Parisko Hitzarmenak bost urte

PAUSO TXIKIAK HELBURU HANDIRAKO

Parisko Hitzarmena sinatu zenetik bost urtera, hobetu egin dira mende amaierarako aurreikuspenak. Horietatik baikorrenen arabera, 2100. urterako 2,1 gradu berotuko litzateke lurrazaleko tenperatura. Horretarako, ordea, sinatu duten estatuek xede zorrotz eta gertukoagoak ezarri behar dizkiete euren buruei.

PAUSO TXIKIAK HELBURU HANDIRAKO.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Estatuburuei ezin zaieleporatu ez dutela ezer egin klima larrialdiari aurre egiteko. Parisko Akordioetatik bost urtera, hura sinatu zuten herrialdeetatik gehienek handitu egin dituzte beren konpromisoak 2030era begira, eta zenbaitek data zehatz bat ere jarri diote karbono neutraltasunari 2060a Txinak eta 2050a Europako Batasunak, Japoniak eta beste hainbat estatuk. Urratsez urrats handituz doaz herrialdeen helburuak, baina pauso txikiak eman dituzte orain arte, eta hitzarmenean zehaztutako helmugak —mende honetan lurrazaleko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez berotzea— urrunegi jarraitzen du. CAT Climate Action Tracker erakundearen arabera, aurten 1,1 egin du gora lurrazaleko tenperaturak, eta gaur egungo politikei eutsiz gero 2100. urterako 2,9 gradukoa izango da berotzea 2015. urtean akordioa sinatu zenean baino 0,7 gradu gutxiagokoa. Ordea, herrialdeek iragarritako konpromisoak betetzen badituzte, 0,3 gutxiago berotuko litzateke tenperatura mendearen amaierarako, eta aurreikuspenik positiboenekin, berriz, 2,1 gradu. Bidearen hasieran baino gertuago dago akordioan jarritako xedea, baina bidea luzea da oraindik, eta urratsak inurrienen parekoak dira.

Mende amaierarako aurreikuspenak hobetu egin diren arren, herrialdeek erregai fosilak erabiltzen eta karbono dioxidoa isurtzen jarraitzen dute. 189 estatuk hitzarmena sinatu zutenetik 53.000 milioi tona CO2 isurtzetik 55.000 milioi tona isurtzera igaro dira, UNEP Ingurumenerako Nazio Batuen Programak jakinarazi duenez. CATen arabera, gehien kutsatzen duten 58 herrialdeek ez dituzte hitzarmena betetzeko beharrezko neurriak hartu. Horien artean Suediak egin ditu urrats gehien, eta Australia, Errusia eta Brasil zerrendako azken tokietan ageri direnak. Horrek guztiak zuzeneko eragina izan du kliman; ondorioetako bat izan da azken sei urteak historiako sei beroenak izan direla, eta baso-suteak, urakanak eta bero boladak ugaritu egin direla nabarmen.

Azken hilabeteetan, hala ere, albiste itxaropentsuak heldu dira munduko bi muturretatik. Batetik, Txinak, Japoniak eta Hego Koreak iragarri dute karbono neutraltasuna lortu asmo dutela mendearen erdirako, eta, bestetik, planetaren beste muturrean, AEBetan, bozak galdu ditu Donald Trumpek, eta Joe Biden presidente hautatuak iragarri du herrialdea hitzarmenera itzuliko dela urtarrilaren 21ean, berak karguaren zina egin eta hurrengo egunean. Buruzagi demokratak, gainera, iragarri du 2035. urterako argindar guztia energia berriztagarrietatik jasoko dutela, eta 2050erako karbono neutraltasuna erdiestea jarriko dutela helburu Bidenek John Kerry izendatu du Klimarako ordezkari berezi, 2016an Estatu idazkari zela Parisko Akordioa sinatu zuen bera. Hala, urtarrilerako, munduko ekonomia nagusiek —isurien %63 eragiten dituztenek— karbono neutraltasuna helburutzat hartuta izango dute.

Bestalde, COVID-19aren pandemiak izan du eraginik klima larrialdian, onerako. Izan ere, itxialdiaren ondorioz, nabarmen murriztu dira aire nahiz errepide bidezko garraioak, eta baita industria moteldu eta batzuetan gelditu ere, mundu osoko isuriak %7 gutxituta. UNEPeko zuzendari Inger Andersenen esanetan, herrialdeek osasun krisia gainditzeko «neurri berdeak» bultzatuko balituzte, bi graduko igoerara gerturatu ahal izango lukete datorren abenduan Glasgown (Eskozia) egitekoa duten goi bilerarako. «Susperraldi berdea sostengatzen badugu, krisia energia berriztagarriak babesteko erabiliz, bestelako testuinguru batean egongo gara urtebete barru».

Bada itxaropenik

Karbono neutraltasunari data jarri dioten herrialde guztiek 120 baino gehiago denera esandakoa betetzen badute, orain arte egindako aurreikuspen positiboena beteko litzateke mendearen amaierarako, hau da, 2,1 gradu berotzea. Erakundeek ez zuten halako aurreikuspenik egin 2009an datuak biltzen hasi zirenetik. Ordu hartan, Kyotoko Protokoloaren baitan onartutako neurriak aintzat hartuta, 3,9ko igoera aurreikusten zuten 2100 urterako.

