Armenia

Paxinianen dimisioa eskatu dute milaka herritarrek, «traidore» oihu artean

Armeniako hiriburuan egin duten protestan, manifestariek lehen ministroari egotzi diote ez esku hartzea Azerbaijanek Karabakh Garaiari egindako erasoaren aurrean.

Armeniako Gobernuaren kontrako manifestariak, gaur, Erevanen. ANATOLI MALTSEV, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko irailaren 30a
19:45
Entzun

Armenian, milaka lagun irten dira kalera Nikol Paxinian lehen ministroaren dimisioa eskatzeko, joan den astean, Azerbaijanek Karabakh Garaiaren kontra egindako erasoaren aurrean erantzunik ez emateagatik. «Traidorea» deitu diote hainbatetan manifestariek. Azerbaijanek eskuratutako eremua armeniarrez hustuta gelditu da ia erabat. Erevanek gaur jakinarazi duenez, 100.000 armeniar baino gehiago hartu ditu, Azerbaijango indarrengandik ihesi Karabakh Garaiko beren etxeak utzi dituztenak.

«Gure begien aurrean genozidio bat gertatu da, Errusiako bake indarren presentzian, haren misioa halako zerbait gerta zedila eragoztea bazen ere», salatu du Vazgen Manukian gobernuburu ohi eta oposizioko politikariak, manifestarien aurrean, agertokitik. Gaineratu du Mendebaldeak ere ez duela presio egin Azerbaijanen erabakietan eragiteko. Manukianen iritziz, lehen ministroaren jarrera arduragabea izaten ari da, Azerbaijani gerra deklaratzeko beldur delako, baina ez Errusiari. Paxinianek boterean jarraitzeak Armeniarentzat galera gehiago ekarriko dituela ohartarazi du.

Oposizioak Azerbaijanen aurrean amore ematea egotzi zion Paxiniani 2020an ere, Bakuk sei asteko borroken ostean Karabakh Garaiko lur eremu batzuk eskuratu zituenean. Armeniak eta Azerbaijanek Errusiaren bitartekaritzarekin sinatu zuten bake ituna umiliaziotzat hartu zuten Armeniako sektore zabaletan.

Orain ere berdin gertatu da, Karabakh Garaiko independentisten esku jarraitzen zuten eremu menditsuak eskuratzeko Azerbaijanek hilaren 19an egin zuen erasoarekin. Armeniak ez dio erantzun militarrik eman, eta horrek haserrea zabaldu du herrialdean. Erasoaren hurrengo egunean, borrokak amaitzea adostu zuten Karabakh Garaiko indar independentistek, Erevanen laguntzarik jaso gabe.

Protestak eta istiluak izan ziren sei egunez jarraian Armenian, Paxinianen dimisioa eskatzeko, eta 200 lagun baino gehiago atxilotu zituen Poliziak. Oposizioak mobilizazioak eten zituen joan den asteartean, Karabakh Garaitik heldutako errefuxiatuei zuzendutako laguntza ez oztopatzeko, baina protestari ekin diote gaur, ostera.

100.000 iheslari

Erevanek gaur jakinarazi duenez, Karabakh Garaiko ia armeniar guztiek egin dute ihes eskualdetik Armeniara. 100.000 herritarrek baino gehiagok gurutzatu dute muga eguerdirako —azken erasoaren aurretik, Karabakh Garaian 120.000 armeniar inguru bizi ziren—. Armeniako Gobernuak salatu du Azerbaijan «garbiketa etnikoa» ari dela egiten eskualdean, eta han jarraitzen duten armeniarrak arriskuan daudela. Bakuk ukatu egin du halakorik, eta Azerbaijanen «berriz integratzeko» eskatu die herritar armeniarrei.

NBE Nazio Batuen Erakundeak misio humanitario bat bidali du Karabakh Garaira, eta laguntza iristen hasia da. Baina laguntza materialetik harago, Armeniak babesa eskatu dio NBEren Nazioarteko Justizia Auzitegiari, bermatu dezan Bakuk ez dituela Karabakh Garaiko armeniarrak lekualdatzera behartuko eta ihes egin dutenek era seguruan itzultzeko baldintzak izango dituztela.

Paxinianek Errusiaren jarrera deitoratu du, eta hari egotzi dio Karabakh Garaiko egoeraren ardura. Lehen ministroaren esanetan, Erevanen egungo segurtasun aliantzak «ez dira eraginkorrak», eta aldaketak ezinbestekoak dira. Ildo horretan, parlamentuari dei egin dio datorren astean egitekoa duen saioan Armenia Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide bihurtzera. Auzitegi horrek atxilotze agindu bat igorria du Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurka, Ukrainako gerragatik gizateriaren kontrako krimen arduradun izatea egotzita.

Kremlinek ohartarazi du Armeniak urrats hori emanez gero, Errusiaren kontrako «muturreko» neurritzat hartuko duela. Moskuk Paxinian kritikatu du bere herrialdea «Mendebaldearen joko geopolitikoaren gatibu bihurtzeagatik», eta Armeniaren eta Errusiaren arteko lotura historikoak apurtzen saiatzeagatik.

Eskualdeko egoera, iraulita

Azerbaijanen joan den asteko erasoak Karabakh Garaiko errealitatea irauli du guztiz. Egun gutxian kanporatu ditu mendeetan —gutxienez K.a. II. mendetik— lurralde horretan gehiengoa izan diren herritar armeniarrak. Armeniar askorentzat, Karabakh Garaia arbasoen etxea da. 30 urteren ondoren, ordea, eremua berriro izango da Azerbaijanen kontrolpean. Karabakh Garaiak aldarrikatzen zuen errepublika desegin egingo da 2024ko urtarrilaren 1ean, buruzagi independentistek iragarri dutenez.

Nazioarteak Azerbaijanen lurraldearen partetzat du Karabakh Garaia, baina azken hiru hamarkadetan independente gisa jardun du, abertzale armeniarren kontrolpean. Orain, Azerbaijanek eta Armeniak eremuaren «integrazioa» negoziatzeko elkarrizketak hasiko dituzte. Paxinian eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea elkarrekin bilduko dira datorren ostegunean, Europako Batasunak Granadan (Espainia) egitekoa duen goi bileran.

Aldi berean, Bakuk Karabakh Garaiko buruzagi independentistak atxilotzen jarraitzen du. David Babaian Atzerri ministro ohia atxilotu zuen atzo, eta preso du Ruben Vardanian gobernuburu izandakoa, asteazkenetik. «Terrorismo» delituak egotzi dizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.