Peru. Ketty Marcelo Lopez. Onamiap Peruko Andeetako eta Amazoniako Emakume Indigenen Erakunde Nazionaleko presidentea

«Perun hil egiten gaituzte; diktadura zibiko-militar batean bizi gara»

Buruzagi indigenak azaldu duenez, Castilloren atxiloketa «bidegabeak» ez ezik, Perun duten krisi sozialak eta arrazakeriak ere eragin dituzte egungo protestak: «Ez dugu amore emango».

KETTY MARCELO LOPEZ.
Mikel O. Iribar.
2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun

Ketty Marcelo Lopezentzat (Chachamayo, Peru, 1976), demokrazia «herriak» duen boterea da. «Baina, zoritxarrez, Peruko herriak ez du botererik, eta, beraz, ez gara demokrazian bizi». Peruko Andeetako eta Amazoniako Emakume Indigenen Erakunde Nazionaleko (Onamiap) presidentea da Lopez. Emakume indigenak ahalduntzeko helburuarekin eratu zuten duela hamalau urte, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean. «Zentralismoaren ondorioz», Liman dute egoitza nagusia, baina badituzte bulegoak herrialdeko beste zenbait eskualdetan; hain zuzen, Selva Centraletik hitz egin du telefonoz BERRIArekin. Kezkaz dakusa bere estatuan zer gertatzen ari den.

Ikusi gehiago:Peruko Kongresuak ez du onartu hauteskundeak abendura aurreratzea

Zergatik atera dira kalera Peruko herritarrak eta indigenak?

Botere ekonomikoak azken 30 urteotan herrialdean izandako hegemoniaren ondorioa da Peruk egun bizi duen krisi politiko eta soziala. Halere, 2016an ikusi genuen herria esnatzen hasi zela. Urte hartatik, gainera, ziurgabetasunean murgilduta egon gara herritarrok, baita Peruko Gobernua ere; izan ere, azken sei urteotan sei presidente izan ditugu. Botere betearazleak eta botere legegileak izugarrizko lehia izan dute euren artean. Eta dema hori, batez ere, 2021ean nozitu genuen gehienbat, presidentetzarako bigarren itzuliko hauteskundeak egin zirenean; Pedro Castillo eta Keiko Fujimori [Alberto Fujimori estatuburu ohiaren alaba] ziren hautagaiak. Orduz geroztik, klasismoa, arrazismoa, eta duela 200 urtetik bizi dugun kolonialismoaren ondorioak nabarmen jasaten ari gara. Limatik goitik behera egiten digute so indigenoi.

Dena den, Castillo Fujimoriri ozta-ozta nagusitu zitzaion.

Bai, baina kontua da eskuin kontserbadorearen aldekoek landa eremuetako eta eremu indigenetako emaitzak baliogabetu nahi zituztela. Ez zuten Castilloren garaipena onartu, eta hark jazarpen politiko oztopatzailea pairatu zuen Kongresuaren, elite ekonomikoen eta komunikabideen aldetik. Edozergatik ere, Castillo presidente kargutik kentzeko mozioak aurkeztu zituzten. Hori dela eta, herrialdea polarizatu egin zen.

Zer eskatzen duzue zehazki?

[Dina] Boluarte presidenteari kargua uztera dei egiten diogu, baita Kongresuak batzorde iragankor bat izendatu dezala ere. Horrez gain, ez dugu eskatzen kongresu konstituziogile bat eratzea, batzorde konstituziogile bat baizik, subiranoa, plurinazionala, parekidea eta herrikoia izango dena; izan ere, ezin dute hauteskundeetara deitu egun indarrean dauden legeekin. Arau horiek aldatzea nahi dugu, ezin baikara konstituzio eredu horren menpe bizi.

Halere, Boluartek ez du kargua uzteko asmorik, eta Polizia gogor ari da oldartzen manifestarien aurka.

