Kataluniako prozesu subiranista

Parlamentuak onartu egin du erreferenduma 2017an egitea

Datorren urteko irailean egingo litzateke "beranduenez", Madrilekin adostu ala ez. Junts pel Siren eta CUPen botoekin atera da aurrera proposamena. Catalunya Si que Es Pot abstenitu egin da, eta Ciudadanosek, PSCk eta PPCk uko egin diote bozkatzeari.

2016ko urriaren 6a
09:05
Entzun

Junts pel Si eta CUPen botoei esker, Kataluniako Parlamentuak onartu egin du independentzia erreferenduma egitea 2017ko irailean, "beranduenez", Madrilekin akordioa lortu ala ez. "Galdera bakarra izango luke, argia, eta bi erantzun posible". Gainera, aukera independentistak “bozen %50 baino gehiago" lortuz gero, sei hilabete geroago hauteskunde eratzaileak egingo lirateke Katalunian —beranduenez, 2018ko martxo amaieran—.

Era berean, onartu egin dute aholku eta jarraipen batzorde bana sortzea Kataluniako "prozesu eratzailea" hauspotzeko. Adostutako egutegiaren arabera, jarraipen batzordea Parlamentak eratuko luke "hilabeteko epean", prozesuaren fase ezberdinak babestu eta programa, egutegia eta aurrekontuak definitu eta martxan jartzeko.

Erreferendum proposamena JxSI eta CUPen botoei esker onartu da —62 eta 10, hurrenez hurren—. Ikusteko zegoen Catalunya Si que Es Pot koalizioak hartuko zukeen jarrera; azkenean, ezkerreko konfluentziako hamaika diputatuak abstenitu egin dira bozketan. Halere, CSQPeko iturriek nabarmendu dute ez datozela bat "Governaren alde bakarreko independentziaren bide-orriarekin". CSQPk, gainera, ezetz bozkatu du aholku batzorde bat sortzeari. Ciudadanosek, PSCk eta PPCk uko egin diote prozesu eratzaileari lotutako ebazpen proposamenak bozkatzeari, "auzitegiek bertan behera utzitako ebazpenetan dutelako jatorria".

Parlamenta arratsaldeko lauretan bildu da, politika orokorreko debatean ebazpen proposamenak bozkatzeko. Eguerdian Ciudadanosek, PSCek eta PPCk proposamenak berraztertzeko eskatu diote Parlamentuko Mahaiari, proposamen independentistak Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren irizpideen kontrakoak zirelakoan. Mahaiak argumentuak baztertu ditu, JxSiren eta CSQPren botoekin, eta argi berdea eman du proposamenak eztabaidatuak izan zitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.