«Txinak eragin zuen domino efektua, neutraltasunari data jarri zionean», azaldu du Niklas Hohnek, Herbehereetako Wageningen Unibertsitateko irakasleak. «Niretzat, hori izan da Parisko Akordioaren lorpenik handiena. Uste dut orain bi graduko igoera irisgarritzat jotzen dutela askok. Aldiz, lehen, zintzo hitz egin behar badut, inor gutxik sinesten genuen halakorik lortuko genuenik». Zenbait herrialde hasiak dira pandemiak eragindako krisi ekonomikotik irteteko neurriak baliatzen politika berdeagoak sustatzeko. Erresuma Batuak, esaterako, iragarri du datorren urtetik aurrera ez dituela diruz lagunduko atzerrian erregai fosilekin lan egiten duten enpresak. IEA Nazioarteko Energia Agentziak berak, zeinak aurrez kritikak jaso izan dituen isurien aurkako neurririk ez bultzatzeagatik, iragarri du 822 bilioi euroko inbertsioa egingo duela datozen hiru urteetan energia eraginkortasuna eta berriztagarriak bultzatzeko.



Gizarte mugimenduek ere zeresana izan dute agintariak mugiarazteko. Fridays For Future gisako mugimenduak mundu osora zabaldu dira, eta lehen lerrora eraman dituzte klima larrialdiaren inguruko aldarrikapenak. Alde horretatik, kalterako izan da osasun krisia, pandemiaren hilabeterik gogorrenetan bestelako lehentasunek hartu baitute klimaren tokia, eta isildu egin baitira manifestarien oihuak. «Borroka batean bizi izan gara azken urtean, AEBen gisako herrialdeen aurkako borrokan, eta lan horretan laguntza handia izan dira gizarte mugimenduak», onartu zuen duela aste batzuk Remy Riouxek, hitzarmenerako Parisek izendatutako ordezkarietako batek, eta egun Frantziako Garapenerako Agentziako burua denak. «Baina badirudi aro berri batean sartu garela: Europaren itun berri berdearekin, AEBetako hauteskundeekin, eta Txinak irailean iragarritako erabakiarekin...».

Aldaketa ez da bakarrik politikoa izan, baita ekonomikoa ere. IEAk zabaldutako azken datuen arabera, 2015ean hitzarmena sinatu zenetik lehen halako lau dira ibilgailu elektrikoen salmentak, 572.000etik 2,3 milioira. Erregai fosilen eskaria ere gutxituz joan da 2013tik hona, eta, IEAren aurreikuspenen arabera, berriztagarrien erabilerak laster gainditu egingo du erregai fosilena. «2025erako, berriztagarriek sortua izango da mundu osoan kontsumituko den argindarraren zati handiena, ikatzaren bost hamarkadako agintaldia amaituz», azaldu du IEAko buru Fatih Birolek.

Denak ez dira horren baikorrak. Abenduaren 12an, Erresuma Batuak, Frantziak eta NBE Nazio Batuen erakundeak antolatutako goi bileran ez ziren lortu NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek espero zituen emaitzak: «Herrialde aberatsek pandemiak eragindako krisitik suspertzeko sortutako funtsen ia erdia erregai fosiletara bideratu dituzte. Egia da 38 herrialdek ezarri dutela klima larrialdia, baina beste asko dira oraindik urrats hori egin ez dutenak». Goi bileraren amaieran, Guterresek ohartarazi zuen etorkizuneko belaunaldiek «utzitako» dirua dela krisitik irteteko erabiltzen ari direna. «Ezin dugu diru hori erabili etorkizuneko belaunaldiei planeta suntsitu bat eta zorrak besterik utziko ez dizkieten politikak bultzatzeko».

Azken goi bilera horretan helburu berririk aurkeztu ez duenetako bat izan da Australia. Estatu hori da ikatz eta gas esportatzaile nagusia, baita munduko isurien %3,6ren erantzulea ere. Alabaina, klima larrialdiak eragindako aldaketek gogorren jo dituztenetako bat ere bada; izan ere, azken urteetan nabarmen luzatu dira han bero boladak, eta ugaritu baso-suteak. Esportazioak kontuan harturik, Australiako herritar bakoitzak sortzen duen kutsaduran oinarrituz gero, AEBetan bizi diren herritarrek baino lau aldiz CO2 gehiago isurtzen dute australiarrek. Scott Morrison lehen ministroa, ordea, ez da mendebaldeko buruzagi gehienen soka berekoa, AEBetako presidente Donald Trumpengandik gertuago dago. Esaterako, azken suteen ondoren, kritika gogorrak jaso zituen, klima larrialdiari garrantzia kentzeagatik.

