Peru

Peruko Kongresuak bozak 2024ko apirilera aurreratzea onartu du

Boluartek nabarmendu du bera buru duen gobernua «trantsiziokoa» dela. Ezkerrak eskatu du prozesu konstituziogile baterako kontsulta bat bultzatzeko.

Dina Boluarte Peruko presidentea, atzo, ekitaldi instituzional batean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 21a
10:53
Entzun

Hauteskundeak 2024ko apirilera aurreratzeko lege proiektu bat onartu du Peruko Kongresuak goizaldean. 93 diputatuk Konstituzioaren Batzordeak aurkeztutako testuaren alde bozkatu dute, 30ek kontra, eta bat abstenitu egin da. Dina Boluarte herrialdeko presidentea bozak aurreratzearen aldekoa da. Berez, 2026ra arte goberna dezake, orduan amaitzen baitzen Pedro Castillo kargugabetuak iazko uztailen hasitako agintaldia. Joan den ostiralean, hauteskundeak 2023ko abenduan egitea baztertu zuen ganberak.

Ikusi gehiago: Atxilotu egin dute Castillo, kongresua desegin eta salbuespenezko gobernu bat ezarri ostean

Duela bi aste piztutako krisi politikoak eragindako protestetan 26 pertsona hil dira. Manifestariek eskatzen dute Kongresuaren jarduna bertan behera geratu dadila, eta hauteskundeak berriro egin ditzatela. Gobernuak argudiatu du, ordea, denbora behar duela bozetara bermeekin deitzeko erreformak onartzeko. Boluartek Kongresuko saioan nabarmendu du «trantsiziokoa» dela bera buru duen gobernua, eta ez duela 2026ra arte gobernatuko, «herritarren borondatea modu ahalik eta zabalenean» interpretatu duelako. Herritarren %83 hauteskundeak 2026aren aurretik egitearen aldekoak dira, Peruko Ikerkuntzarako Institutuak joan den astean argitaratutako inkesta baten arabera.

Gobernuaren arrazoiak gorabehera, ezkerreko diputatuek eskatu dute planteatutako erreformen artean bildu dezatela prozesu konstituziogile baten deialdiari buruzko kontsulta bat. Eskuineko sektoreak, aldiz, proposamen horren aurka agertu izan dira.

Ikusi gehiago:Bozak «aitzakiarik gabe» aurreratzera deitu du Boluartek Kongresua

Protestarik handienak herrialdearen hegoaldean egin dituzte. Boliviarekin eta Txilerekin muga egiten du han Peruk, eta Boliviako Gobernuak jakinarazi du, hain justu, muga ireki duela Desaguaderon. Itxita egon da Castilloren aldekoek ezarritako blokeoaren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.