Parisko Apelazio Auzitegiak gaur berretsi du duela bi urte Nicolas Sarkozy presidente ohiari ezarritako zigorra. Hiru urteko espetxealdia ezarri diote estatuburu izandakoari, baina haietako bi ez ditu bete beharko. Geratzen den urtebetea ere ez du espetxean igaro beharko; izan ere, auzitegiak etxean egiteko aukera eman dio, eskumuturreko elektronikoarekin. Bismouth auzia esaten diote auzi honi, 2014an jakin baitzuten Frantziako presidente ohiak beste linea bat zuela kontratatua Paul Bismouth izena erabilita; zenbaki hori erabili zuen abokatuarekin gaiari buruz hitz egiteko, akusazioaren arabera. Sarkozyk jada iragarri du Frantziako Kasazio Auzitegira joko duela, erabakia bertan behera uzteko.
Estatuburu ohia 2021eko martxoan zigortu zuten, 2014an —presidentetza utzi eta bi urtera— egindako delitu batengatik. Haren abokatu Thierry Herzogi eta Kasazio Auzitegiko epaile izandako Gilbert Aziberti ere zigor berberak jarri zizkieten. Epaileek frogatutzat jo dute Frantziako presidente ohiak ordu hartan zin egin ziola Aziberti ahal zuena egingo zuela Monakoko postu garrantzitsu bat lor zezan hark, trukean berari buruz sekretupean zegoen informazio bat helarazten bazion; Christine Mee epailearen arabera, «ustelkeria itun bat» egin zutela dioten froga argiak egon dira.
Sarkozyk jakin nahi zuen zertan zen 2007. urteko presidentetza hauteskundeetako kanpainaren ikerketa, finantzaketa irregularrari buruzkoa eta bere kontrakoa. Ustez, garai hartan eskuindarren hautagai izan zenari dirua eman zion Muammar Gaddafi Libiako agintaria zenak.
Auzitegiak zigortuari leporatu dio «[Frantziako] Errepublikako presidente ohiak estatutua eta karguan zegoenean osaturiko harreman politiko eta diplomatikoen sarea erabili izana bere interes pertsonalen zerbitzura izandako epaile bat saritzeko».