Pertsonak lehenestea eskatu dute Fridays For Futureren protestetan

Mobilizazio jendetsuak antolatu dituzte munduko hainbat herrialdetan, klima aldaketaren aurka

Berlinen bildu zen jendetza klima aldaketaren aurkako mobilizazioan. CLEMENS BILAN / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Pertsonak lehenetsi behar dituzte, ez irabaziak lelopean, mundu osoko gazteak kalera atera ziren atzo klima aldaketaren aurkako protestak egiteko. Fridays For Future nazioarteko gazteen plataformak deituta, ehunka manifestazio egin zituzten mundu osoan zehar. Glasgown klima aldaketaren aurkako azken goi bileraz geroztik, plataformak deitutako lehen mobilizazioa izan zen.

Zeelanda Berriko herritarrak izan ziren lehenak kaleak bete zituztenak, eta, haien ondotik, beste zenbait herrialdetako gazteak batu ziren deialdira. Manilan, esaterako, klima aldaketaren aurkako mobilizaziok hauteskunde kanpaina betean egin dituzte. Horregatik, ekintzaileek Rodrigo Duterte Filipinetako presidentearen gobernuaren «amaiera» eskatu zuten, eta, aldi berean, adierazi zuten klima larrialdiaren aurkako neurriak hartzeko lider baten «beharra» dagoela.

Garabidean dauden herrialdeek atzoko eguna baliatu zuten G20 taldea osatzen duten munduko herrialde garatuenak kritikatzeko. Horietako bat izan zen Indonesia. Jakartan aktibistak toga gorriz jantzi ziren, «klima aldaketaren» ordez, «sistema aldaketa» bat eskatzeko. Izan ere, Indonesiako ekintzaileek nabarmendu zuten berotegi efektuko gasen emisioen %80 inguru sortzen dituztela G20ko herrialdeek. «G20, ez ezazu gure desagertzea finantzatu», salatu zuten. Hurrengo klima aldaketaren aurkako goi bilera Indonesian bertan egingo da.

Asiako herrialde hori ez ezik, Mauritania ere bada klima aldaketak gogorren jo duen beste herrialdeetako bat. Horren harira, ekintzaileek pankarta hau zeramaten: Ozeanoa handitzen ari da, baita gu ere. Fridays For Future Mapa (lurralde kaltetuenen mapa) Twitter kontuan aldarrikatu zuten erreparazioa ez dela «karitatea», «iparraldearen betebeharra» baizik.

Europan, Ukraina hizpide

Europan ere egin ziren klima larrialdiaren aurkako mobilizazioak, eta Ukrainako inbasioa ere izan zuten hizpide. Bruselan, esaterako, Ukrainako eta mendebaldeko Europako zenbait aktibistak politikariei presioa egin zieten Errusiako erregai fosilak enbargatzeko eskaerarekin.

Glasgown ere izan ziren mobilizazioak. Azken COP26 goi bilera egin zen hirian energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko eskatu zieten agintariei, eta Ukrainako gerra «alde batera» uzteko. Horren harira, Errusiako ontzigintza enpresa batek Glasgown dituen bulegoak blokeatu zituzten, eta eskatu zuten Errusiatik Eskoziara gas bidalketa amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.