Nazioarteko hedabide guztien atentzioa harrapatu ostean, gaur argitu dira zalantza guztiak: Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ez du kargua utziko. Bost egun hauetan mota guztietako teoriak helarazi dituzte politologoek, baina oso gutxik hartu dute kontuan Sanchezek bestelako urratsik egin gabe jarraituko zuelako teoria. Konfiantza mozioa aipatu dute askok, jarraipenari ateak zabaltzeko tresna gisa, baina, azkenerako, Sanchezek ez dio erreparatu aukera horri, eta aparteko neurririk iragarri gabe presidente izaten jarraituko duela esan du, nahiz eta «puntu eta bereiz» bati buruz aritu den. Alegia, Sanchezek aurrera eginen du karguan, bestelako neurririk hartu gabe. Nolanahi ere, «konpromisoa» hartu du «lanean» jarraitzeko «eskubideen eta askatasunen arloan aurrera egin, eta haiek berma daitezen», baita «demokrazia biziberritu dadin» ere.
Joan den ostegunean iragarri zuen agenda politikoa utziko zuela behin-behinean. Izan ere, Madrilgo auzitegi batek zigor auzibide bat ireki du haren emazte Begoña Gomezen aurka, «ustelkeria eta influentzia trafikoa» egotzita. Sanchezek erran zuen «hausnartu» egin behar duela presidente karguari eustea «merezi duen». Eskuin muturreko Manos Limpias taldeak jarri zuen Gomezen aurkako salaketa —Voxek auzitegi horretan eskatu du akusazio partikularra izatea—. Gobernuko presidentearen erabakiaren berri izan bezain laster, taldeko presidente Miguel Miguel Bernadek erran du Sanchezek dimisioa iragarri behar zuela, eta harekin lotutako frogak aurkeztuko dituztela: «Froga gehiago agertuko dira, Begoña Gomez ez ezik, bera ere inkriminatzen dutenak».
Horrekin lotuta, Koldo auzia deitutakoaren instrukzioa egiten ari den Auzitegi Nazionaleko epaileak, Ismael Morenok, baztertu egin du Gomez deklaratzera deitzea. «Eskaera dago oinarrituta egiaztatu gabeko informazioetan, eta ez dago zantzurik pentsatzeko esku hartu zuela [Gomezek]», nabarmendu du magistratuak, gaur, auto batean, Liberum eskuin muturreko taldeak egindako eskaeraren harira.
Espainiako CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak, Vicente Guilartek, erran du gaur «normala» dela Madrilgo auzitegi batek Gomezi buruzko ikerketa abiatu izana. Uste du, gainera, «neurrigabea» dela erabaki horrek ekarri dituen erreakzioak: «Nik epaileak defendatu behar ditut, eta, gainera, ez dut uste haiei egotzi beharreko gairik dagoenik. Normaltasuna egon da jardun judizial batean, eta horrek eragin erraldoia eta ustekabekoa izan du».
Sanchezek zehaztu du «indar handiagoz» jarraituko duela agintean, eta afera ez dela agintari bakar baten etorkizuna zein den erabakitzea, baizik eta Espainiak zer gizarte nahi duen erabakitzea. Hortaz, «hausnarketa kolektibo» baten beharra azpimarratu du, uste baitu berak «ospe ona galtzeko abian den kanpaina» ez dela geldituko. «Gatazka alderdikoiak beste batzuenganako gorrotoa, maltzurkeria eta faltsukeria justifikatzea onartzen badugu, orduan ez du merezi. Gezurrek ebidentzietan oinarritutako eztabaida errespetuzkoa eta arrazionala ordezkatzeko modua ematen badugu, orduan ez du merezi», borobildu du. Egunotan babesa eskaini dieten herritarrei ere esker onak eman dizkie, eta mobilizazio horiek bere erabakian eragina izan dutela aitortu.
Erabakiak ekarriko dituen kritikei aurre hartu die, eta erran zenbaitetan aurrera egiteko modu bakarra «gelditzea eta hausnartzea» dela. Aitortu du emandako pausoak «arrazoi politikoak» izan zituela motibazio, baina «guztiek» ulertzeko moduko erabakia dela, ez baita «ideologia afera bat». «Errespetuaz ari gara, duintasunaz, iritzi politikoetatik haratago doazen eta gizarte gisa definitzen gaituzten printzipioez», azaldu du. Izan ere, azaldu duenez, «konbikzio batekin» jardun du azken egunetan: «Nahikoa dela esaten ez badugu, bizitza publikoaren degradazio honek gure etorkizuna zehaztuko du, eta herrialde gisa kondenatuko gaitu».
«Errespetuaz ari gara, duintasunaz, iritzi politikoetatik haratago doazen eta gizarte gisa definitzen gaituzten printzipioez».
PEDRO SANCHEZEspainiako Gobernuko presidentea
PSOEk berak ere azken ordura arte ez du jakin zein izanen zen Sanchezen erabakia, agerraldia egin baino ordu erdi lehenago bildu baita alderdiko hiru kiderekin: Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ogasun ministroarekin, Felix Bolaños Presidentetzarako ministroarekin eta Santos Cerdan alderdiko Antolamendu idazkariarekin. Sanchezek berak agerraldian jakinarazi du Espainiako errege eta estatuburu Felipe VI.ari erabakiaren berri eman diola. 1978tik, soilik Espainiako Gobernuko presidente batek eman du dimisioa. Adolfo Suarez izan zen, UDCko burua; 1981eko urtarrilaren 29an izan zen.
Babesa
Joan den ostegunean zabaldutako albisteak zalaparta handia sortu zuen, eta erabakia jakin zenetik bolo-bolo ibili dira sare sozialetan eta kalean Sanchezen aldeko mezuak. Joan den larunbatean, erraterako, PSOEren Batzorde Federalean: «Pedro, gera zaitez. Zurekin gaude», erran zuen Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ogasun ministroak. Emiliano Garca-Page da Sanchez gehien kritikatzen duten sozialistetako bat, eta hark ere babestu egin zuen, adierazita «denen babesa» duela, eta berea «bereziki».
«Pedro, Pedro, Pedro», abesten zutela, ehunka herritar bildu ziren egun berean Madrilgo Ferraz kalean; sostengua adierazi zioten herritarrek presidenteari, Raffaella Carra abeslari italiarraren Pedro kantua zutela gidari. «Ez zaude bakarrik», «Sanchez, gera zaitez» eta antzeko mezuak erakutsi zituzten, eta PSOEren logoa zuten banderak ziren nagusi.
Zeresana eman du Pedro Sanchezen hordagoak azken egunotan. Irakurleoi berriz galdetu nahi dizuegu horren inguruan: Balekoak al dira Sanchezek jokaldia azaltzeko emaniko arrazoiak? Edo efektu kolpe estrategiko bat izan al da?https://t.co/NLifqlv0QW
— Berria.eus (@berria) April 29, 2024