Gaur-gaurkoz, Boluartek gutxienez hirurogei hildako ditu bere mahai gainean [65era igo da kopurua]. Abenduan larrialdi egoera ezarri zuenetik, ez ditugu konstituzioko oinarrizko eskubideak. Polizia manifestarion aurka gogor oldartzen ari da, negar gasa erabiliz. Gobernuak uste du akitu eta laster etxera itzuliko garela, baina oker dabil.

Iragan astean, Boluartek barkamena eskatu zien hildakoen senideei. Zer duzu esateko?

Hasteko, Boluarte herriak hautatu gabe heldu da agintera, eta ez dugu ahaztu behar Kongresuak artxibatu egin zuela haren aurkako salaketa bat. Galderari erantzunez, Boluarteri esango nioke ez dagoela barkamenik, haren aginduz geure seme-alabak eta anai-arrebak hil ondotik. Horrez gain, presidenteak esana du Puno eskualdea ez dela Peru. Hark egindako hitzaldiak Limara bakarrik zuzenduta doaz, herrialdearen barnealdeko herriak existituko ez balira bezala. Peruko Estatistika Institutuaren arabera, hegoaldeko herritarren %88k ez dute onartzen Boluarte estatuburutzat.

Boluarte bakarrik ari da gobernatzen? Zein dago horren guztiaren atzean?

Botere ekonomikoak Boluarte bahitu egin duela uste dugu. Halere, ez dugu ahaztu behar Peruko Ministroen Kontseiluko presidente Alberto Otarola aurrez Fujimoriren agintaldian [1990-2000] aritu zela. Halere, Otarolak itzal handia egiten dio Boluartek gidatzen duen gobernuari. Presidenteak eta gobernuko ministroek demokraziaren martiri gisa izendatu zuten euren burua, zilegitasunik gabe.

Zuen erakundea Castilloren aldekoa al zen?

Castillo agintera iritsi zen unea historikoa izan zen indigenontzat. Bagenekien, ordea, Castillori ez ziotela gobernatzen utziko. Aitzitik, salatu izan ditugu Castillok hartutako erabaki desegoki batzuk, zeinak indigenon aurkakoak izan baitira. Dena ez da zuria eta beltza.

Zer zen Castillo zuentzat?

Castillo bazen norbait gure komunitatea ordezkatzen zuena. Alejandro Toledoren [Peruko presidente ohia, 2001-2006] aldean, Castillo eskualde txiki batetik joan zen Limara. Indigenok sentipena genuen hark geure agenda eskuan eramango zuela; besteak beste, giza eskubideak. Baina, berriz diot: ez zioten agintzen utzi.

Botere ekonomikoarentzat mehatxua zen Castillo gobernu jauregian egotea?

Bai [ozen erantzun du]. Izan ere, Castillok batzorde konstituziogile bat eratzeaz hitz egiten zuen. Ekinbide hori, ordea, ez zen botere ekonomikoaren gustukoa, eta orduko presidentea argudiorik gabe uzten saiatzen ziren aldiro. Horrek guztiak pedagogia egiteko bide eman zigun, Castillok agintean urte eta erdi iraun zuen bitartean. Elitearen arabera, indigena bat ezin da boterean egon; alkate edo eskualdeko gobernadore izan daiteke, baina ez dago harentzako presidente izateko lekurik, ezta hautagai izateko aukerarik ere, bestela Castillok bezala amaituko baitu: preso.

Zehazki, Castillok hitzeman zuen meatzaritzari, petrolio industriari eta nekazaritza esportazioari buruzko legeak berrikusiko zituela aurten. Elite politikoak bere burua arriskuan ikusi zuen?

Noski. Enpresa handien lege kontratuak berrikusteko garai erabakigarrian geunden. Botere ekonomikoak ez zuen nahi zerga erreforma indarrean ezartzerik; zehazki, enpresek natura ustiatzen eta ingurumena kutsatzen jarraitu nahi izan dute. Gauza argi bat ikusi dugu: oligarkak eta kolonialistak ohartzen direnean euren pribilegioak arriskuan daudela, bost axola zaie indigenak hiltzea. Dominatzailearen izaera da hori.

