RN Batasun Nazionala Frantziako eskuin muturreko alderdiko buruzagi Marine Le Peni bost urteko kartzela zigorra eta beste bost urteko inhabilitazioa ezartzeko eskatu dute gaur iluntzean Frantziako Louise Neyton eta Nicolas Barret fiskalek. Horrez gain, 300.000 euroko isuna jartzea ere galdegin dute.
Joan den irailaren 30ean hasi zen Le Penen aurkako epaiketa; hari eta alderdiko beste 25 kideri leporatzen diete 2004tik 2016ra Europako Parlamentuko funtsak desbideratu izana. Are gehiago, akusazioaren arabera, alderdiko langileak ordaintzeko erabili zuten parlamentuak eurodiputatuei laguntzaileak kontratatzeko emandako dirua. Europako Parlamentuaren arabera, RNk 6,8 milioi euro aurreztu zituen horrela.
Le Penek behin baino gehiagotan esan du auzibide hau haren «aurkako» prozesu judizial bat dela, eta salatu izan du jazarpen judiziala jasaten ari dela. Epaiketa hasi zen aurreneko egunean prentsari egindako adierazpenetan, azpimarratu zuen «askatasun parlamentarioa» ari zirela epaitzen.
Nolanahi ere, Frantziako Fiskaltzak harentzat eskatutako zigorrek eragina izan dezakete Frantziako politikan. Izan ere, Le Penek asmoa dauka 2027an presidentetzarako bozetan lehiatzeko. Inhabilitatzen badute, ordea, ezingo du parte hartu lehia horretan.