Parisek eta Londresek iragarri dute elkarlanean zainduko dutela Calais

Frantziak eta Erresuma Batuak ituna sinatu dute, eurotunelaren «segurtasuna areagotzeko» errefuxiatuengatik.Kontrol egoitza bateratu bat sortu dute, zaintza koordinatzeko

Bernad Cazeneuve eta Theresa May, polizia frantses eta ingelesak agurtzen, Calaisen. IAN LANGSDON / EFE.
2015eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Aste honetan bertan eman du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak 2015eko lehen zazpi hilabeteetan Mediterraneotik Europara heldu diren etorkin eta errefuxiatuen kopurua: 264.500. Datu horrek adierazten du egoeraren premia, batez ere herrialde hartzaileek migratzaileak duten jarrerari dagokionez. Europako Batasuneko herrialde askok, ordea, ez dute jarrera aldatu, Erresuma Batuak kasu. Frantziarekin itun bat sinatu du Calaisko etorkinen «arazoari» aurre egiteko; berriro ere «giza trafikatzaile kriminalei» aurre egiteko aitzakian, eurotunela gotortzen segitu dute.

Calaisko afera aspaldiko kontua da; aurten bertan, 37.000 etorkini eragotzi dietela tunela zeharkatzea, eta errefuxiatuen kanpalekuak urte asko ditu. Gaur egun, 2.000 edo 3.000 migratzaile daude Calaisen Erresuma Batura igarotzeko zain. Baina afera uda honetan bilakatu da mediatikoa eta ikusgarria, eta bistan geratu dira gobernuen jarrera gogorrak.

Theresa May Erresuma Batuko Barne Ministroa, eta Bernard Cazeneuve, Frantziakoa, Calaisen bildu ziren atzo; eurotunela bisitatu, eta han sinatu zuten hitzarmena. Hitzarmenaren helburuak «segurtasuna indartu» eta etorkin eta errefuxiatuek eurotunela zeharkatzea eragozteko neurriak areagotzea da. Bi herrialdeen arteko muga gotortzeko argudioa, lehen EB Europako Batasunak Mediterraneoan egin bezala, «giza trafikatzaileen sareak» dira; Cazeneuvek berak argi aitortu du: «Giza trafikatzaileak, nazioarteko sareak dira, eta jazarri egin behar dira eta atxilotu egin behar ditugu. Muga hau zeharkatu ezin denaren mezu indartsua igorri behar dugu».

Bi herrialdeek elkarrekin koordinatutako kontrol zentral bat egingo dute «talde kriminalen» aurka egiteko. Egoitza Frantziako segurtasun indarrek kudeatuko dute gehienbat, baina kanalaren bestaldeko indarrekin batera, eta koordinatuta lan egingo dute. Horretaz gain, agindu dute zaintza areagotuko dutela tunelaren barnean, eta hesi gehiago eraikiko dituztela.

Neurri horiek aurrez jada indarrean zeudenei erantsi behar zaizkie. Parisek 500 polizia bidali zituen duela hilabete eurotunela zaintzera; 1.300 daude jada. Cazeneuvek esan du «lankidetza eredugarria» bere helburuak betetzen ari dela, etorkin eta errefuxiatuek muga zeharkatu dezaten eragoztea; hori berresteko, saialdiak hamar aldiz murriztu dituztela adierazi du ministro frantsesak. Mayren hitzetan: «Egoerak hobera egin duen arren, lanean segitu behar dugu Calaisera heldu ez daitezen». EBera zabaldu du egoerari aurre egiteko erantzukizuna; kideei eskatu die segurtasuna indartu dezatela, eta Belgikako eta Herbehereetako portuei erreferentzia zuzena egin die. Europako Batzordeak, ordea, «adore kolektiboa» eskatu die «erantzun bateratu» bat eman dezaten.

Erresuma Batuko ministroak Calaisetik urrundu du arazoaren iturburua: «Jatorrizko herrialdeetan elkarlanean jardun behar dugu, ez daitezen saia hona iristen». Baliteke Mayk hitzetan arazoaren gakoa asmatu izana; baina arazoa urrun, herrialde gatazkatsuetan, edo tokiko bertako mugetan egon, esanen bitartean etxea hesiz inguratzen segitzen dute.

Hungarian ere, hesiak

Hungariak ere Frantzia eta Erresuma Batuaren antzera egin du, eta muga zeharkatzea nabarmen zailduko du. Uztailean hasi zen Serbiako mugan hesi bat eraikitzen; orain, «milaka poliziek» osatutako unitateak sortuko dituzte muga zaintzeko, iragarri du Janos Lazar gobernu ministroak. Polizia horiek hegoaldean jardungo dute; aurten, 100.000 migratzaile igaro dira muga horretatik. Gainera, legedia gogortuko dute. Muga modu «ilegalean» zeharkatzea gogorrago zigortuko dute, eta mugako hesia hondatzea lau urte arteko kartzelarekin zigortuko dute. Ministroak, Londresek eta Parisek egin duten bezalaxe, Hungaria «trafikatzaileen erasopean» dagoela esan du erabakia zuritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.