Castillo presidente karguan egon zen bitartean, bertako hedabideek nola jokatu zuten?

Grupo El Comercio oligopolioko komunikabideek partzialtasunez jokatu zuten, euren ugazabei eta kapitalismoari men eginez. Halaber, beldurra haizatzen hasi ziren herrialdean, ohartaraziz Peruk Kubaren edota Venezuelaren hondoa joko zuela edota prezioak igoko zirela. Hori guztia Castillori egozten zioten, baina kontua da herrialdearen ekonomia enpresa handiek gidatzen dutela. Hedabideek ez dute egia kontatzen.

Zer gertatu zen abenduaren 7an? Castillok zergatik hartu zuen adostu gabeko erabaki hura?

Kongresuak azken urte eta erdian presidente kargutik kentzeko mehatxuak egin zizkion Castillori. Argi ikusi dugu legeak hauskorrak direla; Kongresuak sudur puntan jartzen zitzaiona egiteko zilegitasuna zuen. Castilloren aurkako bi zentsura mozio aurkeztu zituzten, baina bietan ez zuten gehiengoa lortu. Hirugarren zentsura mozioa egitekoak ziren egunean, ordea, uste da bultzatzaileek Castilloren Peru Libre alderdiko zenbait diputaturekin negoziatu zutela. Antza, bozketa egin aurretik, orduko presidenteak Kongresua desegiteko erabakia hartu zuen, estatu kolpea zeritzona. Jarraian, hainbat ministrok dimisioa eman zuten, eta Castillo bakarrik utzi. Ez dakigu zerk bultzatu zuen erabaki hori hartzera; agian, beldurrak. Egia esateko, herriaren eskakizuna izan zen Kongresua desegitea, legearen kontrakoa izan arren.

Castillo atxilotu zutenean, zer sentitu zenuen?

Haserretu egin nintzen, eskuinak hasieratik nahi zuena lortu baitzuen: herriak hautatutako indigena agintetik kentzea. Horrez gain, mezu bat ere igorri ziguten: elite ekonomikoarekin negoziatu ezean, komunitate indigena inoiz ezingo zela botere gorenera heldu. Hain zuzen, enpresa handi eta mafiosoek ordezkariak dituzte Kongresuan. Haien erruz, hezkuntza publikoa erabat amildu da, eta giza eskubideak zapalduta daude.

Arraza diskriminazioa jasaten ari zarete egun?

Kolonialismo garaira itzuliko bagina bezala gaude; erabateko diskriminazioa bizi dugu. Komunikabideek hauspotuta, Perun hedatu dute indigenok ez dakigula ezer. Horrek ulertarazten du bakoitzak bere lekua duela: «Barnealdean jaio bazara, gera zaitezela han, lurra goldeaz iraultzen. Gu arduratuko gara laguntza emateaz, baina ez daukazu hiriburuan ezer egitekorik».

Nola dakusazu herrialdearen geroa?

Batzorde konstituziogile bat eratu arte komunitate indigena ez da isilik geratuko. Borroka luze bat dugu aurretik, herria esnatu egin baita. Gero eta herritar gehiago biltzen ari dira mobilizazioetan, batez ere gazte asko; indarrez eta antolatuta datoz. Estatuaren errepresioa handia den arren, borrokan jarraitzeko esperantza eta adorea dugu, gure herrialdea botere ekonomikoak gobernatu ez dezan.

Zer mezu igorriko zenioke nazioarteari?

Perun hil egiten gaituzte; diktadura zibiko-militar batean bizi gara. Nik ez dakit gaur manifestatzera atera eta gero etxera itzuliko naizen ere. Beraz, nazioarteari eskatzen diogu Peruko Gobernua estutu dezala, eskura dituen bide demokratikoak erabilita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.