Pertsonen aurkako minak bidaliko dizkio Bidenek Ukrainari

Ukrainak sinatua du Ottawako Ituna, eta hitzarmen horrek debekatu egiten du arma horiek erabiltzea. AEBek, Portugal, Italiak, Espainiak eta Greziak Kieveko enbaxadak itxi dituzte, Errusiak asmoa duelakoan gaur airez eraso egiteko hiri horri.

Pertsonen aurkako minak daudela ohartarazten duen seinale bat, Sumi inguruan, Ukrainan. GEORGE IVANCHENKO / EFE
Pertsonen aurkako minak daudela ohartarazten duen seinale bat, Sumi inguruan, Ukrainan. GEORGE IVANCHENKO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko azaroaren 20a
10:55
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuek pertsonen aurkako minaz hornituko dute Ukraina. Joe Biden AEBetako presidenteak hartutako erabakiaren berri eman dute zenbait hedabidek gaur goizaldean. Besteak beste, AEBetako The Washington Post-ek eta Erresuma Batuko BBCk, Pentagonoko iturri ofizialak aipatuz, azaldu dute minak Ukrainako mugen barruan erabiltzeko izango direla; eta Kievek hitzeman duela ez dituztela erabiliko jende ugari bizi den tokietan. Ottawako Itunak debekatu egiten du arma horiek erabiltzea. Ukraina itun horren sinatzaileetako bat da; AEBak eta Errusia, ez.

Ukrainako soldaduek gisa horretako minak aurkitu dituzte Errusiak inbaditutako Ukrainako guneetan. Iaz, Ukrainan, 580 pertsona zauritu edo hil zituzten mina horiek, Pertsonen Aurkako Minak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainak gaur bertan argitaratu duen txostenaren arabera. Pentagonoko iturriek zehaztu dute Kievi arma horiek emanda zera eragotzi nahi dutela, Errusiako tropek Ukraina ekialdean aurrera egitea.

Iturri horietako batek gaineratu du Ukrainari emango dizkioten minak ez direla iraunkorrak; hau da, egun edo aste batzuen buruan funtzionatzeari uzten diotela —aurrez programatzen dituzte denbora tarte jakin baterako—. Horrela zibilei kalte egiteko arriskua murrizten dela azaldu du. Halere, The Washington Post-ek jakinarazi du adituen ustez mina ez-iraunkorrak ere arriskutsuak direla.

Ukrainako Gobernuaren iritziz, ordea, «zibil ia denek alde egin dutenez, arriskurik ez lukete sortu behar» pertsonen aurkako minek, Errusiako soldaduentzat ez bada. Errusiak azken aste eta hilabeteetan soldadu talde txikiak bidali ohi ditu, oinez edo motorretan, Ukrainara. Kievek argudiatu du pertsonen aurkako minek zaildu egingo lituzketela sartu-irten horiek.

Bestalde, gaur AEBen Kieveko enbaxada ixtea erabaki du Washingtonek. Enbaxadak zabaldu duen ohar baten arabera, jakin dute Ukrainako hiriburua aire eraso «handi» bat jasateko arriskuan dagoela. Horregatik itxi dute enbaxada, eta Ukrainan bizi diren estatubatuarrei gomendatu diete babesguneetara joateko prest egoteko. Geroago, Italiak, Portugalek, Espainiak eta Greziak ere beren enbaxadak itxi dituzte.

Trumpi aurrea hartuz

Presidente karguan geratzen zaion denbora Ukrainari laguntza gehiago erabiltzen emateko ari da Biden. Herenegun, baimena eman zion Kievi AEBen irismen luzeko misilak erabiliz Errusiari eraso egiteko.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik babes horren garrantziaz hitz egin du bart, AEBetako Fox telebista katean egin dioten elkarrizketa batean. Jakinarazi du Etxe Zuriak laguntza eteten badu Ukrainak gerra galduko duela. Gatazka amaitzea Putinen eskuetan egon daitekeela gaineratu du, baina, Zelenskiren ustez, Washingtonek erabakimen handiagoa du Moskuk baino, «[Errusiako presidente, Vladimir] Putin ahulagoa baita AEBak baino».

Donald Trump AEBetako presidente hautatuak urtarrilaren 20an hartuko du kargua, eta ziurtatu du Ukrainako gerra amaituko duela, hori nola egingo duen azaldu ez badu ere. Trumpen Alderdi Errepublikanoak Ukrainari laguntza bidaltzea eragotzi du hainbat aldiz AEBetako Kongresuan.

Reuters berri agentziak jakinarazi duenez, abagunea sortuz gero, Putin prest legoke Trumpekin Ukrainarako su eten bat negoziatzeko. Kremlinekin lotura duten bost iturri aipatuz, Putinen eskaeren berri ere eman du Reutersek: negoziatzen hasiz gero, batetik, Errusiako presidentea ez legoke prest bere tropek Ukrainan hartu dituzten lur zati guztiak itzultzeko, eta, bestetik, Kievek uko egin beharko lioke NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeari. Beste kontu bat da Ukrainak halakorik onartuko ote lukeen.

Errusiaren «disuasio neurriak»

Balizko negoziazioei buruz galdetuta, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak azaldu du Errusiako presidenteak «behin eta berriz» esan duela negoziatzeko prest dagoela. Halere, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, Peskovek esan du Mosku, gaur gaurkoz, ez dagoela Ukrainako gerra «izozteko» prest. Zehaztu duenez, gerra fronteak dauden moduan, Moskuk ezin du onartu gerra geldiaraztea.

Kievi AEBen misilak Errusian erabiltzeko baimena eman izana deitoratu zuen atzo Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak G20koen bilkuran, Rio de Janeiron (Brasil). Salatu zuen Mendebaldeak gerra gogortu nahi duela erabaki horrekin. Baimena eman eta biharamunean, Kievek AEBen ATACMS misilak erabili zituen Ukrainarekin muga egiten duen Errusiako Briansk eskualdean.

Errusiak ere zenbait neurri hartu ditu Mendebaldearen erabakien harira. Esaterako, Putinek atzo sinatu zuen dekretu baten arabera, Moskuk arma nuklearrekin erantzun ahal izango die bere aurkako eraso konbentzionalei. Lavrov geroago mintzatu zen, eta azaldu zuen Putinen erabakia «disuasio neurri bat» dela, eta Errusiak «ahal duen guztia» egingo duela gerra nuklearrik izan ez dadin.

Pertsonen aurkako minen biktimak %22 ugaritu ziren iaz

Munduan gutxienez 1.987 hildako eragin zituzten pertsonen aurkako minek 2023an. Eta beste 3.500 baino gehiago zauritu zituzten. Pertsonen Aurkako Minak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainak gaur argitaratu duen txostenaren arabera, minek zauritutako eta hildakoen %84 zibilak ziren. Pertsonen aurkako minek Myanmarren eragin zuten biktima gehien, zehazki, 1.003. Haren atzetik zeuden Siria eta Afganistan, eta biktima gehien izan duten herrialdeetan laugarrena da Ukraina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.