PDeCATek zehaztu gabe utzi du hauteskundeetarako estrategia

Alderdiaren Kontseilu Nazionalean, Bonvehik adierazi du Kataluniako Parlamenturako bozetan egon behar dutela, «formula edozein dela ere». Puigdemonten indarrarekin negoziatzen jarraituko dute

Bonvehi PDeCAT Kataluniako alderdi independentista eskuindarraren burua, artxiboko irudi batean. A. DALMAU / EFE.
ander perez zala
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Alderdi Demokrata Europar Katalanaren (PDeCAT) aste honetako Kontseilu Nazionala «alderdiaren geroa erabakitzeko» topaketatzat aurkeztu zuten, aukeratzekoak baitziren Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak alderdi bihurtu berri duen Junts Per Catalunyan (JxC) integratuko diren —formula bat baino gehiago dago horretarako— alaJxCrekin hautsi eta bakarrik aurkeztuko diren bozetara. Azkenean, erabakia atzeratu egin dute, eta, oraingoz, PDeCATek zehaztu gabe utzi du zer estrategia izango duen Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetarako. Behintzat, David Bonvehi alderdiaren presidenteak adierazi zuen oraindik datarik ez duen topaketa horretan izan behar direla, «formula edozein dela ere».

Herenegun gauera arte luzaturiko bilera telematikoan, Jordi Sanchez ANCko presidente ohiarekin izan dituen negoziazioen berri ematera mugatu zen Bonvehi, eta, hortaz, alderdiak ez zuen erabakirik hartu bozei begirako aliantzei buruz.

Halere, PDeCATen presidentearen adierazpenak eta orain arteko joera kontuan hartuta, badirudi bere alderdia Puigdemontenarekin koalizio bat osatu gabe aurkeztuko dela hauteskundeetara, aurrez akordiorik lortzen ez badute; hori bai, PDeCATen buruak espero du abuztuaren 9tik aurrera bi aldeen arteko hizketetan are gehiago sakontzea, JxCk egun horretarako aukeratuko baitu bere zuzendaritza.

PDeCATen eta JxCrenarteko harremana ez dago garairik onenean, iragan astean JxC alderdi bihurtzeko prozesua abiatu baitzuen Puigdemontek —urriaren 3ra arte luzatuko da—. Kataluniako presidente ohiak ez du itxaron aurretik PDeCATekin itun bat lortu arte, eta presio handiagoa gehitu die negoziazioei.

Militantzia bikoitzik ez

Puigdemontek alderdi berriarekin bat egitera deitu dituPDeCATeko kideak —2.800 baino gehiago ditu —, baina alderdi horretako zuzendaritzak bere militanteei ohartarazi die militantzia bikoitza debekatua dutela. Hortaz, «zintzo» jokatzeko eskatu die Puigdemonten proiektu berriarekin bat egin nahi dutenei, eta alderdia uzteko esan die.

Eskari horren harira, Miriam Nogueras PDeCATeko presidenteorde eta Espainiako Kongresuko diputatuak atzo goizean jakinarazi zuen alderdiko kargu hori utziko duela. Nogueras kritiko agertu da bere alderdiaren zuzendaritzarekin, JxCrekin bat egiteko prozesu bat abiatzearen aldekoa baita; oraingoz, ordea, ez dio utzi PDeCATen militatzeari .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.