Peruko bozak urrira aurreratzeko lege proiektua aurkeztu du gobernuak

Boluarteren proposamenaren arabera, haren agintaldia abenduaren 31n amaituko litzateke, eta hurrengo kargudunarena, 2028ko uztailean

Peruko Polizia herritar bat atxilotzen, Boluarteren aurkako manifestazio batean, herenegun, Liman. ANTONIO MELGAREJO / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Peru zurrunbilo betean da. Latinoamerikako herrialde hori krisi politiko eta soziala gainditu ezinik dabil, besteak beste, iazko abenduaren 7an lehen protesta handiak piztu zirenetik Pedro Castillo presidente zenaren atxiloketaren eraginez. Milaka manifestarik eskatu dute Dina Boluarte egungo estatuburuak kargua utz dezala, eta hauteskundeak aurreratu eta aurten egin daitezela. Bada, atzo, Peruko Kongresuak ez zuen onartu bozak abendura aurreratzea. Bidegurutze horretatik ateratzeko helburuarekin eta Boluartek hala eskatuta, gobernuak konstituzioa erreformatzeko lege proiektu bat aurkeztu zuen ganberan herenegun, azken orduan—Euskal Herrian atzoko goizaldean—; besteak beste, bozak urriaren 8ra aurreratzeko, gobernuaren agintaldia abenduaren 31n amaitzeko eta 2021eko hauteskundeetan hautatutako diputatuak ordezkatzeko.

«Sentitzen dut Kongresuak hauteskundeak aurreratzeko beharrezko adostasuna lortu ez izana. Azken mezuan nazioari iragarri nion bezala, berehala aurkeztuko dugu agintariak 2023an demokratikoki aukeratu ahal izateko lege proiektua», baieztatu zuten, presidentetzak zabaldutako mezu batean. Bide horretan, Boluartek lege proiektua berrikustea galdegin zion ganberari, «herrialdeak egindako premiazko eskaera aintzat hartuta». Horiek horrela, lehen ministro Alberto Otarolak atzo iragarri zuen lege proiektua Kongresuko Mahaiaren esku dagoela jada.

Ministroen Kontseiluak onartutako proiektuak xedatzen duenez, presidenteak hauteskunde orokorretara deituko luke datorren urriaren 8rako, hurrengo estatuburua eta diputatuak aukeratzeko; hori bai, beharrezkoa balitz, bozen bigarren itzulia abenduan egingo lukete. Proposamenak lau xedapen iragankor berezi jasotzen ditu: lehen xedapenaren arabera, Boluarteren agintaldia abenduaren 31n amaituko litzateke, eta biltzarkideen jarduna, abenduaren 29an. Bigarren xedapen dioenez, urrian hautatutako presidenteak abenduaren 31n hartuko luke kargu hori, eta 2028ko uztailaren 28an amaituko luke agintaldia; hautatutako diputatuek abenduaren 29an ekingo liokete jardunari, 2028ko uztailaren 26ra arte.

Herenegun, bozak abendura aurreratzeko aurkeztutako testuaatzera bota zuen Kongresuak, eta, hain zuzen, handik ordu batzuetara, gobernuak konstituzioa erreformatzeko lege proiektua aurkeztu du. Atzo beste lege proposamen bati buruz bozkatzekoak ziren, hauteskundeen eguna aldatzeaz gain, batzorde konstituziogile bat eratzea hizpidera ekartzen zuena; baina, bozketaren aurreko informazioen arabera, ez zuen ziurtatua aski babes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.