Danimarkako Poliziak Paul Watson ekologista atxilotu du, Groenlandian

Gidatzen ari zen itsasontziari erregaia botatzeko geratu zen Nuuken, Groenlandiako hiriburuan, eta zain zituen dozena bat polizia agente.

ALEMANIA SEA SHEPHERD
Paul Watson, artxiboko irudi batean. EMILY WABITSCH / EFE.
inaut matauko rada
2024ko uztailaren 22a
14:50
Entzun

Danimarkako Poliziak Paul Watson ekologista atxilotu zuen atzo Nuuken, Groenlandiako hiriburuan, gidatzen zuen itsasontzia porturatu eta berehala. Captain Paul Watson fundazioaren sortzailea eta burua Ipar-mendebaldeko pasaiara bidean zen, ozeano Atlantikoa eta Barea Kanada iparraldetik lotzen dituen itsaso zatira, fundazioak berak azaldu duen moduan. Antza, Japoniak eskatu du Watson atxilotzeko, Japoniako balea arrantzaleen aurka aurrez egindako matxinada ekintzen harira.

Oraingoan ere hori zen Watsonen itsasontziaren misioa: fundazioak prentsa ohar baten bidez azaldutakoaren arabera, Japoniak eraiki berri duen balea arrantzarako itsasontzi berri baten aurka egiteko asmoa zuten. Kangei Maru operazioa izena jarri diote ekintzari, izen hori bera baitu ontziak, baina atxiloketak zapuztu egin ditu fundazioaren asmoak. Azaldu dutenaren arabera, 2014an Nazioarteko Justizia Auzitegiak legez kontrakotzat jo zuen baleak arrantzatzeko Japoniaren programa.

Groenlandian erregaia botatzeko asmoa zuten Watsonek eta ontzian zihoazen beste 25 boluntarioek, baina zain zituzten dozena bat polizia agente. Fundazioaren arabera, atzotik atxilotuta dago Watson, eta ezin izan dute harekin harremanetan jarri.

Greenpeacetik itsasora

Watson Greenpeace elkarte ezagunaren sortzaileetako bat izan zen, eta talde ekologista horren hainbat itsasontzitako kapitaina. Hala ere, 1977an elkartetik botatzeko erabakia hartu zuen Greenpeaceren zuzendarien batzarrak, aldeko 11 boto eta aurkako batekin. Watson kritiko zen elkartea hartzen ari zen jarrerarekin, bera ekintza zuzenaren aldekoagoa baitzen. Hala, itsas txakurren eta baleen kontserbazioaren alde borrokan jarraitu zuen Watsonek, Sea Shepherd Conservation Society elkartea sortuta, baina azken horretatik ere bota egin zuten 2022an, eta bere izena duen taldea sortu zuen; azaldu zuen elkarteak bere izena badu zailagoa dela norbait «infiltratzea eta elkartea bere egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.