Mariana Mangini. Manuela Ramos mugimenduko kidea

«Patriarkatuaren irudi dira gure lurrak okupatu zituzten gizon haiek»

Ipar hemisferioko lan akademikoetatik harago, Hego Amerikan diskurtso feminista indartsuak sortu direla nabarmendu du Manginik. Feminismoa «behar kolektiboetatik» abiatuta eraikitzera deitu du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lide Iraola.
Bilbo
2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Behin «feminismoaren olatua» hartuta bertatik ateratzea zaila dela uste du Mariana Manginik (Lima, 1993), Peruko Manuela Ramos mugimendu feministako kideak. Duela bost urte hasi zen taldean, lehenik boluntario moduan, eta gero lanean. Berriki Euskal Herrian izan da, InteRed erakundearekin elkarlanean dabiltzalako Perun. Sinetsita dago herritarrek elkarrengandik ikasteko asko dutela.

Zer da patriarkatua?

Patriarkatua da menperakuntzazko sistema bat, emakumeari libre bizitzen uzten ez diona. Hein batean, kolonialismoak ekarri zuen gure lurretara. Niretzat, patriarkatuaren irudi dira gure lurrak okupatu zituzten gizon haiek. Haiekin ekarri zituzten, halaber, kapitalismoa, kristautasuna… Aurretik ere egongo ziren hemen kultura patriarkalak. Baina bazeuden berdintasunean bizi ziren kulturak ere. Zaila da jakitea nola eraiki zen sistema hau, baina garrantzitsua da aztertzea zerk erreproduzitzen duen.

Zer eragiten du sistemak berak?

Mundua zapalkuntzazko egiturez osatuta dago, eta elkarren sostengu dira. Perun, esaterako, estatua oso zentralista da, eta ahaztuak ditu eremu periferikoak; beraz, pentsa bertako emakumeak. Liman biltzen da ia botere guztia, eta handik kanpo baliabideak urriak dira. Landa eremuetako eskoletan ez dago higienea bermaturik. Hortaz, ohikoa da neskek eskolara joateari uztea hilekoa izan ondoren.

Horrez gain, eremuotan ez dago genero indarkeriaren ikuskapenik. Bortxaketak, adibidez, ugariak dira, eta datuak, ikusezinak; hortaz, normalizatuta daude.

Manuela Ramos mugimenduko kide zara. Zertan datza zuen lana?

Hamaika proiektu ditugu, txikiak eta handiak. Peruko bederatzi eskualdetan esku hartzen dugu. Oso kontuan dugu kultura askotako herrialdea dela, eta estrategiak lurralde bakoitzera egokitu behar direla. Horretarako, ezinbestekoa da entzuten ikastea. Bertako emakumeek asko dute irakasteko.

Bestalde, mugimenduaren proiektu nagusietako bat Credimujer da. Emakumeak ekonomikoki ahalduntzea du helburu, eta, horretarako, kredituak ematen dizkiegu banku komunalen parte direnei. Bestela, oso zaila izaten dute halakorik lortzea, eta zer esanik ez proiektua sortu zenean, duela 30 urte. Ekonomikoki independente izateak errazten du, halaber, etxetik alde egin ahal izatea genero indarkeria kasuetan.

Nor da Manuela Ramos?

Manuela Ramos ez zen pertsona publiko bat izan. Emakume anonimo bat zen, hain justu halakoei eman nahi zietelako balioa: espazio publikoan lekurik izan ez duten emakumeei. 1978an, zazpi andrek sortu zuten taldea. Garai hartan alderdi politiko baten parte ziren, baina gizonek bigarren mailan uzten zituzten. Euren aldetik joatea erabaki zuten orduan.

Euskal Herrira InteRed erakundearen eskutik etorri zara.

Bai, duela hamabost urtetik elkarlanean gabiltza. Aurten, Bizkaia eta Puno [Peru] lurraldeetako emakume politikariak ahalduntzeko proiektu bat jarri dugu abian. Jazarpen politikoa salatu eta hura desagerrarazi nahi dugu,emakume izateagatik instituzioetan gutxietsiak izan ez daitezen.

