Azken ikerketen arabera, Guadalupeko herritarren %95engan eta Martinikakoen %92rengan topa daitezke klordekonaren aztarnak, bai eta bi uharte horietako lurrean eta uretan ere. Itsasoz haraindiko bi departamenduotan bananondoetako gurgurioaren aurka erabili zuten pestizida mota hori 1972. eta 1993. urteen artean. Haren eraginari buruzko sei hilabeteko ikerketaren ostean, auziari buruzko txostena aurkeztu zuten atzo Frantziako Asanblea Nazionalean.
Frantzian, 1968tik ezagunak ziren pestizida horren ondorioak, eta parlamentuko batzorde batek hura erretiratzeko ere eskatu zuen. Baina, hala ere, 1981ean, merkaturatzeko baimena eman zuen Parisek. «Gaur egun, ulergaitza da erabaki hura, kontuan izanik bagenuela haren arriskuen berri», azaldu du Luc Multigner ikertzaileak.
Frantziako presidente Emmanuel Macronek iaz bi departamenduetara egindako bisitan dagoeneko onartu zuen estatuak «bere erantzukizuna aitortu» beharko duela. Urrunago doa pestizidaren ondorioak ikertzeaz arduratu den batzordea, eta «berandu eta motel» erantzutea egotzi dio estatuari.
Txostenaren arabera, 1991. urtean Europako Batasunak zuzentarau bat onartu zuen Frantziaren menpeko bi departamenduotan klordekona erabiltzea debekatzeko. Baina François Mitterranden gobernuan izandako bi Nekazaritza ministrok indargabetu egin zituzten zuzentarauok, nekazarien eta enpresarien presioari men eginez. Dokumentuak, baina, bestelako erantzule batzuk ere aipatzen ditu, tartean bi uharteetako hautetsiak, zeintzuek pestizidaren erabilera bultzatu zuten, Guadalupe eta Martinikako ekonomiaren oinarri den banana ekoizpena gain behera joan ez zedin.
Banana izan da urte luzez bi lurralde horietako ekonomiaren sostengu nagusia. Urtero 270.000 tona esportatzen dituzte, eta kantitate horretatik %70 inguru Frantzian kontsumitzen da; beraz, ez da harritzekoa pestizida gurgurioaren aurka eraginkorra zela frogatutakoan hura erabiltzen hasi izana. Orotara 300 tona isuri zituzten, mundu osoan ekoiztutakoaren %17 inguru. Frantziak berak pestizida debekatu eta gero ere hura erabiltzen jarraitu zuten bi departamenduetan.
Osasun arazoak
Hogei urtean baino gehiagoan erabili zuten pestizida horren arrastoak nonahi aurkitu daitezke egun Guadalupen eta Martinikan; besteak beste, batatetan, arrautzetan, ur gezako arrainetan edota oskoldunetan, baina, batez ere, gizakietan. Ikerketaren arabera, bi uharteotako herritarren %90en odolean aurki daitezke pestizida arrastoak.
Molekula horrek 500-600 urte behar ditu lurzorutik erabat desagertzeko. Arazoa da, ordea, tarte horretan uretara ere zabaltzen delaeta handik landare eta animalietara, eta, finean, gizakietara. Azken horietan osasun arazoak eragiten ditu pestizidak; besteak beste, erditze goiztiarrak eragin eta umekiaren garapena oztopa dezake. Horrez gain, minbizi- eragilea ere badela uste dute zientzialariek.
Klordekonaren eta minbiziaren arteko harreman zuzena frogatua ez dagoen arren, nabarmentzekoa da Martinikak eta Guadalupen prostatako minbizi kasu asko atzeman dituztela azken urteetan. Martxoan argitaratutako ikerketa baten arabera, pestizida horrekin kontaktuan egon izan diren gizonek minbizi mota hori garatzeko bi aldiz arrisku handiagoa dute.
«Berandu» erreakzionatu izana egozten dio txostenak Frantziako Gobernuari. Haren arabera, gobernuak ezagunak zituen pestizida horren kalteak, eta, hala ere, haren merkaturatzea eta erabilera babestu zituen. «Erabilera hori babestu zuten enpresari, nekazari eta udal gobernuek». Hori dela eta, dokumentuak kalte-ordainak eskatzen ditu nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen direnentzat eta, batez ere pestizida haren erabileraren ondorioz osasun arazoak izan dituztenentzat.
Horrez gain, haren ondorioak murrizteko neurriak eta klordekonak osasunean duen eragina zehatzago ikertuko duen batzorde bat osatzeko ere eskatzen du txostenak. «Ingurumenari, ekonomiari eta osasunari kalte egin die pestizida hori erabiltzeak, eta sufrimendua eragin die milaka herritarri. Horri erantzuteko, beharrezko tresnak ezarri behar ditu gobernuak». Kalte-ordainei buruzko erabakia, ordea, datorren urtean hartuko du Parisek.
Aholkuak
Eragindako kaltea aitortu du Frantziak, neurri batean behintzat. Orain, bigarren urratsa egitea dagokio: alegia, kalte-ordainak zehaztea. Hori datorren ikasturterako utzi du gobernuak. Bien bitartean, hala ere, hainbat aholku biltzen ditu atzo aurkeztutako dokumentuak.
Lehenik eta behin, Klordekona plana gisa izendatu dutena abian jarri beharko luke Parisek, horretarako lurraldeetan batzordeak osatu, kaltetuen beharrak zehaztuko dituena. Lur kutsatuak garbitzeko neurriak ere jaso beharko lituzke ekinaldi horrek. Lehentasuna, hala ere, osasun neurriei eman diete. Alde horretatik, klordekonak osasunean duen eragina ikertuko duen azterketa baten beharra nabarmentzen du. Prozesu guztia gainbegiratuko duen batzorde baten sorrera ere aurreikusten du dokumentuak.
Pestizida batek eragindako kalteen erantzule egin dute Frantziako Estatua
Martinikan eta Guadalupen erabili zuten klordekona, 1972 eta 1993 artean. Erditze goiztiarrak eragiteaz gain minbizi-eragilea ere badela uste dute adituek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu