PDeCATek «alderdiaren geroa erabakitzeko» biltzarra hasiko du gaur

Puigdemonten alderdiarekin bat egin behar duen ala bozetara bere kabuz aurkeztu behar duen eztabaidatuko du Kontseilu Nazionalak. Bonvehik JxCrekin izan dituen elkarrizketen berri emango du

David Bonvehi PDeCATeko presidentea, alderdiaren iazko uztaileko Kontseilu Nazionalean. ANDREU DALMAU / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Bidegurutze batean dago PDeCAT Kataluniako alderdi independentista. Erabakia hartu behar du ea Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak alderdi bihurtu berri duen Junts Per Catalunyan (JxC) integratuko den —formula bat baino gehiago dago horretarako— ala JxCrekin hautsi eta bakarrik aurkeztuko den bozetara. PDeCATek Kontseilu Nazionala bilduko du gaur «alderdiaren geroa erabakitzeko», eta bilkura argigarria izan daiteke Convergenciaren oinordekoa den alderdiaren geroarentzat.

PDeCATen eta JxCren arteko negoziazioak abian direla egingo dute biltzarra. Bi indar independentisten arteko harremana ez dago garairik gozoenean, joan den larunbatean JxC alderdi bihurtzeko prozesua abiatu baitzuen Puigdemontek —urriaren 3ra arte luzatuko da—. Presidente ohiak ez du itxaron aurretik PDeCATekin aliantza akordio bat lortu arte, eta presio handiagoa gehitu die negoziazioei.

Puigdemontek alderdi berriarekin bat egitera deitu dituPDeCATeko kideak —2.800 baino gehiago ditu jada—, baina militantzia bikoitza debekatua dutela ohartarazi die militanteei PDeCATeko zuzendaritzak. Horrenbestez, era «zintzo eta ondraduan» jokatzeko eskatu die Puigdemonten proiektu berriarekin bat egin dutenei, eta PDeCAT uzteko eskatu die. Alderdiaren geroa alderdiko kideek hautatu behar duela adierazi zuen Marc Solsona bozeramaileak, eta ez «beste erakunde batentzat lanean ari direnek». PDeCATek salatu duenez, militante batzuek «presioak» jasan dituzte JxCn izena emateko. Zuzendaritzak ez du oraindik inor kanporatu JxCen izena emateagatik.

Kataluniako zenbait hedabidek aurreratu dutenez, zuzendaritzak ez du bozketarako ebazpenik aurkeztuko Kontseilu Nazionalean, eta David Bonvehi presidentea negoziazioen garapenaren berri ematera mugatuko da.

Alderdiko bi kontseilarik galdeketa bat egiteko proposamena aurkeztu zioten astelehenean zuzendaritzari, biltzarrean bozkatua izan zedin. MilitanteekJxCrekin bat egiteko orain arte egin diren proposamenen artean aukeratu ahal izatea litzateke helburua, baina eskaria erretiratu egin zuten azkenean. Kataluniako zenbait hedabideren arabera, Bonvehiren eta Puigdemonten arteko negoziazioetan «aurrerapausoak» izan direlako eskatu zuten ildo ofizialak eta kritikoak galdeketa baztertzea.

PDeCATek prozesu parte hartzaile bat antolatu zuen iazko abenduan, JxCrekin zer harreman izan behar zuen erabakitzeko. Prozesu horren amaieran, Kontseilu Nazionalak JxCn integratzeko «trantsizioa» egitea adostu zuen, eta proiektu horren «funtsezko pieza» izatea. Ez zuen zehaztu, ordea, bat egite horrek nolakoa izan behar zuen, eta horri buruzkoak izan dira, hain zuzen, azken hilabete hauetako negoziazioak.

Egitura eta ideologia

JxC hauteskunde hautagaitza gisa sortu zuten 2017ko azaroan, eta azken bozetan PDeCATen, Crida Nacionalen, Accio per la Republicaren eta hainbat independenteren arteko koalizioaren aterpe izan da. Eragile horien arteko akordio bat lortzearen alde mintzatu da Bonvehi negoziazio prozesu osoan, baina argi utzi du PDeCATek «gakoa» izan behar duela proiektu berrian. Ohartarazi duenez, alderdiak ez dio uko egingo bere «herrialde eredua» eta «ideologia» ordezkatzeari. Hori dela eta, koalizio formula babestu du, eta zuzendaritzaren gehiengoaren babesa izan du. Bonvehik ziurtatu du PDeCATek alderdi politiko izaten jarraituko duela, eta ohartarazi du PDeCAT prest dagoela bozetara bere kabuz aurkezteko, negoziazioek porrot eginez gero.

PDeCATen eta JxCren bat egiteak zer formulari jarraitu behar dion, horixe da bi indarren arteko akordiorako oztopo nagusia. Puigdemontek eta haren gertukoek koalizioaren moldea gainditu nahi dute, alderdien arteko kuota sistema alboratu eta alderdi berriaren egiturak hartzea JxCren gaineko erabakiak.

Puigdemontek eta haren gertukoek ezinbestekotzat jo dute independentismoaren elkargune izango den «zeharkako» alderdi bat sortzea, espektro ideologiko «zabala» hartuko duena. Helburu horrekin sortu zuen presidente ohiak Crida Nacional, 2018an, eta helburu berarekin bihurtu duJxC alderdi politiko joan den larunbatean.

Espektro ideologikoaren zabaltze horrekin lotuta, azken egunetan, JxC eskuineko indarra dela gezurtatu dute alderdi berriko zenbait ahotsek. Jordi Turull Kataluniako kontseilari ohi espetxeratuak adierazi zuen JxC «zentro-ezkerreko» indarra dela «segun eta zer politikatan». Puigdemontek berak nabarmendu du Kataluniako gizartearen «erdiko bidea» ordezkatzen duela, eta «alde batera eta bestera irekita» dagoela.

Horrez gain, proiektu berria Convergenciatik eta harekin lotutako ustelkeria kasuetatik bereizteko ahalegin bat ere bada JxCren bultzatzaileen artean. Jordi Sanchez Cridako presidente espetxeratuaren esanetan, proiektu berria «ezin da izan beste edozeren birfundazioa: haize berriak ekarri behar ditu».

PDeCATeko sektore kritikoa bat dator Puigdemontekin, eta PDeCATek JxCn desegin behar duela uste du. Iritzi horretakoak dira Miriam Nogueras alderdiko presidenteordea, Jordi Turull, Josep Rull eta Joaquim Forn kontseilari ohi espetxeratuak eta Lluis Puig kontseilari ohi erbesteratua, besteak beste.

Kontseilari ohi horiek proposamen bat aurkeztu ziotenPDeCATeko zuzendaritzari, ekainaren 25ean, Puigdemontek alderdi berria sortu baino hilabete lehenago: koalizioko gainontzeko eragileekin batera JxC alderdi gisa eratzea, eta sei hilabeteko epean PDeCATeko oinarriek erabakitzea alderdiak proiektu berrian desegin behar duen ala ez. Zuzendaritzak baztertu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.