Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak baieztatu du bere kudeaketari buruzko konfiantza mozio batera deituko duela abenduaren 16rako, hainbat hedabidek atzo aurreratu bezala. Ezustekorik ezean, Bundestagen, legebiltzarreko behe ganberan egitekoa den bozketa hori galduko du, aurreko astean gobernu koalizioa hautsi eta FDP Alemaniako Alderdi Liberala horretatik irten ondoren Berdeen babesa besterik ez baitu SDP Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak. Kantzilerrak ere badaki hori, eta, horrenbestez, parlamentua desegin beharko dutela. Hori gertatu aurretik, ordea, hainbat lege onartzera deitu du oposizioa, Bundestagen egindako agerraldian.
Otsailaren 23ra aurreratu dituzte hauteskunde federalak —beranduenez irailean egitekoak ziren—, eta, orduan, alderdiak profila areago markatzen hasiak dira. Kaleratutako ia inkesta gehienen arabera, oposizioko indar nagusiak, CDU Batasun Kristau-Demokrata kontserbadoreak, irabaziko ditu bozak, botoen %30-35 irabazita, eta Friedrich Merzek alderdi horren buruzagiak erantzun dio Scholzi ezetz, ez diola lagunduko lege horiek aurrera ateratzeko ahaleginean.
Lankidetzarako deia noiz egin dion leporatu dio Merzek Scholzi, hau da, koalizio gobernua hautsi denean eta behe ganberako gehiengoa galdu duenean. Eta CDUkoak adierazi dio kantzilerrari behin konfiantza mozioa igarota soilik aritu ahal izango direla lankidetzan. Bozak irabazita ere, agintera iristeko aliantzak beharko ditu CDUk. Aintzat hartu behar da Angela Merkel (CDU) buru izan zen azkeneko bi gobernuetan (2013-2018 eta 2018-2021) bi alderdi horiek Koalizio Handia deitutakoa osatu zutela. Hori errepikatzea da aukera bat, zeren Merzek gaur berriro adierazi du ez duela aliantzarik egingo AfD Alemaniarentzako Alternatibarekin; alderdi ultraeskuindar hori, inkestek diotenez, bigarren indarra izango da bozetan.
113Alemaniako zenbat diputatuk eskatu duten AfD legez kanpo uzteko. Alemaniako Parlamentuko 113 diputatuk eskaera bat erregistratu dute gaur, AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdia legez kanpo uzteko eskatuz. Horren berri eman du Der Spiegel astekariak. 736 kide ditu parlamentuak.
Bien bitartean, ikusteko dago ea parlamentuak onartu ahal izango dituen Scholzek aipatutako lege proposamenak. Horiek dira, besteak beste, hazkundea handitzeko ekinbide bat bultzatzea, adingabeentzako mantenu pentsioak handitzea, eta herrialdeko justizia instantzia gorena, hau da, Auzitegi Konstituzionala, babesteko neurriak hartzea.
«Zuzen» jokatu zuen
Behe ganberan gaur egindako osoko bilkura baliatu dute alderdiek kanpaina hasteko, eta Merzek adierazi du, esaterako, Alemaniak politika egiteko «beste modu bat» behar duela, eta hori «guztiz beharrezkoa» dela. CDUkoaren esanetan, kantziler baldin bada, berriz jarriko ditu indarrean klima larrialdiaren inguruan Scholzen gobernuak hartutako neurriak, eta «immigrazioaren kontrolari» helduko dio.
Christian Lindner Finantza ministroa, FDP gobernuko bazkidearen burua, kaleratu zuen Scholzek lehengo astean, eta, automatikoki, koalizioa hautsi zen. Neurri handi batean, horregatik egingo dituzte boz aurreratuak. Erabaki hori justifikatu du gaur kantzilerrak, eta «zuzen» jokatu zuela argudiatu. FDPk eta SDPk desadostasunak dituzte esparru ekonomikoan. Gobernuaren beraren ustez, BPG barne produktu gordina %0,2 jaitsiko da aurten. Liberalek ez zuten gastu publikoa handitu nahi; sozialdemokratek eta Berdeek, aldiz, bai.