Patagoniako grebalarien sarraskia auzitara, egiaren alde

1920 eta 1922 bitartean 1.500 langile hil zituzten Argentinako Patagonian, 'Patagonia matxinoa' izeneko gertakarietan. Orain, ikerketa bat abiarazi dute estatu erantzukizunak eta erantzukizun zibilak eskatzeko.

1920ko greban parte hartu zuten peoietako batzuk. Ondoren, fusilatu egin zituzten. MEMORIAREN ARTXIBO NAZIONALA.
1920ko greban parte hartu zuten peoietako batzuk. Ondoren, fusilatu egin zituzten. MEMORIAREN ARTXIBO NAZIONALA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2024ko azaroaren 28a
05:05
Entzun

1920 eta 1922 artean, landa eremuko 1.500 langile hil zituzten Argentinan, Patagonia Matxinoa altxamenduaren inguruan izandako fusilamenduetan. Orain, mende pasatxo igaro dela, frogak bildu dituzte ikerketa penal batean, egia argitzeko epaiketa bat egin eta biktimei, haien familiei eta gizarte osoari duintasuna itzultzeko. Sarraskiaren nondik norakoak zehaztuko badira, ezinbestekoak izango dira historialarien, artxibozainen eta ahaideen testigantzak.

1920an eta 1921ean, langileen kontrako sarraski bat izan zen Argentinako Patagonian, haiek zenbait greba antolatu zituztenean lan baldintza hobeak eskatzeko. Greba haiek langile sozialistek eta anarkistek antolatu zituzten, Europako immigranteen ideietatik edanda. Lur jabeek ezarritako baldintza ezin txarragoetan lan egin behar zuten, esklaboen pare ia.

Askoren esanetan, 1920ko irailean lehertu zen dena: Antonio Soto El Gallego anarkistak zuzendurik, Rio Gallegosko Langileen Elkarteak baimena eskatu zuen Francisco Ferrer pedagogo katalanari omenaldia egiteko. Ezezkoa eman zioten, ordea, eta bortxaz sartu zitzaizkien elkartearen lokalean. Langileek protestaka ekin zioten horren kontra.

Hori ikusita, orduko presidente Hipolito Irigoyenek estatuaren segurtasun indarrak bidali zituen gatazka deuseztatzera. Armadak eta jendarmeriak esku hartu zuten, Liga Patriotikoa indar paramilitarrarekin batera, eta peoiei jazarri eta eraso zieten: batzuk torturatu eta hil egin zituzten, eta hobi komunetan lurperatu. Hori guztia ez zen inoiz ikertu. Handik urtebetera, Kurt Wilckens anarkista alemaniarrak Hector Varela teniente koronela hil zuen, sarraskiaren erantzulea.

Osvaldo Bayer idazle eta kazetari anarkistak xehe-xehe ikertu zituen gertakari guztiok, eta La Patagonia Rebelde liburuan argitaratu. Duela aste batzuk, Bayerren seme Estebanek ikerketa penalean deklaratu, eta argitaratu gabeko dokumentazioa eraman zuen aitaren artxibotik.

Napalpiko sarraskian gertatu zen bezala (1924), orain ere estatuaren erantzukizunak eta erantzukizun zibilak argitu nahian dabiltza, erreparazio historikoa jomugan. Azken berrogei urteetako prozesu juridikoak ikusirik, komunitate indigena batzuek adore hartu dute memoriaren, egiaren eta justiziaren aldeko beren prozesuak abiarazteko. Egiaren Aldeko Epaiketak ondorio penalik gabeko prozedura judizialak dira, Argentinan hemezortzi urtez eginak. Izan ere, ez dute modurik izan gizadiaren aurka azken diktaduran egindako krimenen erantzuleak zigortzeko, inpunitate osoa ematen baitzieten Zor den Obedientziaren Legeak, Puntu eta Amaierako Legeak eta Indultuaren Legeak. 

