Iragan abuztuaren 11n aldi bereko eta derrigorrezko hauteskunde primario irekiak egin zituzten Argentinan, PASO deitzen zaienak, eta gutxitan gertatu izan da aldez aurretik hain argi egotea zer ekarriko zuten barne bozek. Ia inork ez du zalantzarik zein izango diren irabazleak biharko presidentetzarako hauteskundeetan, ez behintzat presidentearen eta presidenteordearen bikoari —Alberto Fernandez eta Cristina Fernandez— eta Buenos Aires probintziako gobernadoreari dagokienez —Axel Kicillof—. Izan ere, duela bi hilabeteko bozetan, Alberto Fernandez aise nagusitu zitzaion Mauricio Macri jarduneko presidenteari, botoen %47 jasota.
PASO hauteskundeek ondo iragarri ohi dute ondoren zer etorriko den; oraingo honetan, ordea, ofizialismoari zaila izango zaio egoera ekonomikoaren eta sozialaren inguruko datu larriak onbideratzea, eta horrek mesede egingo die FdT Guztien Frontea koalizio peronistaren aldekoei, argi eta garbi.
PASOetako emaitzak
Joan den abuztuko emaitzak nabarmenak izan ziren, inondik ere. Inor ez zen ausartu iragartzera zein emaitza onak bilduko zituen FdT koalizioak; nolanahi ere, gerora jakin denez, zenbait inkesta egilek esku artean erabili zituzten abuztuko PASOetan izandako emaitza horien antzeko kopuruak, baina ez ziren ausartu ezagutaraztera, orduko joeran ezin zelako aurreikusi abuztuko emaitzek benetan ekarri zuten alde izugarria: FdTk ia hamazazpi punturen aldea atera zion Macriren Elkarrekin Aldaketaren Alde koalizioari.
Baliteke aukera ofiziala modu estrategikoan ikustea Cristina Fernandez presidente ohiaren kontra dauden askok —hain zuzen, gaur egungo gobernuaren kudeaketarekin zapuztu bai, baina gobernu kirchnerista bat itzultzearen aldeko bihurtu ez direnek—.
Baina, kontrara, itxura guztien arabera, PASOek bestelako arraste eragin bat izan dezakete, eta gerta liteke FdTren formularen mesederako handiagotzea aldea.
Ikusteko dago, gainera, ea horrek berekin ekarriko duen macrismoaren gotorlekurik behinena galtzea: Buenos Aires hiria.
Buenos Aires probintzia
PASOen emaitzetan, urrutira joan beharrik gabe, Buenos Aires probintziak eman zuen ustekaberik handiena. Buenos Airesen hauteskunde lehia izugarria da, probintzia handia baita proportzionalki, bai tamainaz eta bai aurrekontuz.
Alegia, itxura guztien arabera, denek pentsatu zuten gaur egungo gobernadore Maria Eugenia Vidalek ekarriko zizkiela emaitzarik onenak botoetan, nahiz eta hark ere gobernuaren gainerako kudeaketak bezainbesteko higadura jasan.
Hainbesterainoko konfiantza zuten harengan, ezen kanpainarako publizitatean gobernadorea bera ibili baitzen boto paperak banatzen, gaur egungo lehen agintariaren argazkia ezkutatzen ahaleginduz aldi oro; jokamolde hori nahiko nabarmena izan zen prozesu guztian.
Zenbaketa amaitu ostean, honako hau izan zen Buenos Aires probintziako emaitza: %52, Kicillof Ekonomia ministro ohia buru duen taldearentzat, FdTrentzat; eta %34,6, berriz, probintziako gobernadorearen taldearentzat. Hau da, ia hogei punturen aldea, mirariz ere nekez gainditzeko modukoa.
Kicillofek, berriz , lurralde kanpaina bat egin du, eta probintzia ia osoan ibili da, hiriz hiri eta herriz herri, bere Renault Clio zaharrean, Kici ibiltaria ere esaten dioten horretan.
Antza denez, hori oso errentagarria gertatu zaio, baita bere irudi onari eutsi izana ere Ekonomia ministro ohia izan arren; izan ere, normalean inor ez da onik irteten gobernuaren sail horretako ministro izan eta gero. Gaur egun, diputatu nazionala da Kongresuan.
