du horren adibide. Beste batzuetan aurrerapauso gutxi izan dela adierazi du, eta «garrantzitsua» iruditzen zaio beste puntu horiek kritikatzen dituztenei entzutea.
Indarkeriari dagokionez, badaki indarrez erantzuteko tentazioa dagoela Kolonbian, El Salvadorren bezala, baina bakean oinarritutako akordioek «merezi» dutela uste du, «luzera begirako irtenbideak lortzeko». EBk Kolonbiako Gobernuari babesa emango diola gehitu du mandatari bereziak, nahiz eta ez dituen «aurrerapenak» ikusi.
Lider sozialen babesa
Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Bulegoaren arabera, indarkeria gehien jasaten dutenak lider sozialak eta giza eskubideen defendatzaileak dira. Bulegoak lider sozialen 105 hilketa egiaztatu zituen 2023an, eta 2024an 98 salaketa jaso ditu. Horregatik, Koetsenruijterrek dio indarkeriarekin zero tolerantzia izan behar dela, eta azaldu du «asko» gelditzen dela indigenen, afro-kolonbiarren, emakumeen eta haurren bizi baldintzak eta segurtasunik eza hobetzeko.