Aukera ere bada elkarri ikuspuntuen berri emateko.

Bai, noski. Feminismoak asko eta asko dira. Ikusmolde bakoitza testuingurura egokitu behar da. Beraz, Euskal Herrian eta Perun ez dugu lan bera egiteko. Baina elkar entzuten ikasi behar dugu. Esango nuke Hego Amerikan sortu diren mugimenduak intuiziozkoak izan direla; alegia, praktikatik teoriara jo dugula gehiago.

Esaterako, guk feminismo komunitarioa defendatzen dugu. Eskubide indibidualak baztertzen ditugu, eta behar kolektiboetatik eraiki nahi dugu. Horrek eskatzen du auzoaren parte sentitzea, eta elkarrekin borroka egitea. Balioa eman nahi diegu sentitzeari eta ekiteari.

Hala ere, ez dut esan nahi teoria beharrezkoa ez denik. Jakin behar dugu zein diren gure erreferenteak, eta zer pentsatu eta egin zuten. Gehienbat Ipar hemisferioko feminismoetako akademia zabaldu den arren, Hego Amerikan ere eraiki dira diskurtso indartsuak.

Irailaren 28an mobilizazioak izan ziren Perun abortu seguruaren alde. Zein da errealitatea orain?

Abortu terapeutikoa deritzona baimentzen du legeak; hau da, emakumearen osasun fisiko eta mentala arriskuan dagoenean. Baina estatuak jaso ditu isunak horrelako kasuetan ere abortatzeko eskubidea ukatzeagatik.

Lege proiektu bat abian da bortxaketa kasuetan haurdunaldia eten ahal izateko, baina Kongresu kontserbadorearekin prozesua geldirik dago. Duela pare bat aste 13 urteko neska bat hil zen erditu ostean. Horrek ikusarazten digu nola ari diren derrigortzen neska gazteak erditzera. Eta hori tortura da: lau aldiz arrisku handiagoa dute hiltzeko, eta gainera, haurdunaldi horiek bortxaketak izan ohi dira.

Nola bizi duzu aktibismoa?

Ia nire bizitza osoa hartzen du. Horretan gabiltzanok etengabeko dekonstrukziora kondenatuta gaude [barrez]. Baina, elkarrekin hausnartzeko zortea dugu. Gainera, taldean lan egiteak itzuli dizkit maitasuna eta goxotasuna. Hori ere kentzen baitigute, etengabe kontraerasoan bizi behar dugulako. Gu ere gizakiak gara, eta ez harrizkoak, askotan ahaztu egiten zaigun arren.

Feminista batzuk ez daude gobernuz kanpoko erakundeen alde, bide instituzionalak hartzea ekartzen duelako askotan. Eta normala da, instituzioetatik bazterkeria besterik ez dutelako jaso. Baina nire kasuan harro nago Manuela izateaz. Erakunde aitzindaria da Perun, eta feminismoaren mugimendu erraldoiaren parte da. Horregatik, txiki sentitzen naiz askotan, baina aldi berean barrua beteta, zerbait hain indartsuaren parte sentitzean.

Zein helburu dituzue epe motzera begira?

Egungo gobernu kontserbadorearekin, desagerturik behar luketen ideiak berrindartzen ari dira. Herritar asko mobilizatzeko prest daude, baina gobernua edozer egiteko prest dago protestak desagerrarazteko. Izugarria izan da Poliziaren errepresioa.

Hedabideek nabarmendu dute Dina Boluarte lehen emakumezko presidentea dela, baina guk ez dugu onartzen; lehen emakumezko diktadorea da. Eta demokraziarentzat txarra den guztia emakumeentzat ere bada. Komeni zaionean, diskurtso feministak baliatzen ditu, beste argudiorik ez duenean. Baina ez du konpromiso errealik.

Ez dira garai onenak, baina ez diegu nahi dutena egiteko bidea erraztuko. Mobilizatzen jarraitzea tokatzen zaigu, eta batez ere elkar zaindu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.