Hondamendia
Garaipenerako bermea, baina, ez dakarte soilik ez PASOetako emaitzek eta ez FdTk eta haren hautagaietako askok kanpainan egindako ekintza eta estrategia positiboek ere: ofizialismoaren hautagaiek ezinago etsirik eta harriturik erantzun dute.
Dibisa trukeen aldaketa handi bat gertatu zen PASOen ondotik, eta, horren ondorioz, asko hitz egin zen zer-nolako beldurra dioten merkatuek kirchnerismoa itzultzeari, baina, egiaz, analista ugari bat datoz gobernu honena dela oraingo krisi ekonomiko larriaren erantzukizuna, politikan eta ekonomian orain arte hartu dituen neurrien ondorio besterik ez denez gero.
Macriren kudeaketa ekonomikoak ekarritako osagai nagusiak hauek izan dira: truke merkatua guztiz desarautzea, kapital finantzarioak mugarik gabe sartu eta irten ahal izatea, neurririk gabe zorpetzea, eta Lebac eta Leliq zor tituluekin espekulazio operazio itzela egitea. Hain zuzen, horiek guztiek eragin dute hondamendia. Horrez gain, zenbait seinalek aditzera eman zuten jokalekua nola aldatuko den egun gutxian, edo abenduaren 10etik aurrera, orduan eskualdatuko baita aginpidea gobernu batetik bestera.
Abuztuaren 11z geroztik, PASOen ondoren, Alberto Fernandez bihurtu da buruzagi eta enpresari argentinar askoren solaskide kutun, haien ustez premiazkoagoa baita iritziak trukatzea zantzu guztien arabera presidente izango den horrekin, presidentetzatik joatear dagoenarekin baino.
Halaber, bira txiki bat egin zuen Europan barrena, eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin eta Antonio Costa Portugalgo lehen ministroarekin hitz egin zuen, baita NDF Nazioarteko Diru Funtsa erakundearen ordezkaritza batekin bildu ere.
Ekonomiaren egoera
Presidente hautatuak NDFrekin elkarrizketa bat abiatu beharko du zorra berriro negoziatzeko. Erakundeak Argentinari 2018ko ekainean eman zion mailegua —urte hartako irailean berriro negoziatua—, eta herrialde bati historian emandako handiena izan zen: guztira, 51.480 milioi euro, gaur egun dituen zorren %61. Horrek arazoak dakarzkio Argentinari, zorra itzultzeko ahalmenari dagokionez —eta testu honetan aztertuko ez ditugun beste aldagai batzuei dagokienez—, baina kolokan jarri du erakundearen beraren izena ere.
Azkenik, eta egoera larria dela erakusten duen froga gutxi baleude bezala, Indec Estatistiken eta Errolden Institutu Nazionalak ezagutarazi berri ditu pobrezia neurtzen duten azken datu ofizialak: herritarren %34,5 dira pobreak; alegia, ia 16 milioi pertsona, iazko lehen seihilekoan neurtu baino zortzi puntu gehiago. Baina, beste ezerk baino gehiago, hainbat komunikabidetako kazetariek, aldian aldiko iritzi emaileek eta ofizialismoaren bozeramaileek erakutsi dute nola aldatuko den norabidea edo, bederen, zein izango den jokaleku berria.
Lotsagorritu gaberik, baina estropezuka, horiek utzi egin zioten Macriren gaur egungo kudeaketa sutsuki defendatzeari, eta haren gobernu politikak kritikatzen hasi ziren. Piezak berriro egokitzeko ahalegin hori nabarmentzen hasia da estamentu guztietan, baina, nolanahi ere, hori guztia bozkalekuetan berretsi beharko da biharko bozetan.
Alberto Fernandezek gutxienez botoen %45 edo %40 baino gehiago eta hamar punturen aldea lortu beharko du bigarren itzulia saihesteko. Bestela, bigarren itzulian lehiatu beharko du, azaroaren 24an.
Alejandro Grimson: «Peronismoaren heterogeneotasun guztiak da Frontea»
Argentina. Presidentetzarako hauteskundeak
Peronistak, boterearen atarian
Argentinan presidentea aukeratzeko bozak dituzte bihar, eta Fernandez da faborito nagusia, Macriren aurretik. Gobernu berriaren erronketako bat izango da zorra berriz negoziatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu