JERUSALEM. Pertsona bat hil zen eta gutxienez hamalau zauritu ziren atzo Jerusalemen, bi bonbak eztanda egin ondoren. Erasoetako bat hiriaren iparraldean gertatu zen, 07:00etan, eta bestea, ekialdean, lurralde okupatuan. Biak ala biak autobus geltokietan izan ziren. Poliziaren lehen hipotesien arabera, «eraso terrorista bat» izan zen; hau da, azken urteotan hirian gertatutako molde horretako aurrenekoa litzateke.
2000 eta 2005 arteko intifadan ohikoak izan ziren autobusen aurkako erasoak; gehienetan, ekintzaile suizidek egindakoak. Inork ez zuen bere gain hartu atzoko erasoa. Hamas mugimendu islamistak —Gaza kontrolatzen du 2007tik—, hori bai, «operazio heroikoa» txalotu zuen ohar batean, eta nabarmendu gertatutakoa «[Israelen] okupazioaren eta kolonoen krimenen ondorioa» dela. Hamasek hamasei pertsona zauritu zituen 2016an Jerusalemen, autobus batean bonba bat leherrarazita.
Eta Israelgo armadak gazte palestinar bat hil zuen atzo, Zisjordania iparraldean, tiroz. Hori jakinarazi du Palestinako Osasun Ministerioak.
Pertsona bat hil da Jerusalemen, bi bonbak eztanda egin ondoren
Bi autobus geltokitan gertatu dira erasoak. Hamasek esan du «okupazioaren krimenen ondorioa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu