Paxinianen dimisioa eskatu dute, Armeniari «traizio egitea» egotzita

Milaka herritar irten dira kalera Erevanen, lehen ministroaren kargugabetzea exijitzeko. Haserrea adierazi dute, gobernuak ez diolako erantzun Azerbaijanek Karabakh Garaian egindako erasoari

Manifestariak Erevanen, Armeniako Gobernuaren kontrako protestan, herrialdeko bandera batekin. ANATOLI MALTSEV / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Armenian milaka lagun irten dira kalera Nikol Paxinian lehen ministroaren dimisioa eskatzeko, joan den astean, Azerbaijanek Karabakh Garaiaren kontra egindako erasoari erantzunik ez emateagatik. «Traidorea» deitu diote hainbatetan manifestariek. Azerbaijanek eskuratutako eremua armeniarrez hustuta gelditu da ia erabat. Erevanek gaur jakinarazi duenez, 100.000 armeniar baino gehiago hartu ditu, Azerbaijango indarrengandik ihesi joandakoak.

«Gure begien aurrean genozidio bat gertatu da, Errusiako bake indarren presentzian, haren misioa halako zerbait gerta zedila eragoztea bazen ere», salatu du Vazgen Manukian gobernuburu ohi eta oposizioko politikariak manifestarien aurrean, agertokitik. Gaineratu du Mendebaldeak ere ez duela presio egin Azerbaijanen erabakietan eragiteko. Manukianen iritziz, lehen ministroaren jarrera arduragabea da, Azerbaijani gerra deklaratzeko beldur delako, baina ez Errusiari. Ohartarazi du Paxinianek boterean jarraitzeak galera gehiago ekarriko dizkiola Armeniari.

Azerbaijani amore ematea egotzi zion oposizioak Paxiniani 2020an ere, Bakuk sei asteko borroken ostean Karabakh Garaiko lur eremu batzuk eskuratu zituenean. Armeniak eta Azerbaijanek Errusiaren bitartekaritzarekin sinatu zuten bake ituna umiliaziotzat hartu zuten Armeniako sektore zabaletan.

Orain ere berdin gertatu da, Karabakh Garaiko independentisten esku jarraitzen zuten eremu menditsuak eskuratzeko Azerbaijanek hilaren 19an egin zuen erasoarekin. Armeniak ez dio erantzun militarrik eman, eta horrek haserrea zabaldu du herrialdean. Erasoaren hurrengo egunean, borrokak amaitzea adostu zuten Karabakh Garaiko indar independentistek, Erevanen laguntzarik jaso gabe.

Protestak eta istiluak izan ziren sei egunez jarraian Armenian, Paxinianen dimisioa eskatzeko, eta berrehun lagun baino gehiago atxilotu zituen Poliziak. Oposizioak mobilizazioak eten zituen joan den asteartean, Karabakh Garaitik heldutako errefuxiatuentzako laguntza ez oztopatzeko, baina protestari ekin zioten atzo, ostera.

100.000 iheslari

Erevanek atzo jakinarazi zuenez, Karabakh Garaiko ia armeniar guztiek egin dute ihes eskualdetik. Atzo eguerdirako,100.000 herritarrek baino gehiagok gurutzatua zuten Armeniako muga —azken erasoaren aurretik, Karabakh Garaian 120.000 armeniar inguru bizi ziren—. Armeniako Gobernuaren hitzetan, Azerbaijan «garbiketa etnikoa» ari da egiten eskualde hartan, eta han jarraitzen duten armeniarrak arriskuan daude. Bakuk ukatu egin du hori, eta Azerbaijanen «berriz integratzeko» eskatu die herritar armeniarrei.

NBE Nazio Batuen Erakundeak misio humanitario bat bidali du Karabakh Garaira, baina laguntza materialaz gainera, Armeniak babesa eskatu dio NBEren Nazioarteko Justizia Auzitegiari, bermatu dezan Bakuk ez dituela Karabakh Garaiko armeniarrak lekualdatzera behartuko, eta ihes egin dutenek era seguruan itzultzeko baldintzak izango dituztela.

Paxinianek Errusiaren jarrera deitoratu du, eta hari egotzi dio Karabakh Garaiko egoeraren erantzukizuna. Lehen ministroaren esanetan, Erevanen gaur egungo segurtasun aliantzak «ez dira eraginkorrak», eta aldaketak ezinbestekoak dira. Bide horretan, parlamentua deitu du datorren astean egitekoa duen saioan Armenia Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide bihurtzera. Auzitegi horrek atxilotze agindu bat igorria du Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurka, Ukrainako gerragatik gizateriaren kontrako krimenen erantzule izatea egotzita. Kremlinek ohartarazi du Armeniak urrats hori eginez gero Errusiaren kontrako «muturreko» neurritzat hartuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.