Parisko Hitzarmenetik at dira AEBak

Hautagai demokratak edo errepublikanoak irabazi, eragin handia izan dezake horrek hurrengo urteotako klima politiketan. Hautagai demokratak iragarri du irabazten badu berriz lotuko zaiola itunari, kargua hartu eta berehala

Planta fotovoltaiko bat, Floridan. ANA MARGOTTI / EFE.
inaki petxarroman
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Patuaren gorabeherak zer diren, presidentetzarako hauteskundeen biharamunean irten dira AEBak Parisko Hitzarmenetik. 2015ean, COP21eko bileran, munduko 195 herrialdek konpromisoa hartu zuten klima aldaketa eragiten duten berotegi gasen isuriak murrizteko, klima berotzea bi gradutik beherakoa izatea bermatze aldera. Sinatzaileen artean ziren AEBak ere. 2017an, baina, Donald Trumpen administrazioak akordio horretatik irteteko asmoa iragarri zuen. Legezko prozedurek gaur arte atzeratu dute erabaki hori, baina jada ofiziala da: Parisko Hitzarmenak ez du gehiago lotzen Washington. Presidentea nor izango den argitu bitartean, galdera dezente daude mahai gainean.

BIDEN EDO TRUMP

Oraindik ez da jakina Donald Trumpek edo Joe Bidenek irabazi duten Etxe Zurirako lehia. Joe Bidenek iragarria du irabazten badu asmoa duela Parisko Itunera itzultzeko, kargua hartu eta «lehen egunean». Horrek esan nahi du agindu exekutibo bat nahikoa lukeela AEBak akordiora itzularazteko, eta 2021eko otsailerako edo martxorako barruan legoke berriro. Trump irabazlea balitz, jakina, irteteko erabakiari eutsiko lioke, eta ez lituzke indarrean jarri behar Barack Obamakiragarri zituen konpromisoak: %26-28 gutxitzea berotegi gasen isuriak 2025erako, 2005ekoen aldean. Halaber, herrialde pobretuei 100.000 milioi dolar eman behar dizkietenetako bat dira AEBak. Eta, beraz, irten ondoren, ez lukete betebehar hori izango. Bidenabar, 2021etik aurrera, AEBek ezingo lukete esku hartu NBEren Klima Aldaketari Buruzko NBEren Esparru Konbentzioaren (UNFCCC) oinarrizko gaietan, hau da, klima aldaketaren aurkako erabaki nagusietan, ez oinarri zientifikoetan, ezta finantzaketan ere. Alabaina, AEBek jarrai dezakete aldeen goi bileretan parte hartzen.

KUTSATZE EFEKTUAREN BELDUR

AEBak klima larrialdian ardura historiko handiena duten herrialdeetako bat dira. Egun ere, munduak isurtzen dituen berotegi gasen %14 inguru hari dagozkio, eta per capita isurtzailerik handienetako bat da. Oraingoz, 2017an itunetik irteteko egin zuen iragarpenak ez du herrialde askotan eraginik izan. Turkia da AEBen erabakiarekin bat egin duten estatuetako bat, baina adituak beldur dira Brasilen eta beste herrialde batzuetan zer eragin izan dezakeen AEBen erretiratze horrek. Oraingoz, isurtzailerik handienek, Txinak eta Europako Batasunak esaterako, Parisko Hitzarmena beteko dutela iragarri dute. Bereziki garrantzitsua da Pekinen erabakia, isurien %30 hari baitagozkio. Berriki jakinarazi du Txinak 2060a baino lehen erdietsi nahi duela karbono neutraltasuna.

AEB-ETAN BERTAN, ZER ONDORIO IZAN DEZAKE?

Donald Trump erregai fosilen industriaren lobbyaren bultzatzaile izan da azken lau urteotan. Barack Obamak ezarri zuen ingurumen arautegia deuseztatu egin du, erregai fosilen industriaren jarduerari bultzada emateko, neurri handi batean. Obamak onartu zuen Energia Garbiaren Plana baliogabetu du, zeinak zentral elektrikoen isuriak %32 gutxitzea aurreikusten baitzuen, 2005ekoen aldean. Nolanahi ere, gauzak ez dira joan Trumpek iragarri zuen bezala. Ikatzaren industriak ez du eten bere atzerakada —ehun zentral elektriko itxi dira edo ixtear dira—, eta fracking-aren industriak ere kolpe latza hartu du, COVID-19ak garraioan eragindako moteltzearengatik. Hainbat ikerketaren arabera, AEBen CO2 isuriak %12,5 gutxitu ziren 2019rako, 2005ekoen aldean. Eta, gainera, energia berriztagarrien industriak haizea hartu du, bereziki fotovoltaikoak. Gainera, indartu egin da AEBetan bertan deskarbonizazioaren aldeko mugimendua. 25 estatuk, 430 hirik, ehunka unibertsitatek eta enpresak —populazioaren %65 ordezkatzen dute— adierazi dute eutsiko dietela Parisko Hitzarmenak dakartzan deskarbonizazio betebeharrei. Bestalde, Bidenek irabaziko balu ere, ez du garbi azaldu zer konpromiso hartuko lituzkeen Parisko Hitzarmenerako. Bakarrik esan du karbono neutraltasuna erdietsi nahi duela 2050erako. Horretarako, iragarri du bi bilioi dolarreko plan bat onartuko duela, berriztagarriak laguntzeko.

Garraioaren sektorea da bereziki kutsatzailea AEBetan, eta Trumpek irabazteak kalte handia egingo lioke hura elektrifikatzeari. Berotegi gasen isurien %30 dagozkio sektore horri AEBetan —munduan %14 inguru da haren isurien batezbestekoa—, eta Trumpen politikek ez dute laguntzen haren deskarbonizazioan. Bidenek iragarri du plan bat egingo duela sektore horren elektrifikazioa bultzatzeko, isuriei buruzko arau zorrotzagoekin eta milioi erdi kargaleku berri ezarrita. Politika horrek eragina izan lezake, AEBetan ez ezik, haren eragin handia duten Mexikoko eta Kanadako garraio sektoreetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.