«Estatuak bere gain hartu behar du dagokion erantzukizuna, baina kongresuak ere halaxe egin behar du»

ESTEBAN BAYERIkerketan deklaratu du

Gertakari haiek genozidio gisa iker zitezela eskatu zuen Giza Eskubideen Santa Cruzko Idazkaritzak, eta 2023ko uztailean jaso zituzten lehen testigantzak. Amalia Carrizo izan zen lekuko nagusia: Alejo Lopez peoia zuen aitona, eta armadak fusilatu zuen 1921eko abenduaren 22an.

Aurrekoan Esteban Bayerrek eman zuen lekukotza, aitaren izenean, Osvaldo Bayer 2018an hil baitzen. Harrezkeroztik, Esteban arduratzen da aitaren artxiboa zaintzeaz. «Fiskalari esan nion aitak egon behar zukeela han eserita, deklaratzen, hark ikertu baitzituen gertakariak; zoritxarrez, ez dago gurekin. Justizia berandu dabil, baina iritsiko da: krimena ondo dokumentatuta dago, eta gizadiaren aurkako delitua izan zela onartu beharko dute».

Oinarri zibilari deia

Estebanek aitaren dokumentu sorta bat eman zion Caleta Oliviako fiskaltzari (Santa Cruz probintzia). Haren aitak ezin izan zituen denak liburuan argitaratu, ez zuelako toki nahikorik. Agiri horietaz gain, informazio gehiago ere eman zion Estebanek fiskaltzari: hain zuzen, Osvaldok eskuratutakoa zen informazio hori, ikerketa egin bitartean oraindik ere bizirik zeuden zenbait protagonistak emana, hala nola militar batzuek emana.

(ID_14424036) PATAGONIA. ARGENTINA.
Liga Patriotikoa indar paramilitarretako kide batzuk, 1920 inguruan. MEMORIAREN ARTXIBO NAZIONALA.

Isabel Sotok ere deklaratu zuen, Soto sindikalistaren alabak. Isabelen esanetan, Osvaldo Bayerren bitartez jakin zuen zer-nolako garrantzia izan zuen bere aitak Patagoniako gertakarietan. 1920ko abenduaren 20an, landa aldeko peoiek greba amaitzeko asmoa agertu zutenean, zera erabaki zuen Sotok: «Ni ez naiz txakurrentzako jana izango, ez dut amore emango». Eta mendialdera jo zuen. Atzetik zituen militarrengandik ihesi, Punta Arenasera joan, Txilera, eta hantxe bizi izan zen familiarekin batera, 1963an hil zen arte. «Zauriak irekita daude oraindik. Ihes egindako langileen familiek ez zuten desagertutako ahaideen berririk izan sekula, eta ezin izan zuten dolua behar bezala egin», kontatu du Isabelek Punta Arenasen. «Deklaratu ondoren, iruditzen zait auziaren muinera iritsi nahi duela fiskalak; beraz, badut hala izango den esperantza», adierazi du, lekukotasuna eman zuenetik hiru aste baino igaro ez direla. «Gizadiaren aurkako krimenak izan zirela onartzen badute, lasaiago geratuko gara; ehun urte pasatu badira ere, justizia egin nahi dugu».

Esteban Bayerren ustez, diktaduraren oinarri zibilak ere bere gain hartu behar du erantzukizuna. «Estatuak bere gain hartu behar du dagokion erantzukizuna, baina kongresuak ere halaxe egin behar du. Ez zuen ikertu gertatutakoa, kongresukide sozialistek ikertzeko eskatu zioten arren», adierazi du. «Instituzio zibilek ere parte hartu zuten sarraskian: Argentinako Landa Elkarteak jendea seinalatzen zien poliziei eta militarrei».

Santa Cruzko senatari Ana Maria Iannik (Denon Frontea) bere gain hartu zuen gertakariak ikertzeko ardura, bere probintzian gertatu baitzen sarraskia. Gainera, berariazko ikerketa sustatu, eta, zibilekin eta enpresariekin lankidetzan, proiektuak aurkeztu zituen bai Argentinako Senatuan eta bai probintziako organo legegilean, onar dezaten 1921ean eta 1922an egindako exekuzioak gizadiaren aurkako krimenak izan zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.