Mikhail Gorbatxov

'Perestroika' bultzatu zuena

Sobietar Batasuneko azken buruzagia hil da, 91 urte zituela, «gaixotasun bati denbora luzez aurre egiten» jardun ostean. SESBen eta Gerra Hotzaren amaiera eragin zuten eraldaketen sustatzaile nagusia izan zen.

CHRISTOPHE KARABA / EFE.
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun

Herenegun gauean hil zen SESB Sobietar Batasuneko azkeneko buruzagia: Mikhail Sergeievitx Gorbatxov (Stavropol kraia, Sobietar Batasuna, 1931 - Mosku, 2022). Harekin hil zen SESB ere: herrialdeko politika eta ekonomia sistemak eraberritzeko hainbat egitasmo bultzatu zituen, eta haiek Sobietar Batasunaren eta Gerra Hotzaren amaiera ekarri zuten. 1985etik 1991ra izan zen Alderdi Komunistako idazkari nagusia, eta 1989tik aurrera SESBeko estatuburua.

Ikusi gehiago:Argazki bilduma

Tass berri agentziaren arabera, Gorbatxov COVID-19aren pandemia hasi zenean ospitaleratu zuten, eta, ordutik, etengabe ikuskatu zuten medikuek. Larunbatean emango diote azken agurra, Moskuko Sindikatuen Etxean.

Gorbatxov 1985ean iritsi zen boterera, eta hasieratik aldarrikatu zuen sistema aldatzeko beharra. Baliabide naturaletan herrialde aberatsa izan arren, eta gizartearen hezkuntza maila handia bazen ere, 1980ko hamarkadan krisialdian murgilduta zegoen SESB. Gorbatxoven ustez, AEBen aurkako armen lehiak xahuketa ekonomiko jasanezina eragiten zion errepublika sozialisten batasunari, eta sistema «autoritario eta burokratizatuak» egoera larriagotzen zuen.

Hark bultzatutako perestroika edo eraberritze politikarekin eta glasnost edo irekiera politikarekin hasi ziren aldaketa politiko eta ekonomiko nagusiak. 1987an jarri zuen martxan erreforma saila, SESB salbatuko zuelakoan. Hartutako liberalizazio neurriek kontrako eragina izan zuten, ordea. Sentimendu kontrajarriak eragiten zituen buruzagi sobietarrak; atzerrian gehienek miresten zuten, baina etxean asko ziren gorroto zutenak.

Europaren ekialdeko Burdinazko Errezela deseginda, eta SESBeko errepublikak bata bestearen atzetik independentzia aldarrikatzen ari zirela, 1991ko abuztuan SESBeko Alderdi Komunistaren sektorerik gogorrenak estatu kolpea eman zuen Gorbatxoven aldaketak geldiarazteko. Tankeek soilik bi egun iraun zuten kalean. Kolpeak porrot egin zuen, eta Gorbatxovek sinesgarritasuna galdu.

Gertakari hartatik Boris Jeltsin Errusiako Federazioko presidentea atera zen erabat indartuta. Urte hartako abenduaren 8an, SESBeko hiru errepublika nagusietako ordezkariek —Jeltsinek, Ukrainako presidente Leonid Kravtxuvek eta Bielorrusiako Parlamentuko presidente Stanislav Xuxkevitxek— batasunaren desegitea sinatu zuten Bielorrusiako Belavezhskaia Pustxa basoan. Gorbatxoven dimisioa ezinbesteko formalismoa izan zen. Jeltsinek prezioen liberalizazioa eta ekonomiaren pribatizazioa hasi zituen 1992an, eta lurraren pribatizazioa 1993an.

Bakearen Nobel saria

Gorbatxov ezaguna da AEB Ameriketako Estatu Batuekin arma nuklearrak kontrolatzeko hainbat akordio sinatu zituelako ere; armamentu lehiaren urteak izan ziren aurrekoak. 1990eko ekainaren 1ean Washingtonera bidaiatu zuen Gorbatxovek, eta han adostu zuen Star akordioa George Bush aitarekin: arma estrategikoak murriztea onartu zuten bi herrialdeek. Biltegi nuklearrak %30 murriztea zen helburua.

SESBeko estatuburu zela, bi mugimendu militar garrantzitsu agindu zituen: 1989an, armada sobietarra Afganistandik erretiratu zuen (hamar urte baino gehiago zeramatzaten han gerran), eta, 1990ean, AEBak babestu zituen Persiar golkoko gerran, Kuwait Iraken inbasiotik babesteko. 1990. urtean bertan jaso zuen Bakearen Nobel saria, «Gerra Hotza amaiera baketsu batera eramateagatik», saria banatzen dutenen arabera.

Haren agintaldian gertatu zen Txernobylgo —Ukraina da egun— zentral nuklearraren leherketa ere, eta ezbehar haren kudeaketari kritika asko egin zaizkio ordutik: 1986ko apirilaren 26an gertatu zen, eta Gorbatxovek ez zuen agerraldirik egin maiatzaren 14ra arte. Gertatutakoa ezkutatzen saiatzea egotzi izan diote.

Iaz, egin zituen azkenetako adierazpenetan, perestroika defendatu zuen Gorbatxovek. Bere lorpen politikorik handiena hura izan zela esan zuen: «Argi daukat erabat beharrezkoa zela, eta norabide egokian mugitu ginela», adierazi zion Tass agentziari. Gehitu zuen «herriak» askatasuna irabazi zuela garai hartan, eta «sistema totalitario bati» amaiera eman ziotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.