AEBetako migrazio politikak. Costa Rica.

Paso Canoas, AEBetara doan migratzailearen etxe eta espetxe

Egunean 4.000 migratzaile inguru iristen dira Costa Ricako Paso Canoas herrira. AEBetarako bidean autobus txartela ordaintzeko dirua bildu arte, 20.000 biztanleko herrixka horretan gelditzen dira milaka migratzaile, ez aurrera, ez atzera.

-FOTODELDÍA-  COSTA RICA CRISIS MIGRATORIA
Migratzaileak Paso Canoasko aterpetxe batean, Costa Rican, iragan irailean. MARCELINO ROSARIO/EFE
maddi iztueta olano
Bilbo
2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Ez da kasualitatea AEB Ameriketako Estatu Batuek Costa Ricarekin egin izana migrazioa eta asilo eskaerak kudeatzeko akordioa. Iparralderantz jarraitu aurretik, han pilatzen dira milaka migratzaile, ibilbidea Hego Amerikan hasita Dariengo oihana —Kolonbiaren eta Panamaren artean dago— gurutzatu ondoren. Costa Ricako Gobernuak emandako datuen arabera, aurten 415.000 pertsonak baino gehiagok zeharkatu dute oihan hori, eta egunean 3.000 eta 4.000 migratzaile artean iristen dira Paso Canoas herrira; Costa Ricaren eta Panamaren arteko mugan dago.

Paso Canoasek apenas dituen 20.000 biztanle. Migratzaileen etengabeko iritsieraren ondorioz «kolapsatzear» dagoela dio Costa Ricako jesuiten erakundeko zuzendari Karina Fonsecak —Bilbon egon zen azaroaren bukaeran, Alboan erakundeak gonbidatuta—. Hainbat aterpetxe eraiki dituzte herrian, eta, Fonsecak azaldu duenez, migratzaileak hiru eta bost egun artean gelditzen dira horietan. Halere, egunetik egunera, gero eta handiagoa da herritarren eta migratzaileen arteko tentsioa.

Migratzaileen iritsiera masiboaren harira, Costa Ricako presidente Rodrigo Chavesek larrialdi egoera ezarri zuen urriaren 6an. Migrazioagatik larrialdi egoera ezartzeak modua ematen dio gobernuari diru gehiago bideratzeko mugetako kontrolguneetarako edo krisiaren irtenbide baterako. Oraingoz, autobus zerbitzu bat jarri dute Paso Canoasen dauden migratzaileak iparraldera eramateko, Nikaraguako mugara.

«Larrialdi egoera gehiago da kontrola eta migratzaileen joan-etorriak ahalik eta azkarren kudeatu nahia, pertsona horien segurtasuna bermatzeko saioa baino».

 KARINA FONSECACosta Ricako jesuiten erakundeko zuzendaria.

Egunean 30 autobus irteten dira handik, eta 55 pertsonarentzat dago tokia horietako bakoitzean. Zerbitzuaren xedea da migratzaileak ahalik eta azkarren Nicaraguara eramatea, Paso Canoasen jendea pilatu ez dadin. Baina traba handi bat dauka plan horrek: autobuserako txartel bakoitzak 30 euro balio du, eta askok ez daukate hori ordaintzeko nahikoa dirurik, ibilbidea adingabeekin egiten duten migratzaileek batez ere.

Fonsecak azaldu duenez, milaka pertsonak egunak ematen dituzte mugan, kale salmentaren bidez txanpon apur batzuk bilduz. Egunak, asteak eta hilabeteak zain egoteaz aspertzen direnek oinez jarraitzen dute, eta beste batzuk Costa Rican gelditzen dira azkenean, ez aurrera eta ez atzera.

Egoera zaurgarrian

Kopurutik harago doa Costa Ricako migrazio krisia, migratzaileak «oso zaurgarri» iristen baitira Paso Canoasera. Ibilbidearen hainbat arrisku azaldu ditu Fonsecak: «Dariengo oihana gurutzatuz etortzen dira gehienak. Bi motatako arriskuak ditu ibilbide horrek: batetik, ekosistemari dagozkionak, hala nola animalia basatiak, euriteak, oinarrizko janariaren eta edateko uraren gabezia…; bestetik, migratzaileen kontura aberasten ari dira talde kriminalak, eta gero eta presentzia handiagoa dute oihanean, bai narkotrafikoan aritzen direnak, bai giza trafikoan aritzen direnak».

Emakumeen kasuan, larritu egiten dira arriskuak. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak emandako datuen arabera, urtarriletik hona sexu indarkeria jasan duten 397 emakume migratzaile artatu behar izan dituzte Panaman, baita hainbat haur ere. «Edozein gizon izan liteke erasotzailea: mugetako postuetan dauden poliziak eta militarrak, Dariengo oihanean zehar dauden talde kriminaletako kideak, baita migratzaileentzako zentroetan dauden arduradunak ere», jakinarazi du Fonsecak. 

Venezuelatik ihes egindakoak dira Costa Ricara heltzen diren migratzaileen %70 inguru. Dena dela, gero eta etorkin gehiago iristen dira Haititik, Afrikatik eta Asiatik. «Uste dute errazagoa dela Erdialdeko Amerikatik AEBetara sartzen saiatzea, Mediterraneotik Europara baino. Izan ere, Europako herrialdeek gero eta gehiago kontrolatzen dituzte kanpoko mugak, eta neurri zorrotzagoak hartzen ari dira», esplikatu du Fonsecak.

Begiratzeko moduak

Bi hilabete pasatxo dira Costa Rican migrazioagatik larrialdi egoera indarrean jarri zutela, eta, krisia konpontzeko denbora gutxi izanagatik ere, «ezerk ez du hobera egin», Fonsecaren arabera. Ekintzaileak iritzi dio horretarako errotik aldatu behar litzatekeela migrazio krisiei begiratzeko modua. «Larrialdi egoera gehiago da kontrola eta migratzaileen joan-etorriak ahalik eta azkarren kudeatu nahia, pertsona horien segurtasuna bermatzeko saioa baino».

Dena den, Costa Rica ez da halako «irtenbideen» alde lerratzen den estatu bakarra: «Mugen militarizazioa eta sekuritizazioa daude bai Europaren eta bai AEBen migrazio politiken erdigunean». Kontrara, Fonsecak iritzi dio migratzaileen «giza beharrak eta eskubideak» lehenetsi behar lituzketela.

Baina, horretarako, ezinbestekoa litzateke helmugako eta pasaerako herrialdeek ulertzea guztien ardura direla migrazioa eta migratzaileak. «[Costa Ricak ez ezik] AEBek eta Europak ere ulertu behar dute elkarren menpekoak direla migratzaileak eta asilo eskatzaileak, eta euren helmugako herrialdeak. Hori ulertzen eta aitortzen dutenean, aurrerapauso bat izango da, eta, agian, beste era bateko migrazio politikak bultzatuko dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.