Eskoziako Poliziak Peter Murrel SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko zuzendari exekutibo izandakoa atxilotu du gaur «susmagarri» gisa, alderdiaren finantzaketan irregulartasunak egon direlakoan. Murrel Nicola Sturgeon lehen ministro ohiaren senarra da —2014az geroztik zen lehen ministro, eta dimisioa eman zuen otsailean; Humza Yousafek ordezkatu du joan den astean—. Sturgeonen dimisiotik hilabetera gauza bera egin zuen Murrelek: hogei urtez alderdiko zuzendari exekutibo izan ostean, kargua utzi zuen, zentsura mozio bati aurre egin beharko ziola uste baitzuen.
Polizia ikertzen ari da ea SNPk eguneroko gastuetara bideratu dituen Eskoziako bigarren independentzia erreferendumerako jasotako donazioak; denera, 600.000 libera esterlina. Eskoziako Poliziak ez du xehetasun gehiagorik eman; Murrel itauntzen ari dira, eta hainbat miaketa egiten ari dira Eskoziako Gobernuaren menpeko hainbat helbidetan. Yousaf lehen ministroak adierazi du ez dutela ikerketa «inolaz ere oztopatuko». Alderdiari «bestelako buruzagitza bat» eman diezaiokeela azaldu du; horretan «giltzarri» izango dira «gobernantza eta gardentasuna».
Ohar bidez, SNP alderdiak adierazi du «ez litzatekeela egokia» itxi gabe dagoen Poliziaren ikerketa bati buruz komentariorik egitea. Gehitu du ikerketarekin «elkarlanean» daudela eta hala «jarraituko» dutela.
2021ko maiatzean, Douglas Chapman orduko alderdiko diruzain nazionalak ere dimisioa eman zuen, karguan urtebete baino gutxiago zeramanean, «finantzen inguruko informazio nahikoa» ez zuelako jaso.