LURRAREN BEROTZEA

Joan den urtarrila inoizko beroena izan da, 2024koa baino are beroagoa

Tenperatura anomaliarik handienak Kanadan, Alaskan, Siberian eta Europa ekialdean izan dira. 13,23 gradu zentigradukoa izan da munduko batez besteko tenperatura.

AUSTRALIA HOT WEATHER
Urtarrilaren amaieran bero sapa izan zuten Australiako leku batzuetan. Irudian, Sydney. STEVEN MARKHAM / EFE
inaut matauko rada
2025eko otsailaren 6a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

1991. eta 2000. urteen arteko batez besteko neurketak erreferentzia hartuta, airearen tenperatura ohi baino 0,79 gradu zentigradu beroagoa izan da 2025eko urtarrilean. Hala adierazi du Europako Batzordearen Copernicus zerbitzuak, lortutako datuei esker, eta, gehitu duenez, erregistroak daudenetik izandako urtarrilik beroena izan da aurtengoa. Industria Iraultzaren aurreko datuekin alderatuta, 1,75 gradu zentigradu berotu da airearen tenperatura. Uraren tenperatura, berriz, 20,78 gradukoa izan da, baina horrek ez du 2024ko urtarrilekoa gainditu.

Iazko urtarrila ere inoizko beroena izan zen, baina gutxi iraun du, aurtengoak gainditu egin baitu. Lurraren leku bakoitzeko tenperatura anomalia adierazten duen mapa ere zabaldu du Copernicusek, eta deigarria da eremu batzuen eta besteen arteko aldea. Ipar Amerikan dago kontrasterik handiena: Kanadako eta Alaskako eremu batzuetan, tenperatura zazpi gradu baino gehiago berotu da 1991-2020 arteko datuak erreferentzia gisa hartuta; AEBetako gainontzeko estatuetan, berriz, tenperaturak ohi baino hotzagoak izan dira.

datuak

+0,79ºC

Aurtengo urtarrileko tenperatura anomalia zenbatekoa izan den, 1991-2020 garaiarekin alderatuta. Azken 30 urteetako urtarrileko batez besteko tenperaturak erreferentzia gisa hartuta, munduko airea 0,79 gradu zentigradu beroagoa izan da aurtengo urtarrilean.

+1,75ºC

2025eko urtarrileko anomalia zenbatekoa izan den, Industria Iraultzaren aurreko garaiarekin alderatuta. Industria Iraultzaren aurretik dauden erregistroak kontuan hartuta, aurtengo urtarrila ordukoa baino 1,75 gradu zentigradu beroagoa izan da.

+1,61ºC

Azken hamabi hilabeteetako anomalia zenbatekoa izan den, Industria Iraultzaren aurreko garaiarekin alderatuta. Azken hamabi hilabeteak kontuan hartuz gero, Industria Iraultzaren aurreko urteetan baino 1,61 gradu zentigradu beroago egon da mundua.

Afrikak, Hego Amerikak eta Ozeaniak ez dute aldaketa handi-handirik, baina Europan eta Asian ere anomaliak deigarriak dira. Tenperaturak hotzagoak izan dira britainiar uharteetan, Groenlandian, Islandian, Arabiar penintsulan, Pakistanen, Indotxinako penintsulan, eta Errusia iparraldean eta ekialdean, baina Himalaian, Txinan eta Europa ekialdean berotu egin dira. Hala ere, anomaliarik handiena, alde handiz, Siberiaren zati handienean, Kazakhstanen eta Asia erdialdeko beste herrialde batzuetan izan da, airearen tenperatura zazpi gradu baino gehiago berotu baita eremu askotan.

Azken hamabi hilabeteak kontuan hartuta, eta, 1991-2020 erreferentziazko denbora tartearekin alderatuta, munduko tenperatura 0,73 gradu zentigradu berotu da batez beste, eta, Industria Iraultzaren aurreko garaiarekin alderatuta, berriz, 1,61 gradu zentigradu.

'La Niña' eta 'El Niño'

Normalean, urte batean Ozeano Barean —munduko ozeanorik handienean— El Niño fenomenoa sortzen bada, tenperaturak ohi baino beroagoak izaten dira, eta hurrengo urtean La Niña fenomenoa sortzen da, eta tenperaturak behera egin ohi du. Bada, nahiz eta 2024ko urtarrilean El Niño fenomenoa garatu eta aurtengoan La Niña, tenperaturak gora egin du.

Ozeano Barean gertatzen dira bi fenomeno horiek, eta, ozeano horrek planetaren zatirik handiena hartzen duenez —Lurraren %50 da Ozeano Barea—, eragin handia dute mundu osoan. Fenomeno kontrajarriak dira nolabait; labur esanda, normalean El Niño fenomenoa sortzen denean, tenperaturak beroagoak izaten dira; La Niña sortzen denean, aldiz, hotzagoak.

2023. eta 2024. urteen artean El Niño fenomenoa garatu zen, eta horrek areagotu egin zuen Lurraren berotzea. Orain, berriz, La Niña garatu denez, zientzialariek aurreikusten zuten batez besteko tenperatura jaitsi egingo zela, baina kontrakoa gertatu da. Nahiz eta ez den ohikoa, erregistroak daudenetik beste noizbait ere gertatu da halakorik, 1955. eta 1956. urteen artean, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.