Parisko Akordioaren sinatzaile gisa, Morrisonek iragarri zuen 2030erako %26 eta %28 artean murriztuko zituela isuriak. Baina, azken datuen arabera, egungo politikak aldatu ezean murrizketa ez da izango %16 baino handiagoa. CATeko kide Bill Hareren esanetan, aurreikuspenek argi uzten dute Canberrak huts egingo duela «oso errazak» beharko luketen helburuetan: «Ez dute neurririk hartu ibilgailu elektrikoak arautzeko, ezta autoen gas isuriak kontrolatzeko ere, eta are gutxiago energia eraginkortasuna hobetzeko. Lotsagarria da».

Arrakalak

Askok, Txinak bezala, epe luzerako helburu handiak jarri dituzte, baina horiek lortzeko bitarteko urratsak zehaztu gabe. Azken goi bileran espero zen Pekinek karbono neutraltasunerako neurriak jakinaraziko zituela, baina ez zen halakorik gertatu. Xi Jinping presidenteak 2030erako konpromiso gehiago iragarri zituen arren, bertan bildutako adituetako askorentzat motz geratu ziren iragarpenok. Goi bilera hartan 24 herrialdek ezarri zuten helburu gisa karbono neutraltasuna, eta beste hogeik egitasmoak iragarri zituzten klima aldaketari aurre egiteko.

Adituek esana dute, ordea, karbono dioxidoek atmosferan jarraitzen dutela isuri eta mende batera. Horrek esan nahi du duela ehun urte isuritako gasek airean jarraitzen dutela. Hala, aditu askok uste dute herrialdeen urteotako ahaleginak ez duela lortuko datozen hamarkadetan tenperatura 1,5 gradu baino gutxiago berotzea. Bide beretik, oinarrizkoa da mendearen erdirako isuriak eten asmo dituzten herrialdeek horretarako urratsak orain zehaztea, baldin eta xedeak beteko badituzte. Neurri horietako asko goi bileran iragartzekoak zituzten NBEko estatu kideek, baina hainbatek atzeratu dituzte, osasun krisia argudio gisa erabilita. Hori dela eta, Nazio Batuen Erakundeak iragarri zuen xedeak jakinarazteko epeak luzatuko dituela.

Dena den, azken jauzi bat geratzen zaie oraindik egiteko: iragarritako neurriak indarrean jartzea. Climate Action Tracker gobernuz kanpoko erakundearen arabera, akordioa sinatu zuten herrialdeetatik Maroko da 1,5 graduko igoera bermatuko lukeen bakarrenetakoa Rabatek uztailean iragarri zituen klima larrialdia moteltzeko azken neurriak. Herrialde hartan ere zuzeneko eragina izan du pandemiak, nahiz eta lehen kasuak azkar atzeman izanak eta itxialdia ezarri izanak gutxitu egin duen haren eragina. Turismoaren beherakadak garraio kutsadura gutxitzea eragin du, eta horrek isuriek behera egitea: berotegi gasak %5 eta %10 artean gutxitu dira herrialde hartan, 2019ko datuekin alderatuta. Ordea, gaur egun Marokok ez du oraindik epe luzerako helbururik aurkeztu.

Era batera edo bestera, Erresuma Batuko Meteorologia Agentziak dagoeneko aurreratu du datorren urtea azkenotako sei beroenen artean egongo dela, eta tenperaturak gradu bat inguru egingo dutela gora industria aurreko mailekin alderatuta. Datuak biltzen hasi zirenetik 2016a izan da orain arteko urterik beroena, eta azken biak bigarren tokian geratuko lirateke. Datorren hau, berriz, apur bat freskoagoa izango da, La Niña deritzon fenomenoagatik, zeinak itsas azaleko tenperatura jaitsi ohi duen, baina jaitsiera hori ez da izango aurreko urteetan bezain nabarmena, adituen arabera. «Fenomeno bera izan genuen beste urte batzuekin alderatuta, adibidez 2011 eta 2000, tenperaturak epelagoak izango dira, berotegi gasen ondorioz», azaldu du Meteorologia Agentziako kide Adam Sacaifek.

Fenomeno horrek eragindako tenperaturen azken beherakada handia 1999. eta 2000. urteen artekoa izan zen, eta geroztik 0,4 gradu berotu da. «El Niño eta La Niña fenomenoak erabakigarriak izan ohi dira lurrazaleko tenperaturak aurreikusteko garaian, baina berotegi gasek ezerezean utzi dituzte haien ondorioak», zehaztu du Sacaifek.

Climate Transparency erakundeak zehazten ditu tenperaturaren gorakada eteteko eman beharreko pausoak: erregai fosiletarako laguntzak amaitzea 2025erako; ibilgailuen karbono isuriak murriztea G20ko herrialdeek ez dute zehaztu epe luzerako egitasmorik garraio astunari alternatiba berdeagoak aurkitzeko; garapena eta eraginkortasuna bultzatzea industriaren isuriak eteteko Italiak, Japoniak, Indiak eta Alemaniak aurkeztu dituzte industriarako energia eraginkortasunerako planak; eta basogabetzeak amaitzeko epe luzerako helburuak jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.